Omenaldi hunkigarria eskaini dio Zizurkilek Jon Erasuni

Ainhoa Gil 2022ko mai. 15a, 21:18

Arratsalde hunkigarria izan da gaurkoa Zizurkilen. Jon Erasun pilotari zizurkildarrak herrikideen omenaldia jaso du. Pilota jaialdi bikaina antolatu dute eta amaieran, ekitaldia eskaini diote pilotariari.

Juan Manuel Erasun izan da lehen omendua. Jonen aitak lan handia egin du urte askoan zehar Ziotza pilota eskola dinamizatzen. Eskolako haurrek osatutako pasilloan barrena gerturatu da Juan Manuel bere semearen aldamenera. Agurra dantzatu diete eta bertsoa ere abestu dio Unai Mendizabalek Jon Erasuni. Hunkituta jaso dute omenaldia Erasun aita-semeek eta han zituzten Ana ama eta Itsaso arreba ere.

Ziotza pilota eskolako haurrek zabaldu dute arratsaldeko jaialdia. Partida politak eskaini dituzte, Ziotza pilota eskolan egiten ari diren lana erakutsiz. Gaztetxoen txanda amaituta, sarea jaitsi dute Intxaur pilotalekuan. Paleta gomaz lehiatu dira emakumeak.

Jaialdia amaitzeko, eskuz binaka lehiatu dira gizonezkoak. Pilotalekua bete egin da eta giro ederrean joan da arratsaldea. Herrikideen txaloak jasota eta Udalak jarritako txapela buruan, hunkituta amaitu du Erasunek. Pilotaz gozatzen jarraitzeko gogoa agertu du Erasun gazteak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!