Prest daude Zizurkil barru-barrutik ezagutzeko ibilbide berriak

Ainhoa Gil 2022ko api. 28a, 10:25

Hernandorena Kultur taldearekin elkarlanean, Zizurkilgo mendi ibilbide homologatuen inguruko lanketa berezia egin du Udalak. Eskaintza eguneratu, ibilbideak prestatu eta panel berriak landu dira, elkarlanean. Zizurkilgo mendi eta txokoak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen dute hiru ibilbide sortu-berriek.

Egindako lanketa sakonaren emaitza hiru mendi ibilbide prestatzea izan da:

  • PR-Gi 117 Zizurkilgo erreka eta mendiak.

  • SL-Gi 26 Eskeltzuko larreetan zehar.

  • SL-Gi 27 Atxulondoko bira.

Gipuzkoako Mendi Federazioak Zizurkildik egindako proposamena onartu ondoren, mendi ibilbideen homologazioa eta matrikulazioa eginda daude. Horrez gain, Federazioak berak egin ditu bideak behar bezala balizatu eta seinaleak jartzeko lanak.

‘ZIZURKIL, BASERRI HERRIA’ irudi eta leloa aukeratu da Zizurkilgo ibilbideak izendatzeko. Herriak duen nekazaritza izaera, paisaia, kultura eta ondarea ikusteko aukera eman nahi delako ibilbide hauek aukeratzean. Ibilbide bakoitzak, gainera, dagokion informazio panela izango du ibilbidearen hasieran. Panel hauetan, ibilbidean zehar topatuko dugunaren informazioa, ibilbidearen mapa, luzera, iraupena, zailtasuna, eta beste hainbat informazio baliagarri jasotzen da. Beste bi panel ere egin dira,  aipamen berezia eskatzen duten herriko bi gune esanguratsuren inguruan. Eskeltzu eta Atxulondoren inguruko panelak dira.

Atzo egin zen ibilbide berrien aurkezpen ekitaldia, Zizurkilgo udaletxean. Iker Urruzola alkateak azaldu zuenez, “Lanketa berezia izan da, elkarlanean egindakoa. Hiru ibilbide sortu dira lan horren ondorio gisa. Mendi federazioak homologatuta daude dagoeneko eta balizazio lanak ere eginda daude. Orain, herritarrak gonbidatu nahi ditugu hiru bide horietan barrena ibiltzera. Gure herriko ondarea eta txokoak gertutik ikusi eta hainbat toki magiko ezagutzeko modua eskaintzen baitute”.

“Gure herrira gerturatzen direnentzat aukera bikaina dira horrelako ibilbideak markatuta edukitzea. Gure helburuen artean badago turismo jasangarriaren aldeko pausoak ematea, guregana gerturatzen direnek izan dezatela Zizurkil modu lasaiean ezagutzeko aukera”, gaineratu zuen alkateak.

Tolosaldea garatzeneko turismo arduraduna den Olatz Ilarregik, Tolosaldeko mendi ibilbideen gida aipatu zuen aurkezpenean: “Duela hilabete inguru argitaratu eta aurkeztu genuen eskualdeko gida. Ordurako jasoa genuen Zizurkilgo ibilbideen inguruko berri, eta hauek ere sartuta daude, noski. Eskualdean jende asko gerturatu da ibilbideen berri jasotzera eta gure webgunean atalik bisitatuenetakoa da. Mendi ibilbideen eskaintza izatea oso garrantzitsua da turismo aldetik. Turismoa jasangarria izango bada, herritarrei begirakoa eta bisitariei begirakoa izango da. Herriko eragileekin elkarlanean egindako lanaren fruitua da eta gure aldetik, zoriondu egin nahi dugu Zizurkil, horrelako lanketa egin izanagatik”.

 

Ainhoa Azpeitia, Zizurkilgo udaleko nekazaritza eta ingurumen teknikariak ere hartu zuen hitza aurkezpenean: “Zizurkilen, ibilaldi asko eta asko egin daitezke herri bideetan barrena. Guk hiru aukeratu nahi izan ditugu, haien homologaziorako. Horretarako, Hernandorena kultur taldearekin elkarlan estuan aritu gara. Argi genuen maila ezberdinetako ibilbideak prestatu nahi genituela eta halaxe egin dugu”.

