Zizurkilgo EH Bilduren erantzuna, Alderdi Sozialistari

Aiurri 2022ko mar. 14a, 10:48

Azken hilabeteetan, Alderdi Sozialistatik jaso diren euskararen inguruko kexuen aurrean, Zizurkilgo EH Bilduk ondoko prentsa oharra helarazi du

Euskara ika-mika politikorako erabiltzea guztiz salagarria da

Zizurkilgo EH Bilduk azpimarratu nahi du azken urteetan ez dela aldaketarik egon Udalaren komunikazioetako hizkuntza irizpideetan. Orain ordea, PSOEk euskara arma politiko gisa erabiltzea erabaki du.

EH Bilduren oinarri nagusietako bat da Zizurkil euskaldunago bat eraikitzeko urratsak ematea. Inoiz ez dugu ezkutatu. Eta horrek erabakiak eskatzen ditu. Besteak beste, horregatik sartu da Zizurkil UEMAn legealdi honetan.

Baina Udal komunikazioei gagozkielarik, Udalaren argitalpenetan hizkuntza erabiltzeko moduan ez da aldaketarik egon azken hamarkadan, gutxienez. Aldatu den gauza bakarra sozialisten jarrera da, orain, euskara arma politiko gisa erabiltzea erabaki izana, alegia. PSOEk badaki, ordea, esaterako, 2018an Zizurkilgo udalbatzak aho batez onartutako euskara planak jasotzen duela euskarak lehentasuna izan behar duela komunikazioetan eta Udal barneko funtzionamendua euskara hutsez izateko urratsak eman behar direla, besteak beste. Ez dugu pentsatu nahi sozialistek plana irakurri gabe babestu zutenik. Aurreko euskara planak ere udalbatza ezberdinen aldetik aho batez onartu dira, denak norabide berean. Udalaren komunikazioak horrekin koherenteak dira.

Argi utzi behar da Zizurkilgo Udalak ez duela inor diskriminatzen. Udal harrera bi hizkuntza ofizialetan eskaintzen da beti eta Udaleko komunikazioei dagokionez, webgunea elebitan dago, bandoak elebitan daude eta Plazaberri aldizkaria ere elebitan dago. Azken bietan euskarak lehentasuna izan ohi du, euskara planak jasotzen duen bezala baina gaztelaniaz beharrezko informazio guztia emanez. Zer Ote! kultur agendari dagokionez berriz, euskara izan ohi da informazio bide nagusia, hitz gako batzuk gaztelaniaz jarriz. Gaztelera hutsean nahi duenak,webgunean edo QR bidez eskura du eta paperean ere har dezake Udal eraikinetan.Uste dugu hilabeteak, orduak eta lekua bezalako informazioak edonorentzat ulertzeko modukoak direla. Euskaldunok egunero egiten dugu ahalegina gaztelaniara jotzeko. Herri euskaldunagoa nahi badugu, euskaraz ez dakitenek beste hizkuntza bat badagoela sentitzea eta hizkuntza horrek Zizurkilen gehiengo batentzat garrantzia duela ikustaraztea ezinbestekoa da. Elebitasun orekatuaren mugak agerian geratu direla argi dute jada aditu nagusi guztiek, helburua euskalduntzea bada behintzat. Eta Udalak aho batez onartu dituen plan eta arauen helburua hori da, ez EH Bildurena soilik.

Abenduaren 3an euskararen alde gaudela esatea soilik ez da nahikoa. Urratsak eman behar ditugu. Inor bazterrean utzi gabe gabe eta aldi berean euskara ikusgarri eginez eta baliagarria dela erakutsiz.

Amaitzeko, Zizurkilgo EH Bilduk gauza bat du argi, ez du euskara hika-mikarako erabiliko. Azken hilabeteetako sozialisten salaketa antzuei erantzuteko lehen eta azken oharra izango da hau.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!