Indarkeria Matxistaren Aurkako Zizurkilgo Protokoloa, aho batez onartua

Ainhoa Gil 2022ko mai. 18a, 12:39

Ez-ohiko osoko bilkura egin zuen atzo Zizurkilgo Udalak. Azken hilabetetan zehar landutako Indarkeria Matxistaren Aurkako Protokoloa aurkeztu eta onartzea zen plenuko gai bakarra. Aho batez onartu zuten

 

Atxulondo kultur etxean egin zuten ekitaldia eta hainbat eragile eta herritar gerturatu zen bertara.Iker Urruzola alkateak egin zuen bilkuraren aurkezpena: “Arratsaldeon denoi eta ongietorriak gaurko ez-ohiko pleno honetara. Mila esker bihotzez gonbidapenari hain erantzun positiboa eman diozuelako. Berdintasun teknikaria aipatu nahi nuke lehendabizi. Ezin izan du gaurko ekitaldira gerturatu, baina eskerrak eman nahi nizkioke egindako lanketagatik. Ez da ohikoa izatne ez-ohiko plenoa deitzea. Egoerak edo gaiak interes berezia duelako deitzen ditugu. Gaurko gaiak eskatzen zuen pleno berezia, eta egunak ere badu lotura gaiarekin. Indarkeria Matxistaren Aurkako Protokoloa izango da gaurko gai bakarra. Oso gai garrantzitsua da guretzat. Nondik gatozen eta nora joan nahi dugun kontuan hartu behar dugu eta horretarako, ezinbestekoa da protokoloa izatea”.

Sara Berasategi idazkariak eman zion hasiera ofiziala plenoari eta, Matti Navas, berdintasun zigotziak hartu zuen ondoren hitza, protokoloaren nondik-norako nagusiak azaltzeko: “Prozesu luzea izan da. 2017an jaietako protokoloa egin genuen eta 2019an jai berdinzaleagoak izateko lanketa egin genuen. Gaur onartuko dugun protokoloa bide horren jarraipena izan da. Garbi utzi nahi dugu ez dela bukeaera. Ildo horren beste urrats bat da, baina ez da bidearen amaiera. Hiru prozesu hauek berdin egin ditugu; prozesu parte-hartzaile baten bidez, Farapi kooperatiba bidelagun hartuta eta Udalak bultzatuta”.

Araudia

Indarkeria matxista kasu bat antzeman orduko eman beharreko pausoak biltzen dituen araudia da protokoloa. “Indarkeria matxista hitzak aukeratu ditugu protokoloan jasotzeko, iruditzen zaigulako gaur egungo errealitateari hoberen egokitzen zaizkion hitzak direla. Emakumeetan hitz egiten dugunean hitz egiten dugu Zizurkilen ez duela onartzen emakumeen aurkako indarkeriarik, baina ez duela onartzen ez lesbofobiarik, ez homofobiarik ez transfobiarik. Ertzetan dauden gorputz ez hegemoniko guztiak erdira ekarri nahi ditugu protokolo honetan”.

Protokoloaren helburu nagusia aipatu zuen Matti Navasek: “Indarkeria matxista pairatzen dutenei babesa eta arreta egokia bermatzea, eskura dauden baliabide guztiak eskainiz. Udal baten betebeharra euren herritarrei babesa eta arreta eskaintzea da. Herritar guztiek dute honen eskubidea eta are gehiago indarkeria jasatzen duten emakume* horiek”.

Onura

Protokolo propioa izatearen onuraz aritu zen Matti: “Prozesua bera oso aberasgarria izan da. Emaitza oso polita izan da, baina prozesua oso garrantzitsua izan da. Lanketa horretan asko ikasi dugu denok. Herriko protokoloa egitean, bestalde, herrian eta bailaran dauden baliabideak jarri ditugu mahaigainean. Baliabide asko ditugu, eta asko ez genituen ezagutu ere egiten. Elkartu egin gara, elkar ezagutu dugu eta momentu honetan badugu lehen ez genuen ideia eta ikuspegi orokor bat”.

Zizurkilgo Udalak bultzatu du protokoloa. Farapi kooperatibaren bitartez egina izan da eta Emakundek finantzatua. Eragile ezberdinek ere parte hartu dute; Zuzeneko eragileak izan dira alde batetik. Erakundeak izan dira horiek gehienbat: Udaleko berdintasun saila, ongizate saila, alkatetza, udaltzaingoa, Ertzaintza… horiek osatu dute muina. Herriko beste eragile guztiei ere dei egin zaie; herrigintzan ari diren eragileak dira horiek; ikastetxeak, Danena kirol elkartea, tabernak…

Matti Navasek azaldu zuenez, hiru fase izan ditu protokoloaren lanketak: “Partaidetza prozesua izan da hasieran. Urrats honi garrantzia handia eman diogu. Partaidetzak hobekuntza dakar beti, jarrera aldaketak behar dira gai honetan eta hortik joan da lehen urrats hori. Bigarren urratsa protokoloaren txostena osatzea izan da. Farapik osatu du txosten hori, lehen fasean ateratako hori islatuz. Berriz landu dugu txosten hori eta guztien artean erabaki dugu nola finkatu. Hirugarren fasean murgilduta gaude orain. Publiko egiten ari gara protokoloa eta sinadura ekitaldia egingo dugu”.

