Lodosako pilota txapelketa irabazi dute Julen Alberdik eta Jon Erasunek

Aiurri 2022ko ira. 19a, 12:56

Zizurkildarrek "Virgen de las Angustias" torneoa irabazi zuten Astiz-Alduntzin bikotearen aurka (22-19). 200 pilotazaletik gora bildu ziren San Francisco Javier frontoian eta partida ikusgarriaz gozatzeko aukera eduki zuten.

Lehen tantotik norgehiagoka orekatua eta bizia izan zen; lau pilotariek gogor lan egin zuten partida irabazteko. Jon Erasunek segurtasun handia erakutsi zuen eta kolpe sendoak eman zituen. Julen Alberdi, ohi bezala, lehen koadroetan deabrukeritan aritu zen, teknikoki min handia eginez. Aurkariek ere, defentsa sendoa eta eraso bikaina erakutsi zuten. Esan bezala, goi mailako pilota partida izan zen eta ikusleak guztiz murgildu ziren finalean. 

Zizurkildarrek Astiz-Alduntzin mendean hartu zituzten eta alde handia lortu zuten (18-11). Hala ere, Alduntzinek eta Astizek jarrera aldatu eta gogor lan egiteari ekin zioten, markagailua berdintzea lortzeraino (19-19). Norgehiagokaren azken txanpa ikusgarria izan zen; tanto luzeak, biziak eta gogorrak izan ziren, baina gizpukoarrek sendotasuna erakutsita hiru tanto egin eta partidua irabaztea lortu zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!