Azoka Berezia, bikaina

Aiurri 2022ko urr. 9a, 20:32

Azoka Bereziaren XXIV. edizioa ospatu da gaur Zizurkilen. Eguraldi bikainak lagunduta, jende asko hurbildu da Zizurkilgo herrigunera. Postu aukera zabala aurkitu dute bertaratu direnek eta, giroa ere bikaina izan da.

Artisauen produktuak eta zaindutako jaki goxoak erosteko aukera izan dute azokara gerturatu direnek. Asko eta asko izan dira Udalak antolatutako doako autobusean gerturatu direnak.

San Millango belazean jarritako pottoken erakusketak jende asko erakarri du. Txikiek pottoka gainean ibiltzeko aukera izan dute, eta ilara luzeak sortu dira aukera hori aprobetxatu nahi zuten umeekin. Gozatua hartu dute denek.

Zimiterioan, Pello Errota plazan, Teodoro Hernandorena kalean eta Intxaur pilotalekuan jarri dituzte postuak. Aukera zabala izan da. Bitxiak, larrua, egurra, jostailuak, oihalak, ogia, loreak, pasta, patea, barazkiak, sagardoa, eztia... denetarik zen aukeran.

Giroa bikaina izan da. Eguerdian, Llado eta Zizurkilen arteko senidetzea berresteko ekitaldia egin dute Iriarte etxearen atzealdean. Lledoner zuhaitza landatu dute bertan, Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak eta Quim Tremoleda Lladoko alkateak. 14:30ak arteko egon da zabalik azoka eta azken unera arte, asko eta asko izan dira postuetan barrena ibili direnak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!