Errepublika defendatu zutenen arrastoari jarraituz

Aiurri 2022ko uzt. 26a, 12:20

Zarate-Andatzako eremuan, Ezkeltzu gaineko Arripilleta inguruan, Aranzadi elkarteko kideak eta boluntarioak indusketa arkeologikoa burutzen ari dira, eta bertan aukitutako guztiaren berri eman dute bi bisita gidatuen eskutik, azken egunetan. 1936ko kolpe militarraren eragileek eta Errepublikaren defendatzaileek inguru horietan eduki zituzten borrokaldiak zertan izan ziren argitu nahi izan dituzte bisita gidatuekin. Kronika, argazki-sorta eta bideoa, ikusgai: 

 

Uztailaren 16an, Aiztondo bailarako herritarrei eman zizkieten azalpenak, eta hilaren 21ean gauza berbera egin zuten komunikabideen aurrean, Pilar Legarra Asteasuko alkatearekin eta Maite Amenabar Zizurkilgo udal ordezkariarekin batera.

Manex Arrastoa Aranzadiko arkeologoak bisita gidatura bertaratu ziren herritarri gogoratu zienez, Saseta defentsa sistemaren ikerketarako indusketa-kanpainak Adunan, Belkoain mendian 2013an hasi ziren, eta geroztik, urtez urte zabaltzen joan dira, lubakiak induskatuz, dokumentazio lanak eginez eta bertako bizilagunen testigantzak jasoaz. Gehitu zuenez, iaz, Zarate Bentatik gertu dagoen Azarolatxiki mendi muinoan defentsa sistemako beste lubaki bat topatu zuten, Zizurkilgo lur sailetan baita ere.

Orain arte Zarate-Andatzako eremuan topatu dituzten arrastoek argi uzten dute defentsa leku militarraren ikuspegitik urgentziazko eraikuntzak izan zirela, adierazi zutenez. Alegia, ez daukatela Bizkaiako frontean aurrerago eraiki zirenen sakonera eta prestakuntza.

Aurten industen ari diren lur eremuetan, batik bat bala-zorroak topatu dituztela zehaztu zuten.

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!