"Halterofilian azkarra eta elastikoa izatea da kontua"

Irune Alfonso 2022ko mai. 8a, 07:29
Batis Kortajarena Danok Danena taldeko sortzailea eta entrenatzailea, artxiboko irudian.

Halterofiliaren trebaketan ibilbidea osatu du Batis Kortajarena Danok Danena taldeko entrenatzaileak. Eta pozarren dago kirol-jarduerak etorkizuna duelako. Gaztetxoak badatoz, gogotsu, gainera.

Urte hauetako ibilian, kirol marka handiak lortu dituzue, bai gizonezkoen mailan, bai emakumezkoenean.

Emakumea ikasterako orduan, askoz ere azkarragoa da, erraztasun handiagoa izaten dute, eta nik pentsatzen dut elastikotasunarekin zerikusia duela. Halterofilia ez da indar handia edukitzea, halterofilian, azkarra eta elastikoa izatea da kontua. Emakumeak oso ondo moldatzen dira. Europakoan eta mundialetan parte hartu duten jendea izan dugu, baita Olinpiar Jokoetan ere. Emakumeetan, zizurkildarra den Lourdes Gorostegik munduko bigarren postua irabazi zuen eta emaitza izugarriak lortu zituen. Urtetik urtera izugarrizko emaitza onak lortu dira. Taldearekin hasi eta urtebetera, Espainiako txapeldun bat genuen- Horrekin dirudi Espainiako txapelketa irabaztea oso erraza dela, baina guztiz kontrakoa da. Zortea izan genuen eta gazte oso onak izan genituen. Askotan aipatu didate maisu ona izango naizenaren kontua, baina, maisu onak ez badu kirolari ona, alferrik da. Espainiako Estatuan talde onenentsua izan dugu askotan, talde moduan, finaletan egon gara beti eta nazioartean ere askotan parte hartu dugu.

Jon Tecedor, Lourdes Gorostegi... Kirolari handiak pasa dira Danok Danena taldetik...

Jon Tecedor 19 urterekin Madrilera joan zen; sei urte igaro zituen bertan, eta, 25 urterekin, itzuli zen. Ez zuen Madrilen jarraitu nahi. Bere amaren ilusioa zen Jon olinpiadetan ikustea eta hori lortu zuenean Jon erlaxatu egin zen. Etxera itzuli zen, familia osatu zuen, eta, ondoren, moto-istripua izan zuen. Izugarrizko markak lortu zituen berak eta marka horiek hor jarraituko dute. Marka horiek lortzeko sakrifizio handia behar da. Ilusioarekin nago berriro, bi gaztetxo daude asko nabarmentzen ari direnak... Ikusiko dugu zer gertatzen den. Lan asko egin behar da.

Taldeak duen palmaresak izan al du merezitako errekonozimendurik?

Ez. Taldeak ez du merezitakoa jaso. Min handiena horrek ematen dit. Niri egin didate egin beharreko guztia, baina taldearen aldetik horren falta sumatzen dut. Zizurkilen, urte batzuetan 126 pertsona aritu dira parte hartzen, beraz, ezaguna da kirola. Baina eroak bagina hartzen gaituzte, ez digute seriotasunez hartzen, eta halterofilia kirol serioa da. Guk lana gogor egin dugu, eta, nik, adibidez, ez banuen lana gogor egingo, ez nintzen prestatzaile izatera iritsiko. Espainiako hautatzaile gisa aritu naiz, Espainiako entrenatzaile onenetarikoen artean egon naiz, eta lorpen horiek guztiak hemen egindako lanagatik izan dira.

Nola dago taldea gaur egun? Gazteak hurbiltzen al zaizkizue? Zer esango zenioke kirol honetan proba egin nahi duenari?

Hurbiltzen zaizkigu, bai. Aurten sei gazte ditugu erreleboa hartuko dutenak. Hori da behar duguna, jende berria. Probatu nahi duenari hiru hilabeteko tartea eskatuko nioke.

Zergatik hiru hilabete? 

Kirol aspergarria da ondo egiten ikasi arte. Behin ikasita hobekuntzak besterik ez dira lortzen eta horrek satisfazio handia sortzen du, disfrutatzeko momentua izaten da. 

Nola ikusten duzu taldea etorkizunean?

Emaitza oso onak ari gara lortzen gazte hauekin. Lehiaketei dagokionez, aurten, Espainiako txapelketa guztietan parte hartzeko asmoa dugu, abendura arte ez gara geldituko. Gainera, lokala lortzen dugunean, eta, erakusteko irekitzen dugunean, izugarrizko bultzada izango da.

2019. urteko Danok Danena taldeko kide batzuen irudia, sariak eskuetan, Beharzana frontoian.

Halterofilia ezagutzen ez duenarentzat, nola definituko zenuke?

Gaztetan oinarrizkoak dira atletismoa, halterofilia eta gimnasia. Halterofiliarekin indarra hartzen joaten dira, eta atletismoa eta gimnasiarekin psikomotrizitatea landu. Horiek lagundu egiten die gazteei, nahiz eta ondoren beste kirol batean nabarmendu. Gaur egun, asko ikusten da: futbolariek eta eliteko kirolari askok, pisuekin entrenatzen dute, kirol jarduera guztietako prestakuntzan ikusten dira halterofiliako mugimenduak, beraz, ez da txarra izango. Kirol heziketa falta dela azpimarratuko nuke, eskolatik hasi behar duen heziketa. 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!