Maiatza Saltsan ekimena aurkeztu dute Zizurkilen

Ainhoa Gil 2022ko mai. 2a, 12:54

‘Urak dakarrena’ lelopean egingo da aurtengo Maiatza Saltsan ekimena. Errotak izango dira gai nagusia, eta hamaika ekintza antolatuko dira Zizurkilgo Errotak ezagutzeko.Zizurkilgo Udaleko batzar aretoan egin dute, gaur, ekimenaren aurkezpen ekitaldia. Bertan ziren Ainhoa Larrea kultur teknikaria, Maite Amenabar zinegotzia eta Hernandorena kultur taldeko Joxin Azkue.

Maite Amenabarrek zabaldu du aurkezpena, errota egunaren inguruko lehen azalpenak emanez: “Errotak izango dira ardatz nagusia eta zenbait ekitaldi antolatu dira haien inguruan. Gipuzkoako Erroten Egunarekin bat eginez, Akezko errota martxan ikusteko aukera paregabea izango dugu larunbat honetan. Erromeria giroa ere piztuko da Joxe Arregi plazan. Musika, dantza eta talo goxoak dastatzeko aukera izango dugu bertan. Maiatzaren 22an berriz, herriko erroten inguruko ibilaldia egingo dugu”.

Ekitaldi sorta zabala

Ekimen ezberdinetan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei, eta Ainhoa Larrea teknikariari eman dio hitza, Maiatza Saltsan ekimeneko ekitaldi ezberdinen inguruko berri emateko: “Urak dakarrena leloarekin, hamaika ekitaldi antolatu dugu. Gipuzkoan errotaren eguna ospatuko da maiatzaren 8an, eta gaiaren inguruan zer egin genezakeen galdetuz, Hernandorena taldearengana gerturatu ginen. Maiatzaren 7an egingo dugu errotaren eguna. Eguna borobiltzeko, Korrontziren kontzertua izango dugu Intxaur pilotalekuan. Uraren metaforari helduta, ikusi genuen urak Europara; besteak beste, etorkin asko etortzen da. Korrontzik oso ekimen polita du Aita Mari itsasontziaren alde eta Zizurkilen gozatu ahal izango dugu. Diru guztia Aita Mariri zuzenduko zaio. Sarrerak salgai daude udal bulegoetan”.

Amaraun

Amatasunaren inguruko Amaraun emanaldia eskainiko dute Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak. “Maiatzaren 14an izango da hori, Joxe Arregi plazan, 22:00etan. Oso emanaldi gutxi eskaini dute orain arte, beraz ia-ia esan dezakegu estreinaldia izango dela”, azaldu du Ainhoak.

San Isidro

Maiatzaren 15ean, San Isidro eguna ospatuko da herrian. Ohiko bazkari eta bertsolariez gain, Jon Erasun pilotariari omenaldia egingo zaio: “Profesional mailan aritzeari utzi dio, eta herrian omenalditxo bat egin nahi dio. Bertan arituko dira Ziotza pilota eskolako haurrak, emakumeen arteko paleta partida ere izango da, Itsaso Erasun bertan dela, eta amaitzeko, gizonen eskuz binakako partida ikusi ahal izango da. Pilotari zizurkildarrak arituko dira bertan Alberdi-Irazustabarrena eta Perurena-Alberdi”. Kirolarekin jarraituz, Zizurkilen urtero antolatzen den biatloia maiatzaren 21ean izango da.

Eragileak

Maiatza Saltsan ez da aurrera ateratzen herriko eragileek ez badute bertan parte hartzen. Hala azpimarratu du Larreak: “Loatzoko Musika eskola eta Bukalai dantza taldea aipatu nahi nituzke. Loatzoko musikariak presente izango ditugu bai Errota egunean eta baita mendi ibilaldian ere. Eta maiatzaren 20an Anakrusa taldean eta Big Band-ak kontzertua eskainiko dute Joxe Arregi plazan, 19:00etan hasita. Maiatzaren 27an berriz, Bukalaiek emanaldia eskainiko du”.

Urak energiarekin ere zerikusia badu, eta horrekin lotuta, bi hitzaldi antolatu dira: “Energia berriztagarriak etxean nola ezarri azalduko digute maiatzaren 5ean, eta maiatzaren 16an berriz energiak aurrezteko moduak aurkeztuko dituzte”.

