“Kolektiboki erantzun behar zaio indarkeria obstetrikoaren egitura sistematikoari”

Alba Cabrera Jauregi 2022ko abu. 31a, 08:33

Nahia Alkorta Elezgarai, Zizurkilen bertan ateratako argazkian.

Nahia Alkorta Elezgarai indarkeria obstetrikoaren biktima da. Erreparazioa eskatu dio Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Estatuari, zizurkildarrak Donostiako ospitalean, 2012an, bere lehen semearen erditzean, jasandako indarkeriagatik.

Nazio Batuen Erakundearen ateetara iritsi zen duela hiru urte Nahia Alkorta Elezgarai zizurkildarra, orain hamarkada bete, bere lehen haurraren erditzean, pairatutako indarkeria obstetrikoa dela eta. Orain, arrazoia eman dio mundu erakundeak. Ebazpenaren ondorengo egunetan bildu zen berarekin Aiurri, ibilbideari, zauriari, bortxari izena jartzeko.

Uztailaren 10ean, hamar urte bete zituen zure semeak. Hamar urte, zu erditu zinenetik. Barrenak mugituta?

Urtero-urtero, batez ere, lehen bi urteetan eta aurten, hamargarrenean. Nik beti esaten dut, umearen urtebetetzea da, baina baita amaren erditze-betetzea ere. Aurten, bereziki, mugitua nengoen, eta, zurrunbilo horretan, abokatuaren deia jaso nuen: Nazio Batuen Erakundearen ebazpena uztailaren 13an atera zen. Aurretik ere nahastuta nengoen, hamarrak baduelako presentzia handia. Fisikoki ere gorputza deseroso daukat; antza denez, banekien zerbait zetorrela.

Nola oroitzen duzu egun hori?

Ama gaztea izatea erabaki nuen, 25 urterekin, hain justu ere. Osasuntsu nengoen eta haurdunaldia ondo joan zen. Poltsa hautsi eta Donostiako ospitalera joan nintzen. Bertan, ingresatuko nindutela esan zidaten, baita indukzioaren aurretik 24 ordu itxarongo zituztela jakinarazi ere (bien bitartean, beraien artean komentatzen hasi ziren ohe bakarra zegoela eta abar).

Hamabi ordutara, alegia, 24 orduetatik oso urrun, indukzioa egingo zidatela esanez etorri zitzaizkidan. Hor izan nuen nire lehen eztabaida: “Guk ez dugu goizeko 04:00tan indukziorik egiten...”, esaten zidaten, eta nik, erantzun ez zitzaidala axola goizeko 08:00ak arte itxarotea, ondo geunden bitartean, ez nuela presarik. Hor, lehenengo ezetza: gainera, ez zizkidaten arriskuak azaldu, ez eta alternatibei buruz ezer esan ere. Zuzenean, oxitozina jarri zidaten; gorputzean eragiten duen efektua nahiko toxikoa da, eta, halere, ondo eraman nuen, ordu luzez. Hor ere, tartean, izan ziren beste kontu batzuk: egoiliarrik ez egotea eskatu nuen; bada, batek, barkamena eskatzen zidan bitartean, baginako esplorazioa egin zidan; izugarrizko mina. Horrelakoak egon ziren.

Hurrengo eguneko goizeko 08:00etan, ginekologo gizon bat gerturatu zitzaidan “nik zainduko zaitut” esanez. Beldur handia eman zidan horrek. Handik minutu gutxira, beste bi ginekologorekin etorri zen eta zesarea egingo zidatela jakinarazi zidaten, umea gaizki zegoelakoan. Ezezkoa eman nien nik, azalpen eske, izan ere, monitoreak ondo zeudela ikusten nuen eta, aurrez, emaginarekin hitz eginda nuen nik. Hierarkia kontua ere izan zen, zeren beren artean (emagina eta ginekologoak) desadostasunak egon baitziren. Horren aurrean, ph-aren froga egiteko eskatu nien (haurrak ia sufrimendurik duen antzemateko); alabaina, esan zidaten ez zuela merezi, erabakita zeukatela. Oso modu txarrean joan ziren, eta, ospitalean nengoenez, beraiek esaten zutena egin behar nuela esan zidaten.

Hala, emaginari beste baginako esplorazio bat egiteko eskatu nion, ea benetan erditzea geratuta zegoen ala ez ikusteko. Berak esan zigun ezetz, alegia, aurrekotik hona bazegoela aldea, txikia, baina hori normala zela, epidurala jarrita nuelako. Ginekologoekin hitz egin zezan eskatu genion; saiatuko zela esan zigun, baina medikuen erabakia aldatzea oso zaila ikusten zuen.

