Zizurkilgo Jaiak Irailak 3-11

"Herritarrek txupinazoa iristeko izugarrizko ilusioa izaten dute"

Irune Alfonso 2022ko ira. 1a, 08:00

Edurne Mendizabal Zizurkilgo jai batzordeko kidea da. Zazpi urtez barraren bestaldean egon da lanean; aurten jai du.

Ilusio handiarekin ikusi zaitugu jaien inguruan hitz egiten.

Ilusio handia izaten dut beti, herriko festak dira eta antolatzeko gogoz egoten naiz, jaiak noiz iritsiko zain geratzen naiz gero. Azken bi urtetan nekagarriagoa izan da, 'ez jaiak' antolatzea arau guztiak jarraituz gogo gutxiagorekin aritzen zara, baina, aurten bai, aurten ilusio handiz hartuko ditugu jaiak.

Uliazpiri omenaldia egingo diozue. Haien lana, nola ez, omendu asmoz?

Urte guztian lanean aritzen den entitatea da eta herriko ekitaldi asko eta askotan parte hartzen dute. Zizurkilen parte direla, bertan daudela erakutsi nahi dugu. Euren lana eta eurak ikustaraztea da lortu nahi duguna, eta horregatik pentsatu dugu txupinazoa beraiek botatzea.

Jaietan ohiko ziren ekitaldi guztiak berreskuratuko al dituzue?

Guzti-guztiak ez dut uste. Asko bere horretan utziko ditugu, aldaketaren bat izango dute ordutegian, dianaren kasuan adibidez, baina gehiengoa egingo dela esango nuke: herri bazkaria, diana, herri afaria... Danborrada jada ez da egiten, esaterako. Bestalde, ekitaldi berriak sartzen saiatu gara.

Zizurkildarrek gogokoen duten ekitaldia zein dela iruditzen zaizu?

Txupinazoa zalantzarik gabe, herritarrek izugarrizko ilusioa izaten dute. Aipagarriena herri bazkaria, litzateke. Bertan adin tarte desberdinetako jende asko biltzen gara. 600 pertsona inguru esango nuke, eta aurten, jende gehiago elkartuko garela uste dut. Oso giro polita izaten da.

Egitaruan Los Zopilotes Txirriaus ikusteak arreta piztu digu.

Herriko jaiak herritarrentzat egitea izan dugu helburu beti, baina egia da, kontzertu batzuk ere jartzen ditugula inguruko jendea erakartzeko. Talde honek izena aspalditik du lortua, eta gainera, musika dantzagarria eta gure gustukoa egiten dute.

Melo prest dago?

Aurten ilusio handiagoarekin etorriko da Melo.

Bernarda oroituko duzue zizurkildarrek…

Emakume zizurkildarra zen Bernarda. Igande goizetan, dianarekin batera dultzaineroak euren saioa egiten dute ibilbide batean zehar eta Bernardaren etxean amaitu. Dultzaineroentzat eta dultzaineroekin batera doazen herritar horientzat gosaria prestatzen zuen Bernardak; ez zen nolanahiko gosaria izaten. Sekulakoa zen, bere jokabidearen erakusgarri. Oso giro "etxekoa" sortzen zuen. Ez dugu bera oroitzeari utzi nahi, eta horregatik, herri bazkariari, "Bernardaren herri bazkaria" izena jarri diogu.

Nola bizi dituzu zuk jaiak? Herriko jaiak bere horretan ospatzea pozgarria da, ezta?

Barru-barrutik bizi ditut jaiak. Zerotik amaierara arte antolatzen aritzen gara, eta detaile guztiak kontuan hartzen ditugu, horregatik lehenengo egunetik iristeko gogoa izaten dut. Jai egunetan, ez dut asko pentsatzen oso festazalea naizelako, baina beti egiten duzu barne balorazio txiki bat.

Urte askotan barra atzean egokitu zaizu jaiak ospatzea...

Zazpi urtez jarraian aritu naiz tabernan lanean. Aurtengoa izango da lehenengo urtea ez dudana tabernan lanik egingo. Jaia eta lana uztartzea, egia esan, oso gogorra egiten da. Festazalea, herrikoa, eta herriko jai batzordeko kidea izanik, oso zaila izaten da sentimenduei eustea. Urte osoan zehar antolatzen ibili ondoren, ekitaldi batzuetan ezin parte hartu izanak min ematen du.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!