Protokoloaren sinatzea eta ezohiko plenua

Iazko urtea garrantzitsua izan zen indarkeriaren aurkako protokoloa diseinatzeko garaian. “Dagoeneko amaituta dago eta maiatzaren 17an ez ohiko plenua egingo da, protokoloa onartzeko eta parte hartu duten erakunde eta eragile ezberdinek sinatzeko”. Eta gaiarekin lotuta, “Hodei Arrastoa herritarrak badu lan bat sortua, eta horixe eskainiko digu maiatzaren 28an. Obra berezia da, baikoitzak bere mugikorrarekin etorri beharko du, istorio ezberdinak entzun ahal izateko”.

Ezin ahaztu, bestalde, maiatza iristen denean Senidetze eguna iristen dela. Aurten Asteasun egingo da ospakizun nagusia. “Bi urtetako etenaldiaren ondoren, ea aurten El Salvadorretik gerturatzerik baduten”, azpimarratu du Ainhoa Larreak. Ekimenari lotuta, ekitaldi berezia egiten da Zizurkilen: “Ipuin solidarioak. Otañoko haurrek ipuinak kontatzen dizkiete gainerako ikastetxeetako haurrei. Bildutako dirua, El Salvadorrera bideratzen da”.

Hizkuntza gutxituen inguruko erakusketa ere izango da aukeran. Maiatzaren 20an hasita, Plazida Otaño liburutegian egongo da ikusgai.

Maiatzean zehar, bestalde, Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketako ipuin sarituak biltzen dituen liburua banatuko dute. “XX urte egin ditu aurten gure lehiaketak, eta ez da edonolako marka. Horregatik erabaki dugu liburuxka bera ere berezia izatea eta tapa gogorreko edizio dotorea izango da. 10000 ipuin inguru jaso dugu urteotan eta eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu izan duten guzti-guztiei”.

Erroten eguna

Erroten egunak aipamen berezia izan du aurkezpenean. Joxin Azkue, Hernandorena kultur taldeko kideak eman ditu azalpen nagusiak: “Errotaren gaia atera zenean, berehala aipatu genuen Akezko errotarekin dugun zorra. Ondare zoragarria da eta bere balorea eman behar zaio, Bere garaian konpondu zen, baina ez zegoen martxan jartzeko moduan. Zortea izan genuen: Aramako Ibares errotako errotariak prest azaldu ziren konponketa lanak gidatzeko eta han aritu gara, hainbat larunbatetan. Errota zoragarria da. Etxekoek, Arizmendi familiak, aukera bikaina eskaini digu eta benetan eskertzekoa da”.

Oso errota ikusgarria da Akezko. “Oso ondo jarrita dago eta merezi du bisitak. Maiatzaren 7an jarriko da martxan eta ordu erdiko txandak antolatu dira. Beharrezkoa da Udal bulegoetan izena ematea. Bi zati izango ditu bisitak. Goiko solairuan errotarria ikusiko dugu martxan eta behean, uraren azpiegitura osoa. Bi errota ditu Akezkok eta bietako bat desmontatuta egongo da, nolakoa den ondo ikusi ahal izateko”. Errota eguna borobiltzeko, talo festa, erromeria… horiek guztiak izango dira plazan.

Ibilaldia

Maiatzaren 22an berriz, ibilaldia egingo da Zizurkilgo errota gehienen arrastoak bisitatuz. “Sei errota izan dira Zizurkilen eta horietatik 5 ikusi ahal izango ditugu. Seigarrena Atxulondo litzateke, baina oso urruti dago eta ez gara bertara joango”.

Joxe Arregitik atera, bidegorrian barrena abiatuko da ibilaldia. Hala azaldu du Joxin Azkuek: “Fraisoroko errota eta Letxeriako errota gisa ezagutzen zena izango da lehendabizikoa. Oakaiztegi da berezko izena. Egun arrasto gutxi batzuk geratzen dira, baina adineko zizurkildarrek gogoan dute errota hura. Aurrera jarraituz, Akezko errotara iritsiko gara. Ondoren, herrigune aldera abituko gara eta Alkañiz errota ikusiko dugu. Bestaldera jaitsiz, Adunibar errota eta Loidi errota bisitatuko ditugu”. Ibilbide polita izango da.

Maiatza Saltsan ekimenean antolatutako ekitaldietan parte hartzeko gonbita luzatuz amaitu da gaurko agerraldia. “Oso aberasgarria da denontzat horrelako ekimenak izan eta haietan parte hartzea, beraz, animatu”, amaitu du Maite Amenabarrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!