“Mantso azaldu, nekatuta nago”. Medikuei egingo zidatena azaltzeko eskatu nien eta beraiek erantzun azkarra eman zidaten: “Kirofanoan sartu eta 40 minutura bukatuko da”. Ez baimenik, ez arriskuen jakinarazpenik, ezer ere ez.

Hamar bat pertsona sartu ziren logelan, inguratu egin ninduten eta nire bikotekideari garrasika hasi ziren, dena jaso behar zuela esanez. Ez zidaten agurtzeko aukerarik eman; bera nirekin egon zitekeen galdetuta, ea zoratuta nengoen erantzun zidaten.

Panpina baten gisan tratatu zintuztela salatu duzu.

Ebakuntza-gelara sartu ninduten, eta mahaira bota, txerri bat izango banintz bezala; kolpea gogoratzen dut. Jendea sartu-irtenean ikusten nuen, beren artean hizketan. Dardarka nengoen, negar batean; ez nuen ezer ulertzen, izugarrizko blokeoa neukan. Momentu batean, anestesistak esan zidan: “Orain egin dezakezun bakarra lasaitzea da, zure umearengatik”.

Eta nola lortu zenuen hori, adrenalinazko egoera batean?

Arnasa hartzen ahalegindu nintzen eta dardara kontrolatzen. Epiduralarekin zaude, eta denaren jakitun zara, mugimenduak nabaritzen dituzu. Esku-hartze osoa nola egiten zidaten entzun nuen, azalpen guztiak, egoiliarrak zeudelako bertan. Umea atera zidatenean, garrasi egin nuen, eramatera zihoazela ikusi nuelako; haurra besoetan zuen langilea niregana biratu zen eta errieta egin zioten. Ekarri zutenerako, garbituta zegoen. Muxu emateko hurreratu zidaten, baina ez bera ukitu ahal izateko bezainbeste; nik besoak lotuta nituen. “Hil naiteke”, sentitu nuen. Memorian hutsunea dut ondoren, dudan hurrengo irudia esnatze-unitatean baita.

Hor bakarrik zinen, zure bikotekidea gabe.

Bakarrik nengoen, ingresatutako beste pertsona batzuekin batera. Ez zegoen gortinarik, intimitaterik gure artean. “Hankak altxatzeko gai zarenean, eramango zaitugu”, esaten zidan langileak. Ahaleginak eta bi egiten nituen, baina ez zen nahikoa. Lau orduz eduki ninduten han, plantara joan eta nire familiarekin elkartu aurretik. Lau egun izan nintzen bertan: “Gutxi barru etxera zoaz, ea nola zaintzen duzun umea...”, esaten zidaten.

Jaioberrien unitatean izan zuten haurra. Nire bikotekideak borrokatu egin behar izan zuen sartu ahal izateko. Biberoia eman behar ziotela esan zioten; berak, ezetz, bularra eman nahi niola. Glukosaren frogan emaitza baxuak eman omen zituen umeak; gerora, historial klinikoan hori hala ez zela baieztatu dugu.

Gurasoenean egon behar izan nintzen hasieran, nire etxeko eskilarak ezin nituelako igo. Lehen hiru hilabeteen oroitzapenik ez dut. Lehenagotik ezagutzen nuen ginekologo pribatuak ikusi ninduenean, “horrek guztiak ez zuen gertatu behar”, esan zidan. Une horretan bertan, klik egin nuen.

Hain justu ere, bizipenetik hamar urte igaro diren honetan, Espainiako Estatuari erreparazioa eskatu dio Nazio Batuen Erakundeak, zure kasua medio. Nola jaso zenuen albistea?

Bertigoa sentitu nuen, behin aitortza juridikoa lortuta, babes politikoa zein soziala helburu dudalako. “Zer datorkit gainera?”, pentsatu nuen, albistearen deia jaso nuenean. Oso gogorra izan zen: 13an jakinarazi ziguten, 14an prentsa-oharra atera zen eta, 15ean, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren adierazpena argitaratu zen hori guztia ukatzen. Bikaintasunez lan egiten dutela azaldu zuten. Bien bitartean, nigana minduta jo du beste emakume batek: Donostiako ospitalean nire bizipenaren esperientzia berdina bizi izan zuen uda hasieran.

Hori guztia kudeatzea oso gogorra egin zait. Ez dut ezer ospatzeko tarterik izan, badakidalako ez duela ezertarako balioko, ziurrenik. 2020an beste ebazpen bat atera zen eta Espainiako Estatuak esan du ez duela beteko. Derrigorrez bete behar duten NBEren agindua ez badute errespetatzen, zertarako izango dira gai erditze-gela batean?

Ez ditut gorroto, ez diet amorrurik, ez nago haserre. Baina ez dut nahi hori gehiago gertatzerik. Horregatik egin dut.

Hamar urte ondoren iritsi da erantzuna. Luzea egin al zaizu bidea?

