Emaitza bikainak lortu dituzte P.M Otaño herri eskolako atletek

Ainhoa Gil 2022ko eka. 1a, 11:56

P.M. Otaño herri eskolako atletismo taldeak denboraldi bikaina burutu du. Alebin mailako ikasleek Gipuzkoako Atletismo txapelketan parte hartu dute eta, domina ugari etxeratzea lortu dute.

Hori gutxi balitz, Gipuzkoa mailako ikastetxe eta atletismo talde guztien artean, bigarren postua lortu dute.

Eskolaz kanpoko ekintza gisa egiten dute atletismoa P.M. Otaño herri eskolan eta Mikel Tejeria zizurkildarra dute irakasle: “Gazte hauek meritu ikaragarria dute. Lan handia egin dute eta ilusio berezia jarri dute atletismoan. Ez dugu entrenatzeko azpiegitura eta material bikainik, baina gazteen gogoari eta esfortzuari esker emaitza ikaragarriak lortu ditugu aurten”.

 

Domina ugari

Alebin mailako gaztetxoek lortu dituzten emaitzak ikusgarriak izan dira. Lau urrezko domina, zilarrezko bi eta brontzezko beste lau domina etxeratu dituzte Gipuzkoako txapelketan. LH 5 eta 6. mailako ikasleak dira eta Mikel Tejeriaren hitzetan, “lan bikaina egin dute. Gipuzkoako Txapelketan aritu ahal izateko, gutxieneko marka batzuk lortu beharra daude eta horretarako, Tolosara joanez ibili dira ikasturtean zehar. Marka horiek lortuta, Gipuzkoako txapelketako bost jardunalditan aritzeko aukera izan dute. Azken jardunaldian, proba konbinadetakoan Gipuzkoako 24 atleta hoberenek bakarrik izan dute parte hartzeko aukera, neska zein mutiletan. Mutilen mailan, 23 ikastetxe ezberdinetako kidean zeuden; Otañotik bi ikasle lehiatu ziren bertan. Handia da hori. Batek, irabaztea lortu zuen gainera”.

Denboraldi bikaina egin dute gaztetxoek eta Mikel Tejeriak garbi du ez dela erraza izango aurtengoa errepikatzea: “Oso txikitatik antzematen zitzaien gogoa eta gaitasuna. Ahalegin handia egin dute. Atletismoa kirol gogorra da; bakarkako esfortzua eskatzen duena. Hauek ilusioz ekin diote eta oso talde polita osatu dute. Datorren ikasturteari ere gogoz ekingo diogu, ea nolako emaitzak etortzen diren”.

Futbolaren indarrak ere eragiten du Otañoko atletismo taldean: “Asko kostatzen zaigu gazteak atletismoan eustea. Futbol partida eta atletismoko konpetizioa egun berean egokitzen bazaie, futbolaren aldeko apustua egiten dute. Alebin taldearekin, ordea, ez da hori gertatu. Garbi izan dute atletismoaren aldeko hautua eta hortik etorri dira emaitza bikainak”.

Mikel Tejeriak eskerrak eman nahi dizkio Zizurkilgo Udalari, “eskolaz kanpoko kirol jarduera hauek diruz laguntzeagatik. Ez dira herri asko izango aukera hori eskaintzen dutenak. Familiek ez dute ezer ordaindu beharrik euren haurrek ekintza hauetan parte hartu ahal izan dezaten eta horrek asko errezten du bidea”.

 

Alebin mailako atleten Gipuzkoako txapelketako emaitzak:

2022-04-03 Eibar. 1.go jardunaldia

  • 150 hesiak: Urrezko domina.

  • Pisu jaurtiketa: Zilarrezko domina.

  • 150 metro lisoak: Zilarrezko domina.

  • Altuera jauzia: Brontzezko domina.

     

2022-04-10 Irun. 2. jardunaldia

  • Pilota jaurtiketa: Urrezko domina.

  • 60 metro hesiak: Brontzezko domina.

  • 60 metro hesiak: Brontzezko domina.

 

2022-05-01 Arrasate. 3. jardunaldia

  • Jabalina jaurtiketa: Urrezko domina.

 

2022-05-15 Tolosa. 4. jardunaldia

  • 4x60 metro lisoak: Brontzezko domina.

  • 2. postua ikastetxeka

 

2022-05-22 Donostia. 5. jardunaldia

  • Proba konbinatua (pisu jaurtiketa, luzera jauzia eta 60 metro lisoak): Urrezko domina

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!