Herritarrei eta bisitariei erakutsi beharreko herriko txokoetan pentsatuz, bi gune nabarmendu zituen Ainhoak: “Atxulondoko burdinola da horietako bat. Zizurkildarrek ondo ezagutzen dute burdinolaren izena, baina askok ez dakite non dagoen burdinola. Bertara iristea ez da erraza eta ibilbidea markatzea eskatzen zuen. Garbi genuen Atxulondo ibilbide batean sartu behar zela, eta halaxe egin dugu. Beste gunea Eskeltzu litzateke. Zizurkilgo iparraldean dagoen mendia da Eskeltzu, historikoki larre-gune gisa erabili dena eta ikumira ederra duena. Ibilbide zirkularra prestatu da bertan, familian egiteko modukoa”.

Ibilbide luzeena berriz, herrigunetik atera eta zirkularra da, 11 kilometro ingurukoa. Baserri pasaia da nagusi eta nahi izanez gero, beste bi ibilbideekin lotzen da. “Oso ibilibide sare osatua da. Maila ezberdinei egokitua. Paneletan aurki daiteke informazio osoa; zailtasuna, altimetria… etab”.

Hiru ibilbideen hasieran informazio panelak jarri dituzte eta beste bi panel osagarri ere jarri dira; Atxulondoren ingurukoa bat, Eskeltzuren ingurukoa bestea. Julen Larruskainek izan du panelak diseinatzeko ardura: “Beti iruditu izan zait oso inguru berezia dela hau. Aberastasun handia dago; baserri eta landa paisaia ikaragarria du Zizurkilek. Abiapuntu horrekin, nire lana ez da batere zaila izan. Zizurkil Baserri herria leloa erabili dugu hiru ibilbide hauen inguruan eta horrek laburbiltzen du paneletan edo ibilbideetan bertan topatuko dena. Baserri bizitzako elementu asko aurkituko ditugu bidean eta baita Atxulondo bezalako altxorrak. Zizurkildarrentzako oso garrantzitsua da hau ezagutzea, eta kanpotarrentzat, oso berezia iruditzen zait esaterako Eskeltzuko larretan dagoen irudia. Itsasoa ikusten da eta oso ikusgarria da”.

Joxin Azkue Hernandorena taldeko kidea da eta hark eman zituen ibilbide horietan aurki daitekeen hainbat elementu eta ondareren inguruko informazioa: “Zizurkil ondo ezagutu daiteke hiru ibilbide hauen bidez. Lehen aipatu dute Atxulondo, eta arrazoi dute inguru magikoa dela esandakoan. Ibilbide honetan Zarateko Benta trikuharria ikusiko dugu. Aurrera jarraituta iritsiko gara Atxulondora. Ingurune natural ikaragarrian dago eta burdinolaren arrastoak daude bertan. Hainbat erreka biltzen da bertan eta toki zoragarria da, merezi du bertara joatea”.

Bide luzeena, zirkularra era aipatu zuen Joxin Azkuek: “Andatza, Atxulondo…, nekazal-ingurune oso polita da. Errekari jarraituz hasiko dugu bidea eta gora iritsitakoan, Pagamendi baserrira iritsiko gara. Handik, Eskeltzu mendiaren magaletik Zarateko bentara iritsiko gara. Hori ere beste altxor bat da, oso toki estrategikoa. Handik behera eginez, Irizibarko karobira iritsiko gara. Karobi zaharra da, Irizibar baserriko kideek mimo handiz zaindua eta ikusteko oso polita dena. Baserriz baserri iritsiko gara plazara, landa eremua oso ondo ezagutuz”.

Azken ibilbidea, Eskeltzukoa da. “Familian egiteko moduko ibilbidea da. Zizurkilgo gailurra da Eskeltzu eta ikusmira zoragarria du. Bertako larreak, sarobe-harriak eta elurzuloa ere ikusteko aukera ematen du ibilbideak. Tontorrean zegoen elurzuloa eta Donostira eramateko izotza egiteko erabili zuten urtetan. Haren arrastoak oraindik bertan daude”.

Iker Urruzolak eman zion amaiera aurkezpenari eskerrak emanaz: “Eskerrak eman nahi dizkiet Hernandorena kultur taldeko kideei, lanerako eta akuilu lanak egiteko beti erakusten duten prestutasunagatik. Baita ere, nola ez, udal teknikari eta herri langileei, ibilbide hauen prestaketan egindako lanagatik. Julen Larruskain ere zoriondu nahi nuke, bere diseinuaren edertasunagatik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!