"Esne ona egiten dugu eta saltokietan merke ikusten duzunean min ematen du"

Irune Alfonso 2022ko mar. 6a, 08:00

Jende askorengana iritsi da Kaikuren iragarkia. Bertan ageri da Ainhoa Labaka zizurkildarra. Egunerokoa, ordea, ez da batere samurra esnezaleentzat.

Ainhoa Labaka Zizurkilgo Ugarteko baserritarra da. Ehunka buru dituzte Ugarte baserrian, eta familia osoa ari da abeltzaintzan lanean. Kaletik ikusita, polita dirudi. Merkatuaren ikuspegitik, krudela da bizi duten egoera.

Baserria nekazal girora lotuta egon da, eta zuen familia osoa ere baserri lanetan murgilduta bizi da. Gaztea izanik, zer dela eta aukeratu duzu baserriko bizimodua?

Hemen jaio naiz eta haurtzarotik gogoko izan dut etxe ondoan, baserri inguruan bizitzea. Hasiera batean, kanpoan hasi nintzen lanean. Egun guztia etxetik kanpo igarotzen nuen eta faltan sumatzen nuen etxeko giroa. Aitak langileak behar zituen, eta nazkatuta zegoen jendeari lanari buruzko xehetasun guztiak hasieratik erakutsi beharraz. 

Aitak luzatu zigun proposamena. Une hartan anaiak ikasketak amaituta zituen eta praktikaldia egiten ari zen. Biok baiezkoa erabaki genuen. Nire aldetik, bikotearekin hitz egin nuen, bere babesa oso garrantzitsua dela iruditzen zitzaidalako. Horrelaxe hasi ginen hemen lanean, aurreko lana utzi nuen eta anaiak praktikaldia amaitzean, hemen hasi zen lanean. 

Nola bizi duzu egunerokoa?

Batzuetan oso estresagarria izaten da. Bi haurren ama naiz, eta haurrekin lanean aritzea ez da lan makala. Lan erantsia da. Baina beste alde batetik askatasuna daukat, malgutasuna dut haurrak eskolara eramateko. 

Goizeko 05:30etan jaiki eta 06:00tan jezten ditugu lehenengo behiak. Ondoren, txekorren txanda iristen da; txekorrei biberoia ematen diegu, bestetik inseminazioak izaten ditugu eta erditzerik bada jarraipena ematea… Goizeko 08:00tan joaten naiz etxera, eta anaiak hartzen du lekukoa lanean. 

Nire lana ez da hor amaitzen. Haurrak eskolan utzi ondoren, 10:00ak aldera sartzen naiz berriro, eguerdiko 13:00ak arte. Dokumentazio lanak egiten ditut eta kanpoan lanen bat egiteko badago irteten naiz. Egunerokoa desberdina da, beti dago zerbait egiteko. Eguerdian berriro jezten ditugu behiak, normalean langileek egiten dute baina beti egoten da etxeko norbait. Arratsaldean, berriro txekorrei jaten ematen diegu eta bertako lanak egiten ditugu gaua iritsi arte. 

Gaueko 21:00tan berriro jezten ditugu, eta bertan egoten naiz ni. Hori guztia ama izateak dakarren lan guztiarekin uztartzen dut. 

Nolakoa da Ugarte baserriaren egoera?

Ez dizut esango ondo dagoenik, baina ari gara zerbait egiten. Hiru aldiz jezten ditugu behiak, eta pixkanaka goaz. Esnea oso gutxi ordaintzen digute; egiten dugun lan guztiarekin eta ikusita zer egoeratan ibiltzen garen, oso gutxi baloratzen gaituztela esango nuke. 

Norengandik ez zara baloratuta sentitzen?

Supermerkatura joaten zarenean merkeena erosten saiatzen zara, eta nik hori ulertzen dut, baina, prezio hori zergatik den horrela jakitea da gakoa. Etxe horiek, esnegileoi gutxi ordaintzen digutelako da batik bat. Jendeak ikusiko balu edo konsziente izango balitz hori ez duela erosi behar, gure egoera desberdina izango litzateke. Guri laguntzeko markako esnea erosi behar duela jakingo baluke, gure kasuan Kaiku den bezala adibidez, eta ez "marka zuria", horretan konsziente izango balira eta hori erosten hasiko balira, etorkizuna hobea litzateke. Erosleak merkeenaren alde egiteak ez digu batere laguntzen. 

Gure azpisektorea oso gaizki dago, eta bertan lanean hasteko ez nuke inor animatuko. 

Zure esnea saltokietan ikusten duzunean, zein sentimendu sorrarazten dizu?

Mina ematen du. Esne ona egiten dugu eta saltokietan merke ikusten duzunean min ematen du. Jendeak ez du baloratzen egiten dugun lan guztia. Astelehenetik igandera egiten dugu lan, egunero-egunero, urte osoan zehar. Opor txiki batzuk egiten ditugu baina zazpi egun besterik ez dira izaten, eta asteburuetan ere lan egiten dugu. 

Zuk egiten duzun esnea eta saltokietan saltzen dena, bera dela esango zenuke?

Zapore desberdina du, baina hori pasteurizazioaren kontua da. Behin pasteurizatu egin duzula zaporea desberdina izaten da, baina beharrezkoa da pasteurizatzea. Ezin da tankean dagoen bezala saldu. 

Baserri asko euren jarduna amaitzen joan dira eta horrek lursailak bertan behera uzten joatea ekarri du. Horretan, Asteasu eta Zizurkil salbuespen izan daitezke. Zeintzuk dira baserriak bizirik izateak ekartzen dituen onurak?

Belardia txukun matentzen dugu. Herri batera joaten bazara eta herri ingurua sasiz betea ikusten baduzu ez da itxurazkoa ikusten. Aldiz, belarra moztuta eta garbi ikusten baduzu beste kontu bat da. Hala ere, kale inguruan jendea ez dago laguntzeko prest; belarra moztu ondoren pixa isuri behar duzu, eta horrek jendearen kexak ekartzen ditu, asko kexatzen dira usainagatik...Amorru handia ematen dit horrek, pixa isuri egin beharra dago, ez dugu izurratzeagatik egiten. Bi eguneko usainagatik belazea garbi dago. Fabriketatik usai handiagoak izaten dira, eta isil-isilik geratzen gara. 

Kaikuren iragarki batean agertzen zara. Nola sentitzen zara pantaila aurrean ikusten zarenean? Ingurukoek zer diote? 

Duela gutxira arte ez zitzaidan egokitu ikustea. Lagunek eta ezagunek aipatu izan didate, gurasoek eskolara joaterakoan ere esan didate ikusi nautela telebistan. Ez naiz horrelako gauzak egitearen zalea, baina egin behar nuela sentitu nuen. 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!