Euskaraldia | Aiztondo

“Errealitatea islatuko du hirugarren Euskaraldiak”

Ainhoa Gil 2022ko aza. 20a, 12:39

Maider Barandiaran eta Irati Egibar  Euskaraldia Batzordeko kideak

Hirugarren ediziora iritsi da Euskaraldia. Nola bizitu duzue antolaketa lana?

Aurreko bi edizioetan, Udaleko Euskara Batzordeak bideratu ditu antolaketa laneko hainbat arlo. Teknikariek hartu zuten, esaterako, izen-emateen ardura. Zuzen eta txukun egin zuten lan hori. Aurten, lehen aldiz, herri batzordea sortu dugu Euskaraldiaren inguruan. Ozta-ozta izan bada ere, aurreko edizioetako lanak egitea lortu dugu. Nolanahi ere, udal teknikariekin harremanetan ere bagaude, noski. Izan ere, elkarlana ezinbestekoa da. Udalak herritarrok behar gaitu eta herritarrok ere ezin dugu sostengatu horrelako ekimen bat Udalaren elkarlanik gabe. Lanak banatu ditugu. Batetik, herriko elkarteekin harremanetan jarri dira udal teknikariak, euren parte-hartzea sustatzeko. Batzordekideak berriz, herriko komertzioetan ibili gara.

Emaitzei dagokienez, herriko entitateek eutsi egin diote aurreko edizioetako kopuruei. Elkarte guztiek baiezkoa eman dute. Gainera, bi jai batzordeak gehitu dira zerrendara. Komertzioei dagokienez berriz, ezezkoren bat jaso dugula aitortu behar dugu. Euskarazko zerbitzua ematen duen arren, ez parte hartzea erabaki du herriko merkatari batek, eta hori ere azaldu beharreko errealitatea da.

Zein ekitaldi antolatu duzue Zizurkilen Euskaraldiaren harira?

Herritarren inplikazioa eskatuko duen ekimen bat abiarazi dugu: gure ustez, modu kolektiboan nahiz indibidualean inplikatzen lagunduko duena eta erreala izango den ekimentxoa. Euskal kantutegiarekin play-zerrenda osatu nahi dugu, herri mailan erabilgarria izango dena. Euskarazko kantutegia behar denean, guztion eskura eta erabilgarri egongo den zerrenda osatuko dugu guztion artean.

Herriko eragileei nahiz norbanakoei egin zaie beren gustuko kantuen zerrenda bidaltzeko eskaera. Azaroaren 17an, Euskaraldiaren hasiera ospatuko dugu eta play zerrenda horren aurkezpena egingo dugu. Baina zerrenda hori ez dugu egun horretan itxiko. Aberasten eta osatzen jarraituko dugu abenduaren 3ra arte. Egun horretan, azoka egingo da herrian eta play zerrendaren aurkezpen ofiziala egingo dugu, kontzertutxo batekin.

Aurkezpena eginagatik, ez dugu zerrenda itxia izaterik nahi. Guztien artean etorkizunean ere zerrenda luzatzen joatea da helburua.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!