“Sendabelarrek dakitena: ezagutu, bildu eta erabili” liburua, Garbiñe Larrea naturopataren eskutik

Alba Cabrera Jauregi 2022ko urt. 22a, 08:00

Garbiñe Larrea naturopata, Zizurkilgo liburu-aurkezpenean.

“Sendabelarrek dakitena: ezagutu bildu eta erabili” liburua kaleratu berri du Argiarekin elkarlanean Garbiñe Larrea naturopatak. 45 landare amu gisa hartuta, sendabelarren munduan murgildu nahi ditu irakurleak

"Hemendik urte batzuetara, zuen etxeetan, nire liburua zikinduta, marratuta eta tolestuta egotea nahi dut", dio Garbiñe Larrea naturopata urnietarrak. Sendabelarren gaineko liburua kaleratu berri du Argiarekin elkarlanean: “Sendabelarrek dakitena: ezagutu bildu eta erabili”. Izan ere, landareek ba omen dute zer esan, zer erakutsi. Horixe egin du Larreak, belarriak zorroztu eta 45 sendabelarri aditutakoak gida kutsua duen liburu batean bildu. Hori horrela, Zizurkilen aurkeztu zuen bere azken lana, hilaren 14an. Ez zuen soilik liburuaz hitz egin; horrez gain, zortzi sendabelar hautatu zituen idazleak, eta tartea izan zuten entzuleek beren dudak argitzeko. 

Liburua ez da teoria hutsalean oinarritzen, naturopataren esanetan, “sendabelarren aferan, biziki garrantzitsua delako alde praktikoa jorratzea”. Beren loreek, adarrek nahiz sustraiek duten sendatzeko gaitasuna oinarri, gertuko landareetan nahiz hain ezagunak ez direnetan ipini du Larreak begirada, baita arrunt gisa irudikatzen direnetan ere; tartean, asunean, kamamilan eta kalendulan: “Jende askok pentsatzen du sendabelar arruntak ez direla eraginkorrak. Nik, ostera, horietako asko aldarrikatu egiten ditut”. 

Makina bat landarek osatzen dute bilduma, hain justu ere, erabilera anitzeko 45 sendabelarrek, “nahiz eta bazegoen gehiago aukeratzerik”. Zaila egin zaio idazleari aukeraketa egitea, baina tokikotasuna irizpide garrantzitsua izan da berarentzat, sortzez, sustraiak etxean errotuta dituzten landareen alde. “Historikoki, tradizio handia dago gurean, eta inportantea da horiek jasotzea, inork ahaztu ez ditzan”. 

Ezagutu, bildu eta erabili

"Sendabelarrek badakite zer egin, eta gizakiok ez dugu hain harroak izan behar. Bizidun-eskalan, oso maila baxuan kokatzen ditugu. Hormigoiarekin estaltzen saiatzen gara, baina hortxe agertzen dira, beti gora. Askotariko jakintza-mailak daude, eta landareek badute zer esan". Ildo horri eutsita, etxetik atera nahi du Larreak irakurlea, liburua eskuan, inguratzen dituen sendabelarrak ezagutzeko, biltzeko eta erabiltzeko. Ez du nahi ordea, lan zamatsua bilakatzea, “auzolanean egiteko jarduna da. Kolektiboki egiten dira ukenduak; sareak sortzean datza gakoa, elkar trukerako”. 

Nork bere osasunaren gaineko ardura hartzea aldarri ondu du liburua, “ikus dezan bakoitzak nondik abiatu behar duen, zein premiari erantzun nahi dion”. Izan ere, osasuna galtzea oso erraza delakoan da idazlea, “hari txiki bat da”. Hortaz, haren iritziz, eguneroko ezusteko txikietatik hasi, eta sakoneko arazoetara bitarte, sendabelarrak bidelagun aproposak izan daitezke. 

 

_____________________

Liburu-aurkezpenean azaldutako zenbait sendabelar

Motz gelditu zaizkio liburuaren lau ertzak Garbiñe Larreari sendabelarren gainean jarduteko. Honatx horietako batzuk:

  • Birika-belarra. Hosto luzedun landarea da. Bizar takar samarrak ditu, eta zuri koloreko orbanak izan ditzake. Eguzkiak ematen duen tokietan, loreak ere ateratzen zaizkio. Birikak, bronkioak nahiz pleura oso ondo garbitzen eta osatzen duen belarra da, hanturarako oso egokia, baita arnas-bideetan mukirik ez edukitzeko ere. Infusioak edota jarabeak egiteko aproposa da, eztarria goxatzeko, alegia. Bilketa egitean, toki zikinak (errepideen ondoak, esaterako) saihestu behar dira. Bi astean, gutxi gorabehera, ongi lehortzen da, eta ia kontraindikazioarik ez duen landarea da. 
  • Plantilla-belarra.  Liburuan bi mota ageri dira: hosto luzea (arra) eta hosto lodia, zapala zein horizontala (emea). Antzeko aplikazioak dituzte, baina ez berdinak. Hostoaren fibrak nahiz iletxoak azalerako oso lagungarriak dira, berau baretu, goxatu egiten duelako. Muzilago asko dauka, eta lika horrek, azalean pegatzen denean, hidratatu egiten du, baita barruko mintzak ere (eztarrian, adibidez). Tirita asmatu aurretik, zauriak landare honekin sendatzen ziren.  Bizkaia aldean, txorkatilak osatzeko ere erabili ohi dute zenbaitek, benda gisa. Izan ere, azalaren azpiko egituretan, tendoietan, kasu, oso lan ona egiten du. Farmazietan gehien saldu diren lehen bost jarabeek landare hau dute. Autosufizientziari begira, oso aukera erraza da.
  • Malba. Loretan udaberri-uda partean egon ohi den landarea da. Urdaila baretzeko gaitasun handia dauka, muzilagoa medio. Arnas-aparaturako ere asko gomendatzen den landarea da, eta oso segurua da, gainera. Herrialde arabiarretan, landare hau jateko ohitura dago. Errepide kontran egoten zalea da Malba; beraz, aukera dago toki desegoki horretatik atera eta etxeko balkoian, baratzean jartzeko. Lekualdatuz gero, lehen urtean, egokitzen utzi behar zaio landareari, hazten. Bigarren urtetik aurrera erabiltzea da komenigarriena. 
  • Erromeroa. Sendatzeko baliagarria izateaz gain, apaingarri gisa sarri erabiltzen den landarea. Antioxidatzaile gisa, oso ona da: azken boladan, bere printzipio aktiboa asko ari dira isolatzen, farmaziara pasatzeko. Kontraindikazio handi bat dauka, ordea: tentsioa igo egiten du. Bestalde, kanpo-aplikazioan, zirkulazioa hobetzeko oso gomendagarria da, baita ilea indartzeko ere. Esker onekoa da, urte osoan, izotza nahiz elurra egin arren, eutsi egiten diolako bizirik, eta, askotan, loretan. 
  • Txikori-belarra. Landare honetan, guztia da botika, hau da, sustraia, hostoa eta lorea. Giltzurrunak oso ondo garbitzen ditu, modu xume bezain sakonean. Azalean ere mesedegarria da, ezker eta eskubi garbitzen baitu: pankrea, barea, gibela eta behazuna. Tradizioz, Euskal Herrian, bederatzi egunez (ilbeheran) hartzeko ohitura dago, udaberrian edo udazkenean, gorputza gehien desorekatzen den garaia delako.

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!