Txapela eguna bueltan da Zizurkilen

Aiurri 2022ko api. 5a, 10:36

Xabier Pellejero eta Alatzne Etxaburua

Osasun larrialdia dela eta, Zizurkilgo Txapela eguna bi urtetan egin ez den arren, aurtengoan ez da faltako. 27.Txapela eguna ospatuko da Zizurkilen apirilaren 30ean. Txapelduna, 2020ko bera izango da, Alex Inza; "Egarriko" Alex ezaguna dena herrian.

Festa batzordearen erabakiaren arrazoiketa laburra:“Alex Inza bezalako pertsonek garrantzia berezi dute herri bat, komunitate bat egiterakoan. Egarriko Alex –ek etxean sentiarazi ditu Egarrira sartu diren zizurkildar oso ezberdinak, izan Elbarrenakoak zein herrigunekoak, gazteak, helduak zein adinekoak. Beti dago prest, gainera, herri ekimenetan laguntzeko, festetan edo bestelako ekimenetan. 27. edizioa duen Txapel Egunaren helburua ez da inoiz izan lorpen handiak goratzea, herri giroan garrantzia duten horrelako herritarrak aitortzea baizik. Horregatik Zizurkil goiko jaiak antolatzea helburu nagusi duen festa batzordeak herrigunetik haratago begiratu nahi izan du aurtengo txapela jartzerakoan eta zizurkildar guztiekin tratu atsegina izaten hamarkadak daramatzan Alex Inza herritarrari jarriko diogu Txapela”.

 

Egitaraua

  • 10:00 Emakumeen Pala txapelketa azkarra Intxaur frontoian. (13:00a
    aldera finalak)
  • 16:00 Txapeldunen mus lehia zentroan.
  • 17:30  Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian
  • 21:00 Txapeldunen afaria Iriarte jartetxean.

Menua:

  • Arrain zopa
  • Oilaskoa patatekin
  • Etxeko tarta
  • Kafea eta txupitoa
    Prezioa: 26€


Txartelak salgai  Iriarten eta Egarrin. Aurreko edizioko txartela oraindik inork badu prezio aldea ordainduta aurtengoa emango zaio. Afal ostean, Alatzne Etxaburua iazko txapeldunak jarriko dio txapela Alex Inzari, eta honenbestez Alex izango da 2022ko jaien hasierako txupinazoa botako duena. Haritz Mujika eta Amaia Agirre bertsolariek girotuko dute afal oste hori. Txapela jantzita eguna gozatzera dei egiten diegu zizurkildarrei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!