Oso luzea. Soilik urtebeteko epea daukazu lege-prozesua hasteko. Hori horrela, emakume askok ezin dute egin, kontzientzia eta indarra hartzen dutenerako, ez daukatelako baliabide juridikorik. Banekien oso gogorra izango zela prozesu judiziala: nire perituak mespretxatu zituen epaileak, ez zituen entzun (guztiak emakumeak dira). Aintzakotzat, soilik, Osakidetzako gizon batek egindako txostena hartu zuen; ez dut sekula pertsona horrekin hartu-emanik izan. Bertan, trauma osteko estresa baino, neure irudipena dela guztia jartzen du.

Epaiketa horretatik, EAEko auzitegira jo genuen. Ondoren, Espainiako Konstituzio Auzitegira, eta, azkenik, Nazio Batuen Erakundera.

Non topatu zenuen ospitalean sentitu ez zenuen babesa?

El parto es nuestro elkartearen “Apoyo cesareas” delakoan izugarrizko babesa jaso nuen. Bestalde, abokatuak eta arlo honetan dabiltzan eragileak ere garrantzitsuak izan dira. Mugimendu feministaren babesaren falta sentitu dut, izugarri. Zentzu horretan, bakarrik sentitu naiz. Ahizpatasun handiagoa behar da, sarearen falta nabari dut; hemen ez dago. Nik ez dut alboratuko halako zauri batekin datorkidan jendea, baina nork sostengatuko du? Egiteke dugun ikasgaia da. Gaiari heldu beharra diogu, guztiok amak ez bagara ere, alabak garelako, eta erditzeko uneak pisua daukalako gerora izango garen horretan.

Donostian, EAEn, Espainiako Estatuan, Munduko Nazio Batuen Erakundean... Zenbat aldiz itxi dizute atea?

Guztietan, azkenekoan izan ezik. Batzuetan, ez didate zabaldu ere egin, pentsa. Esparru sozialean ere, hautsak harrotzen ditu, antzeko esperientzia bizi duen amarik egon ezean. Jendeak ez du jakin nahi, ez gaude prest.

Bien bitartean, Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteak indarkeria obstetrikoaren existentzia ukatzen du.

Hamar urte hauetako uneren batean, profesionalen batek aitortza egitea espero nuen, “barkatu, gaizki egin nuen”. Ez da inor etorri, ezta etorriko ere. Inork ez du aitortuko horren parte izan denik. Autokritika egin ezean, zilegitasuna ematen ari dira.

Egun, zein harreman daukazu sabeleko orbainarekin?

Asko kostatu zitzaidan ispiluaren aurrean gelditzea. Ilunetan dutxatzen nintzen. Kulero altuak eraman behar izan ditut, min fisikoa saihesteko. Zenbaitetan, hilekoarekin nagoenean, besteak beste, sabela puzten denean, tira egiten dit. Orain, hor dago, presente dago, nire parte da sabeleko orbaina, baina ez gara ondo moldatzen.

Denboraren joanarekin, ospitalean geroz eta begirada konplize gehiago topatu al ditzake amak langileen artean?

Konplizeak badaude, baita duela hamar urte ere. Baina pena handia ematen du, horiek erre egiten direlako, ez baitaukate sostengu sozialik. Lanean, egunero, sistemaren kontra joan behar baduzu, izugarrizko talka da. Oso profesional onak ditugu lanean, baina sistemak irentsi egingo ditu.

Pairatu duzuna emakumearenganako indarkeriarik isilenetakoa dela uste duzu?

Hainbat borroka-ildo jorratu ditugu, baina, kolektiboki, ez diogu horri eutsi. Kolektiboki erantzun behar zaio indarkeria obstetrikoaren egitura sistematikoari. Itsu, mutu eta gor nahi gaituzte, subjektu pasibo. Guztiek, erditzeaz asko edo gutxi jakin, tratu berdina izatea nahiko nuke nik: errespetuzkoa.

Ikaragarria da kontatzen ez baduzu sortzen den zauria; barrutik jaten zaitu... Eragina du horrek; ez, soilik, zure haurrarekin izango duzun erlazioan, baita bikotekide-harremanean eta bestelako esparruetan ere. Horrelako esperientzien ondoren, emakumeak arlo sozialetik desagertzen dira, maiz.

Izana aspalditik badu ere, izena orain gutxikoa du indarkeria obstetrikoak (Munduko Osasun Erakundeak 2014an onartu zuen). Zertan ipini behar da begirada?

Batetik, boterea duten horiek interpelatu behar dira, baita, bestetik, indarkeria obstetrikoa gauzatzen dutenak ere. Oso zaila da, ordea. Horretarako, gaia jendartean mahaigaineratu behar da eta borroka soziala aktibatu.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!