Abuztuko eta iraileko festak ia-ia prest dituzte Zizurkilen

Irune Alfonso 2022ko eka. 30a, 07:36
Abuztuaren 12an, iluntzez jaurtiko da jaien hasierako suziria.

Abuztuko Andramarien eta iraileko Arantzazuko Amaren jaien antolaketa lanak oso aurreratuta daude

Andramariak abuztuaren 12tik 15era ospatuko dira, lau egunez jarrian. Abuztuaren 12an, goizean goizetik, oilasko-biltzaileak baserriz baserri ibiliko dira. Jai Batzordeak dei berezia egin die parte hartzeko gogoz diren gazte eta ez hain gazteei. Iluntzean jaiari hasiera emango diote txupinazoarekin. Erraldoi eta buruhandien kalejirarekin eta herri afariarekin, eguna borobila izango da. Goizeko ordu txikietan dantzan amaituko dute festazaleek, Laiotz taldearen kontzertuarekin.

Gainerako egunei dagokienez, hauexek laburbilduz egun bakoitzean nagusituko dena. Abuztuaren 13an haurren eguna ospatuko dute, egun osoko ekitaldiekin. Abuztuaren 14an koadrilen eguna egingo dute. Jokoak, herri bazkaria, bingo musikatua eta erromeria izango direla aurreratu daiteke. Kilimak eta Gora Herria izango dira festazaleak dantzan jartzen ariko diren musika taldeak. Abuztuaren 15ean haurrentzat abentura jolasak antolatuko dituzte. Gainerakoan, eguerdian herri kirolak, iluntzean trikitixa emanaldia eta sagardo dastaketa, eta gauean bertso jaialdia.

Irailean Elbarrenako jaiak

Abuztuko oporraldia amaituta, Aiztondoko festazaleak Zizurkilera begira jarriko dira. Irene Larrañaga Jai batzordeko kidea da.

Uda osoa falta da, baina iraila ez dago hain urruti. Zer aurreratu daiteke?

Buruhandien irteera, txaranga doinuak, herri afaria, karaokea... urtero-urtero egiten diren jarduerak ez dira faltako. Zuzeneko musikak izango du, aurten, protagonismo berezia. Osteguna egun lasaiagoa denez, kontzertua antolatu dugu. Ostiralean ere kontzertua izango da, eta larunbatean berbena.

Zein ekitaldi ziurtatu daitezke, gainerakoan?

Bingo musikatua. Azken urteetan izugarrizko arrakasta izan du. Bestalde, patata-tortilla lehiaketa pandemia garaian hasi ginen antolatzen eta horri ere eutsiko diogu, parte hartze ona lortu baitugu.

Bernarda gogoan izango al duzue?

Igandeko Dianan omenduko dugu. Egitarauan “Bernardaren diana” izenez agertuko da diana, aurrerantzean. Gosari ederra eskaintzen zigun jaietan. Ez zuen gutxiago merezi.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!