Zubimusuko afera plenoan aztergai izan zen

Aiurri 2022ko urr. 26a, 07:01

Plenoan gai berari buruzko bi mozio aztergai izan ziren. Alde batetik, PSE-EErena. Eta, bestetik, EH Bilduk eta EAJ-PNVk adostutakoa. Gehiengo osoz abertzaleen mozioa atera zen aurrera.

Villabonako eta Zizurkilgo PSE-EE alderdiek mozio bana aurkeztu dute udaletxeetan, Zubimusuko ikastolan aurreko astean piztu zen polemikaren harira: “Sozialistok, hezkuntza-komunitatea bezalaxe, kezkatuta gaude gai horren inguruan; izan ere, ikasleen matrikulazio-datuak faltsutzea oso zaila da, inskribatzeko prozesua konplexua baita. Inork ez genuke adierazitako gertakarien larritasuna ahaztu behar, are gutxiago gure Udalak, ikastetxe horretako ikasle gehienak gure udalerrian bizi baitira. Hori dela eta, PSE-EE alderdiak honako mozio hau aurkezten du, osoko bilkuran eztabaidatu eta onartzeko”.

Amasa-Villabonako ikastolaren gertakarien harira, eta PSEk aurkeztu duen mozioari erantzunez, EH Bilduk eta EAJk idatzi bat adostu dute. Mozio horretan ikastetxe ezberdinen arteko elkarlanaren defentsa egiten da. Hauxe alderdi abertzaleek adostu dutenaren laburpena: “Udalak euskal eskola publikoaren aldeko jarrera argia duela adierazten du. Zizurkilgo hezkuntza komunitatearen oinarria dira San Millan eta P.M. Otaño eskolak eta Udalak ematen dien garrantziaren seinale dira azken hilabeteetan eskola horietan egin diren hobekuntzak. Era berean, udalbatzak Zizurkilgo Udalari eskatzen dio ikastetxe ezberdinen arteko elkarlana sustatzea aurrerantzean ere, ikastetxe ezberdinak izanda ere, herri batek batzen gaituela senti dezagun”.

Amaitzeko, uneotan lantzen ari den hezkuntza lege berriaren harira, “Zizurkilgo Udalbatzak eskatzen du lege hori alderdi eta hezkuntza eragileen arteko elkarrizketaren bidez gara dadila, Euskal Autonomia erkidegoko datozen hamarkadetako hezkuntzaren oinarriak ahalik eta elkarbanatuenak izan daitezen, euskara eta integrazioa ardatz hartuta”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!