Urriaren 9an izango da Zizurkilgo Azoka

Aiurri 2022ko urr. 4a, 15:25

Urriaren 9an, igandearekin ospatuko da aurtengo Zizurkilgo Azoka Berezia. XXIV. ediziora iritsi da dagoeneko eta gaur egin dute aurkezpena. Artisauen zein jakien postuez gain, pottoka erakusketa ere izango da.

Maite Amenabar zinegotzia, Ainhoa Larrea kultur teknikaria, Ainhoa Azpeitia nekazaritza teknikaria, Pottokazale elkarteko Nerea Lertxundi eta Iker Urruzola alkatea izan dira gaurko aurkezpen ekitaldian, azokaren nondik norakoak azaltzeko.

Goizez

Iazko bideari jarraituz, goizez egingo da aurtengoa ere; 10:30etan irekiko ditu ateak, eta 14:30ak arte egongo dira zabalik postuak. Maite Amenabarrek eman dio hasiera ekitaldiari: "Datorren urriaren 9an herrigune osoa azoka-gune bihurtuko da. Zimiterioa, Pello Mari Otaño plaza, Teodoro Hernandorena kalea eta Intxaur pilotalekua postuz beteko dira. Aurten, berrikuntza gisa, San Millango belazea gehituko zaio azoka-guneari. Pottoka arrazako abereak izango dira bertan ikusgai, orain azalduko diguten bezala. Bestalde, ohiko moduan, artisauen lanak eta jaki goxoak erosteko aukera bikaina eskainiko digu Zizurkilgo Azokak".

Ainhoa Larreak azaldu duenez, "Artisauek hogeita hamairu postu jarriko dituzte azokan. Denetarik aurkitu ahal izango dugu bertan; zeramika, egurra, beira, jantziak, bitxiak, xaboiak... Azpimarratzekoa izango da haien lana gertutik ezagutzeko modua eskainiko dutela, haietako batzuk, bertan lan eginez. Esaterako, beira erakustaldia eskainiko dute eta, bestalde, xaboi tailerran parte hartzeko aukera ere izango dute txikiek". Artisauei dagokienez, datu bat ere azpimarratu du Ainhoa Larreak: "Gerturatuko diren artisauen artean, hiru herrikoak bertakoak izango dira".

Ekoizleen garrantzia

Jakiak ere izango dira azokan, noski. "Ekoizleak izango dira guztiak ere. Garrantzia berezia ematen diogu horri Zizurkilgo Azokan. Bertako nekazaritza babesteko dugun biderik onena, eurek ekoitzitako produktuak erostea da. Bertako produktuak eskaintzen dituzte postuak izango ditugu", azaldu du Ainhoa Azpeitiak. Barazkiak, pasta, gazta, patea, eztia, arrautzak.... denetarik izango da aukeran. "Ekoizle gazteak eredu berriekin datoz, sare sozialetan zabaltzen dute euren lanaren berri eta hori ere polita da. Urtean zehar euren berri izateko aukera izango dugu bide horretatik. Horixe da, esaterako, Aranburu arrautzak edota Balerdipeko eztigileen kasua". Ekoizpen modu ekologikoari ere keinu bat egingo dio Zizurkilgo Azokak: "Andoaingo Aspillakoek euren postua jarriko dute".

Pottokak

Baserriari lotuta, pottoka erakusketa ere antolatuko da aurtengo azokan, eta horixe izango da gainera berrikuntza nagusia. "12:00etatik 14:00etara ikusgai izango dira San Millango belazean. Eta umeek pottoka gainean ibiltzeko aukera ere izango dute", azaldu du Ainhoa Azpeitiak.

Nerea Lertxundi, Pottokazale elkarteko kideak eman ditu azalpenak: "Gipuzkoako Pottokazaleen elkarteko zenbait kidek ekarriko dituzte euren abereak. Gaur egun, 60 bazkide  inguru ditu elkarteak  eta  bazkideen artean 579 pottoka dituzte erregistratuta. Horietako batzuk Zizurkilen ikusteko aukera izango dugu urriaren 9an. Pottoka, bertako abere-arraza da. Bere berezigarria kolore beltza, tamaina txikia eta izaera zintzoa da. Bere ezaugarriengatik ez du haragitarako joera eta beste arraza batzuekin nahasten joan zen, arraza bezala galtzear gelditu arte. Elkarteen lanari esker berriro berreskuratu da arraza, bere ezaugarriekin". Zizurkilgo azoka egunean, Pottoka arrazako animaliak gertutik ezagutzeko aukera izango da.

Senidetzea

Iker Urruzola alkateak eman dio amaiera gaurko agerraldiari: "Zizurkilen, urteko egunik kuttunenetakoa izaten da Azoka berezia. Jende askoren lana eskatzen du eta ez dut aukera hau galdu nahi guztiei eskerrak emateko: teknikari, brigadako langile, bolondres... eta abar luze bat aritzen da lanean azoka eguna antolatu ahal izateko. Eskerrik asko denei! Aurten, bisitari bereziak izango ditugu egun horretan. 2014az geroztik Gironako Llado herriarekin senidetuta dago Zizurkil eta bi urteko etenaren ondoren, senidetzea berresteko, Lladoko herritarren bisitaldia jasoko dugu. Gure herriaren bereizgarri den azoka berezia ezagutzeko aukera izango dute lladotarrek. Bertan pasako dute eguna, gure produktuak eta egun horretako giroa ezagutuz eta gozatuz. Urriaren 8an, azokaren bezperan iritsiko dira Lladoko herritarrak. Ongi etorria eman eta ekitaldia egingo dugu senidetzea berresteko. Azoka ezagutuko dute urriaren 9an eta, biharamunean, Amaiurrera joango gara elkarrekin. Urriaren 11n, amaitzeko, senidetze afaria egingo dugu". Azokara gerturatzeko gonbita luzatuz amaitu du agerraldia Urruzolak: "Guztia prest dago dagoeneko, giro bikainean, goiz ederra pasa ahal izango dugu urriaren 9an".

Autobusa, doan

10:15etan hasita, doako autobus zerbitzua martxan izango da goizean zehar, herrigunera iritsi ahal izateko. Bi geldialdi egingo ditu Elbarrenan; Bulandegi bideko errotondan eta Zubiaurretxon. Autobusa joan-etorrian ibiliko da goiz guztian zehar, 15:00ak arte.

Aparkalekuak

Autoz gerturatu nahi dutenengan pentsatuta, bi aparkaleku nagusi prestatuko dira. Elizaren atzealdeko parkinean, zenbait aparkaleku gordeko dira ezintasunen bat dutenentzat. Gainerantzean, Perot lantokian ere izango da autoak uzteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!