"Sortzen ari naizenean, kritikoa izatea gogoko dut"

Ainhoa Gil 2022ko mai. 29a, 08:00

Larunbat honetan Zarata egitasmoa aurkeztuko du sorterrian.

Esperientzia berezia bizitzeko aukera eskaintzen du Hodei Arrastoa zizurkildarrak, ZARATA egitasmoaren bitartez.

ZARATA izenburua jarri diozu zure sormen lanari. Azalduko al diguzu izenburu horren zergatia?

Hiru arrazoi ezberdinengatik aukeratu nuen izenburua. Batetik, emanaldi honetan soinuaren edo audioaren bidez komunikatzen delako. Bestetik, sinbolikoki, LGBTI+ kolektiboko jendeak zarata egin behar duelako hemen daudela aldarrikatzeko. Eta azkenik, hitz-joko bat egin nahi nuen: “Zarena zara’ta”.

Audiogida da ZARATA. Irudiaren gizartean, zer dela eta audioari emandako garrantzi hori?

Zizurkilera formatu bereziak ekartzea gustatzen zait beti. 2020an ikuskizun berezia eskaini genuen elizan, formatu artistiko ezberdinekin. Mikroantzerkia ere egin nuen liburutegian, espazio ezberdinetan barrena mugituz. Kanpoan ikusi edo bizitzen ditudan gauzak Zizurkilera ekartzea gustatzen zait. Oraingoan audiogida bat ekarri dut. Jendeari kosta egiten zaio ulertzea zer izango den, ez gaudelako ohituta, baina berez nahiko gauza sinplea da. Audio batek toki batetik bestera eramango gaitu. Irudi batzuk ere egongo dira audio horien osagarri, baina entzuten denak izango du garrantzia.Hamar audio dira eta hamar pertsona ezberdinek hartu dute parte grabaketan, baina egunean bertan ez dira bertan egongo. Horrek asko errazten du azpiegitura. Jendea bere mugikorrarekin eta entzungailuak jarrita gerturatuko da, eta ez da besterik behar.

Esperientzia indibiduala da ZARATA. Nola dago antolatuta?

Esan bezala, bakoitza bere mugikorrarekin joango da, audiogida entzunez. Esperientzia indibiduala denez, audioak zuzenean hitz egingo dio entzuleari. Goxo ariko zaio batzuetan, akusatiboki beste batzuetan, galderak ere zuzenean egiten dizkiot entzuleaari; oso esperientzia pertsonala da. Egiten duguna zalantzan jarri, gure usteen eta jakintzen inguruko hausnarketa bultzatu…, horrek lanketa pertsonala eskatzen du.

Plazida Otaño liburutegian eskainiko da ZARATA ikuskizuna edo proiektua. 16:00etan zabalduko dira ateak eta 19:00ak arte zabalik egongo da. Bakoitzak nahi duen orduan etortzeko aukera izango du. Ni egongo naiz harrera egiten eta azalpen txiki bat emango dut. Ondoren, audioak berak gidatuko ditu entzuleak espazio batetik bestera.

LGBTI+ kolektiboa da ZARATAren muina. Kontaiguzu…

Hamar audio ezberdinek osatzen dute ZARATA. Audio batzuk poetikoagoak dira, beste batzuk politikoagoak, esplizitoagoak ere badaude… Lehen kontaktua goxoagoa izan dadin eta jendea audiogidan sartzen joan dadin, audio erraz batekin ematen zaio hasiera. Aurrerago, LGBTI+ kolektiboaren inguruko galdera asko planteatzen dizkiot entzuleari. Bigarren pertsonan ari naiz etengabe. Kritikatu nahi ditudan gauza horiek zuzenean botatzen dizkiot entzuten ari den pertsonari. Sortzen ari naizenean, kritikoa izatea gogoko dut. Gustatzen ez zaidan hori aurpegiratzen saiatzen naiz eta ZARATAn ere hala egin dut.

Pasarte esplizito bat ere badago. Sexuaz ari gara zuzenean eta audioa laguntzen duen bideo bat ere badago, sexu-harremanen irudiak jasotzen dituena. Legez, 18 urtetik gorako jendeak ikusteko irudiak lirateke eta audioan horren inguruko abisu bat sartu dut. Nolanahi ere, iruditzen zait praktika sexual ez heterosexualak normalizatzeko modu bat izan daitekela gisa honetako irudiak ikustea. Normalizaziorako bidean, horrelakoak ere beharrezkoak dira. Telebistan, interneten, zinean, edozein momentutan ikusten ditugu hilketa bortitzak eta inork ez du hori ezbaian jartzen. Sexu eszenek berriz urduritasun handiagoa sortzen digute. Jarrera hipokrita samarra dela esango nuke. Deserosoak egiten zaizkigun egoera horiek, askotan, ikasitakoak dira. Horren inguruko hausnarketa egin beharko genuke; deserosoa egiten zaigun horren atzean zer dagoen pentsatu beharko genuke. Nik oso garbi daukat ZARATA-rekin zer esan nahi dudan. Gaiaren inguruan ikasteko, zenbait gauza ezbaian jartzeko edota hausnartzeko gogoa duenarentzat esperientzia aberasgarria izatea nahi nuke. Baliteke ZARATA entzutera gerturatzen den baten bat nirekin haserretzea, baina nik garbi daukat gauza batzuk esan beharra dagoela.

Hamar pertsona aritu dira audioak grabatzen. Nola egin duzu aukeraketa?

Hiru baldintza nagusi betetzen zituzten aktoreak nahi nituen: euskaldunak izatea, aktoreak izatea eta LGBTI+ kolektibokoak izatea. Bederatzi aktore eta musikari batek parte hartu dute grabaketa-saiotan. Horrez gain, jende gazte eta ez oso ezagunari aukera ematea garrantzitsua dela iruditzen zait. Pertsona ez bitarra, transizioa egin duen beste pertsona bat, bisexualak, homosexualak… talde heterogeneoa osatu dugu.

Estreinaldia Zizurkilen egingo duzu. Ze garapen izango du ondoren?

Nire herrian estreinatzeak ilusio berezia egiten zidan. Ondoren, pixkanaka ari naiz data berriak lotzen. Harrotasunaren hilabetea da ekaina eta aitzakia horretan, zenbait hitzordu lotuta dauzkat. Ekainaren 10ean Beasainen, 29an Iruran… Aurreragorako lotzen ari naiz emanaldi gehiago.

___________________

ZARATA audiogida

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!