“Naturaren ziklotik oso urrun gaude; ez gara horren arabera bizi”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko uzt. 28a, 09:00

Jone Larrañaga Iturria eta Izaro Lizarraga Galdos, Zizurkilen.

Jone Larrañaga Iturria eta Izaro Lizarraga Galdos Herribiziguneko kideak dira. Inoiz pentsatu al duzu, irakurle, zergatik dituen urteak hamabi hilabete, asteak zazpi egun eta egunak 24 ordu? Bada, erlojuaren orratzetatik ihes egin eta ilargiari begiratu diote Zizurkilen.

Adituak baino, arituak omen dira Jone Larrañaga Iturria eta Izaro Lizarraga Galdos zizurkildarrak, saltserak. Beren jakin-mina elikatzearen ondorio da egin berri duten proiektua: ilargi-egutegia. 

Dokumentazio-lan handia egin behar izan al duzue egutegia osatzeko? 

Jone Larrañaga Iturria: Josu Naberanek ilagi-egutegiaren gainean liburu bat dauka, eta bertatik atera dugu alderdi teknikoa (hilabeteak sailkatzeko moduak, adibidez).

Izaro Lizarraga Galdos: Haren proposamenetik abiatu gara. Naberanek ikerketa potoloa dauka, eta hari pila lotzen ditu. Horri guztiari jarraipena eman zioten beste zenbaitek eta guk hariari tira egin diogu. HerriBIZIgune elkartean, orain lau urtetik, ilargi-egutegiaren araberako urt(z)e berria ospatzen dugu, gainera. 

J.L.I.: Zizurkilen, eguzki-egutegiarekin bizi gara, oraingoz (barrez), baina egia da egitasmoak pixka bat apurtu egiten dituela oso barneratuta ditugun denborazkotasunak.

I.L.G.: Beharbada, inoiz ez dugu pentsatu zergatik egiten dugun horrela denboraren banaketa. Ez da zientifikoki oso justua, ez digu Lurrarekin loturarik erakusten. Naturaren ziklotik oso urrun gaude: ez dakigu ezer interpretatzen, ez gara horren arabera bizi. Aldiz, Naberanen proposamenak harreman zuzenagoa dauka naturarekin.

Egutegiari erreparatuta, zenbat urtaro bereizten dira? 

J.L.I.: Bi, uda eta negua. Horretarako, garrantzi berezia dauka ekinozioak. Urte berria udaberriko ekinoziotik gertuen dagoen ilargi berriarekin hasten da (egunaren eta gauaren orduak gutxi gorabehera pareko direnean). Urteak ez du beti iraunkortasun bera, hala nola: aurten, apirilaren lehenean hasi da urtea; aldiz, datorrenean, martxoaren 21ean. Udazkeneko ekinozioak uda eta neguaren arteko bereizketa egiten du. 

Nola neurtzen dira hilabeteak? 

I.L.G.: Ilargialdi bat da, ilbete oso bat, bi asteko zikloan banatuta. Lehena ilbetera begirakoa da (ospakizuna nagusitzen da), eta hurrengoa ilberrirainoko aldiak hartzen du. 

J.L.I.: Hori da, astea beti hasierarekin lotzen da. Astea (14-15 eguneko multzoa), lehen haste bat, berritik betera. Bigarrena, ordea, betetik berrira.

I.L.G.: Bi asteak elkarrengandik desberdinak dira. Eguzkiaren isladaren arabera, lehen astean, igandea egun handia da (jai eguna), eta aurreko hiru egunak (larunbata) ospakizun horren prestaketa dira. Horrez gain, bi asteetan daude: astelehena, hasierako egun multzoa; asteartea, ilargia erdizka argiztatuta dagoen eguna (beti da egun bakarra). Eta ilargia bete edo hustu arteko bidea, asteazkena.

J.L.I.: Garai batean, burua zerura jaso eta ilargiari begiratzen zioten. Naberanek aipatu duenez, egur-xafla batzuk aurkitu ziren behin, besteak beste, Euskal Herriko koba batean. Gure aurrekoek ilargia irudikatzen zuten horietan. 

I.L.G.: Gure mundua oso zehatza da. Antzinean, denboraren zehaztasunak ez zuen garrantzirik, laxoagoa zen.

Argitasunaz gain, ilargiaren jauziak irudikatu dituzue. 

J.L.I.: Ilargiaren faseen sailkapen bisuala egin ohi dugu, alegia, argitasunaren arabera bereizten ditugu. Alabaina, Lurrarekiko duen gertutasun maila da benetan garrantzitsuena dena eta eragina duena (uztan, itsas-mareetan…). Hala, zirkunferentziaren kanpoaldean, horixe da irudikatu nahi izan duguna, jauziekin.   

I.L.G: Ilgora eta ilbehera kontzeptuak ez ditugu ongi erabiltzen; berez, horiek ez dute argitasunarekin zerikusirik, gertutasunarekin baizik.

Marrazkietan, euskal tradizioaren erreferentzia asko ipini dituzue. 

I.L.G.: Udari begira, kolore beroak aukeratu ditugu, eta, negurako, hotzak. Lehenak hedapenari egiten dio erreferentzia; neguak, nor bere baitan biltzeari. Bestalde, naturarekin, euskal tradizioarekin, mitologiarekin eta lurraldetasunarekin lotura duten ezaugarriak jarri ditugu. 

J.L.I.: Ilargiak lotura handia du euskaldunekin. Aipatutako egur-xafla horrekin, argi ikusten da ilargiaren araberako denborazkotasuna zutela. Beharbada, naturarekin harremana zuen jendeak ematen zion garrantzia ilargiari. 

Posible al da ilargi-egutegiarekin bizitzea, eguzki-egutegiak horrenbesteko indarra daukan toki batean?

I.L.G.: Zenbait jardueratan erabiltzen da (landaketan, adibidez), baina Mendebaldeko kulturan antolatuta gauden bezala, oso zaila da. 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!