Ikuspegi feminista

Protokolo hau ikuspegi feministatik eginda dago. “Eskuartze feminista bat emakumea* zentroan jartzen duen eskuartzea da. Askotan ahaztu egiten zaigu zein den babestu behar duguna. Emakumea* hartatu behar duen pertsonak informazioa eduki behar du. Oso momentu larria eta latza dela kontuan hartuz, prozesu goxoa eta ahalduntzailea izan behar du. Informazioaz gain, hartatzen duen pertsonaren jarrera feminista izan behar du. Emakumea ez da inoiz epaitu behar inoiz. Bere hitza eta nahia errespetatu behar da eta gurasokerietan erori gabe. Ez da ahaztu behar babesa eman behar zaiola eta bere testuingurua kontuan hartu behar dela. Protokoloaren lehen orrialdetik azkenera, filosofia horrekin egina dago”.

Hiru eskema biltzen ditu Zizurkilgo protokoloak, hiru egoera ezberdin kontuan hartuz. Lesio fisiko edo psikiko larriak dauden kasuak; lesio ez larriak daudenean; eta eraso bat egon denean. Hiru kasu hauetan eman beharreko pausoak jasotzen ditu protokoloak”.

Protokoloa egina dago, baina Mattik garbi utzi nahi izan zuen ez dela aldaezina. “Zuzeneko eragileen taldea urtean bitan bilduko da. Udala, Osasuna eta Ertzaintzak osatua dago eta biltzen joango da. Horrez gain, errealitateak erakutsiko digu protokoloak aldaketarik behar ote duen”. Erasoei eman beharreko erantzun publikoa ere jasotzen du protokoloak.

Protokoloa osatutakoan, eragile ezberdinak kontuan hartu dituzte: “Ikastetxeak, tabernak eta Danena Kirol elkartea. Berehala ikusi zuten formakuntza behar zutela. Egoera bakoitzari eman beharreko erantzunaren inguruko formakuntza jasoko dute”.

 

Aho batez onartu zen protokoloa eta, ondoren, udalbatzako kideek eta eragileek sinatu egin zuten. Eskerrak emanez amaitutzat eman zuten ekitaldia:

Matti Navasek hartu zuen hitza: “Modu pertsonalean eskerrak eman nahi ditut orain. Mila esker bertaratu zareten guztiei eta prozesu honetan sinestu eta parte hartu duzuen guztiei. Eragile zuzen guztiei: Tolosako aniztasun saila; Zizurkil-Villabonako osasun zentroa; Tolosako ESIa eta Hernaniko Ertzain Etxea. Parte hartu duten herriko eragileei; Zubimusu ikastola eta P.M. Otaño Herri eskola; Atxulondo eta Pasus tabernak; Danena kirol elkartea; eta gaur bertaratu zareten guztiei. Eskerrik asko etxekoei, Udalari, hemen eserita zaudeten guztiei, alkateari, talde osoari eta Maiteri. Anabeli eta Ainhoari, berdintasun eta ongizate teknikariak, beti hor daudelako; udaltzaingoari, honetan hasieratik sinestu dutelako; eta azken fotokopiak, xuxurlatzaileak eta azken lanak egin dituzuen guztiei: Nire eskerrik beroenak mugimendu feministari eta mugimendu feministan sinesten duzuen herritar guztiei. Nik sinesten dizut eta erasorik ez erantzunik gabe leloak asmatu zituztenei; asko gara eta ez dugu urrats bat ere atzera emango. Gaur, maiatzak 17 da; homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna. LGTB kolektiboari bereziki eskerrak eman nahi dizkiot; Stonewall-en lehen harria bota zuen transexualari; marikoia hitza harrotasunez erabiltzen duen gazteari; haien maitasuna lotsarik gabe aireratzen duten neska horiei; armarioak suntsitu dituzten horiei eta armariotik atera ezin dutenei; familia eredu berriak existitzen direla erakutsi diguten horiei; zuen ortzadarraren kolorerik gabe mundua ilunagoa izango litzateke; ez zarete zuek, gure begiradak dira. Eta noski, protokolorik onena, erabiltzen ez dena”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!