Egarriko Alex, aurtengo Txapel eguneko protagonista

Erredakzioa 2022ko api. 29a, 07:32
Alex Inza zizurkildarra, 2020ko itxialdiaren ateetan egindako argazkian.

Alex Inza "Egarriko Alex" moduan ezaguna da, aski ezaguna. Barraren bestaldean atsegin izateak ekarri dion 'ospea' da

2020ko martxoaren 14an ospakizun gutxirako zegoen euskal gizartea, eta, oro har, mundua. Koronabirusak Asia eta Italia gogor kolpatu ostean, itxialdia ezarri zen Euskal Herrian. Jaiaren ateetan, Alex Inza pozarren zegoen Txapel Eguneko aitortza jaso behar zuelako. Bi urte gogor eta luzeren ostean, iritsi da unea. Orduan eta orain pentsatuko eta esango duenaren artean ez da alde handirik izango, zizurkildar peto-petoa sentitzen baita. Ez hango, ez hemengo. Zizurkildar, besterik gabe. Bikain adierazi zuen ideia hori bi urte atzera egindako elkarrizketan: "Zizurkil bakarra defendatu izan dut; ez dut bereizten gora eta behera. Zizurkil bakarra, horixe eduki dut buruan beti. Zizurkilen jaio nintzen eta zizurkildarra naiz; ez goikoa eta ez behekoa. Herrian ondo ikusiak gaude eta eskertu egiten da gurekin gogoratzea. Lotsa eman arren, ohorea ere bada eta aukera polita iruditzen zait goi eta beheko muga hori hausteko".

Bezeroa zaintzea, horixe da bere sekretua: "Garagardoa berdina da leku guztietan, beraz, bezeroekin asmatzen saiatu behar dugu, ez dago beste misteriorik. Askotan psikologoaren papera ere betetzen dugu. Herriko medikuak gara gu eta bakoitzari bere botika ematen diogu".

"Egarriko Alex" gehienetzat, "Alex Pamuñokoa" gertukoentzat. Merezitako aitortza jasoko du Alex Inzak.

 

______________________

Txapel eguna, bueltan

2020ko martxoaren 14an, dena prest zen Txapel egunaz gozatzeko. Pandemia dela-eta itxialdia ezarri zuten, hainbat astez luzatu zena. Orduko 'txapelduna' nor izango zen iragarrita bazegoen ere, aitortza jaso ezinik geratu zen Alex Inza Egarri tabernako arduraduna. Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, "bi urte gorabeheratsu izan dira, baina berriz elkarrekin gozatzeko uneak badatoz. Horren erakusle bueltan da Txapel Eguna. 2020ko txapelduna bera zen eta, bi urte beranduago bada ere, jasoko du txapela, Alex Inza, Egarriko Alex-ek". Zizurkildarren aitortza kuttuna jasotzeko arrazoiak honako hauexek dira, Jai Batzordearen ahotan: “Alex Inza bezalako pertsonek garrantzi berezia dute herria, komunitatea egiterakoan. Alexek etxean sentiarazi ditu Egarrira sartu diren zizurkildar oso ezberdinak, izan Elbarrenakoak zein herrigunekoak, gazteak, helduak zein adinekoak. Beti dago prest, gainera, herri ekimenetan laguntzeko, festetan edo bestelako ekimenetan. 27. edizioa duen Txapel Egunaren helburua ez da inoiz izan lorpen handiak goratzea, herri giroan garrantzia duten horrelako herritarrak aitortzea baizik. Horregatik Zizurkil goiko jaiak antolatzea helburu nagusi duen festa batzordeak herrigunetik haratago begiratu nahi izan du aurtengo txapela jartzerakoan eta zizurkildar guztiekin tratu atsegina izaten hamarkadak daramatzan Alex Inza herritarrari jarriko diogu Txapela”. Afalostean iritsiko da une berezia, Alatzne Etxaburua aurreko txapeldunak txapela jarriko dionean. Haritz Mujika eta Amaia Agirre bertsolariek girotuko dute afalostea. "Txapela jantzita egunaz gozatzera" dei egin diete zizurkildarrei.

Txapela Eguna, datorren apirilaren 30ean. Egitaraua:

  • 10:00-13:00 Nesken pala txapelketa Intxaur frontoian.
  • 16:00 Txapeldunen mus lehia, Zentroan.
  • 17:30 Bukalairen dantza emanaldia Intxaur frontoian.
  • 21:00 Afaria Iriarten. Menua: Arrain zopa, Oilaskoa patatekin, etxeko tarta, kafea eta txupitoa. 
    26 euro. Txartelak salgai Iriarten eta Egarrin.
  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!