Zizurkilgo lehen duatloia antolatu dute, apirilaren 3an

Aiurri 2022ko mar. 18a, 13:24

Gipuzkoako Txapelketa izango da, esprint distantzian, federatuentzat, eta astelehenean itxiko da izen-emate epea.

Apirileko lehen igandearekin kirol oinetako, bizikleta soinu eta izerdi giroa nagusituko dira Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Zizurkilgo I. Duatloia, Zumarpe Sari Nagusia antolatu dute Danena Kirol Elkarteko kideek eta herriko gazte talde batek elkarlanean. 75 bat lagunek eman dute izena dagoeneko, eta martxoaren 28ra arte egongo da zabalik izen-emate epea (apuntatzeko Rockthesport eta triatloi.org web guneetan).

Proba puntuagarria izango da Euskadiko Zirkuiturako, eta Gipuzkoako Txapelketa ere izango da, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Esprint distantzian jokatuko da. Korrika bost kilometro egin beharko dituzte, aurrena. Joxe Arregi plazan abiatu, Fraisorora igo, jaitsi, eta Paxux-etik kiroldegiko biribilguneraino eta buelta, bi itzuli. Ondoren 20 kilometro bizikletan, bi igoerekin itzuli bakoitzean: Aduna auzora daramana, lehenengoa, Irizar enpresako biribilgunetik gora. Bigarrena, Zizurkilgo goiko auzora daramana, Beibategi aldetik. Jaitsiera Olentzo aldetik egingo da, eta handik zuzenean, helmugaraino.  Proba federatuentzat bakarrik da. Goizeko 10.30an abiatuko dira neskak, eta ordu laurden geroago mutilak.

Duatloi zale ugari bada Zizurkil aldean, eta Gipuzkoan proba askorik ez zegoela ikusita herrian bertan proba antolatzea erabaki zuen lagun talde batek. Laguntza handia jaso dute herrian, izan erakundeen, komertzio eta enpresen aldetik. Egunean bertan ere gutxi ez boluntario lana egingo duten lagunen kopurua, 90 pasa izango baitira denera. Euren aletxoa jarri nahi izan duten babesleen kopuru bera, hain zuzen ere.

Diru sari mamitsuak izanen dira helmugan lehen hiru sailkatuentzat, bi kategoriatan: 400 euro txapeldunarentzat, 300 txapeldun ordearentzat eta 200 podiumera igoko den hirugarren parte hartzailearentzat. Proba bukatuta dutxatzeko aukera izango da Danena futbol zelaiko aldageletan, eta podiumeko sari banaketaren ostean babesleek emandako hainbat produkturen zozketa egingo da. Antolatzaileen esanetan, zer banatu ugari dute, eta parte hartzaileei zozketa egin arte Joxe Arregi plazaren bueltan geratzeko deia egin nahi diete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!