Abenduaren 3an Zizurkilen egingo den Azoka Berezian postua jartzeko asmoa duzue. Zer erosi ahal izango dugu zuen postuan?
Marokon jaioak gara eta, bertako gozoak egiteko asmoa dugu. Almendra, kakahueteak, eztia... osagai ezberdinekin egindako gozoak eramango ditugu. Gozo horiez gain, haragiz betetako enpanadilla modukoa eramateko asmoa ere badugu.
Fadwua, ez da hau azokan parte hartzen duzun lehen aldia. Zer moduzkoak izan dira aurreko esperientziak?
Iaz parte hartu nuen lehen aldiz. Eramandako guzti-guztia saldu nuen, beraz, pozarren geratu nintzen jasotako harrerarekin. Jende asko gerturatu zen postura eta haietako gehien-gehienak animatu ziren erostera. Gure gozoen eta sukaldaritzaren inguruko jakin-mina ere erakutsi zuen jendeak eta horrek poza ematen du.
Aurten ere gustura eman dut izena. Habiba Bakour izeneko laguna nirekin batera aritzeko prest agertu da eta bion artean egingo ditugu aurten gozoak. Azokako postuan ere izango dut laguntzaileren bat. Iaz semea egon zen nire ondoan. Euskaraz ikasten ari naiz, baina oraindik ez naiz erabat trebatu. Semeak ederki egiten du euskaraz, eta postuan egon zen nirekin, euskarazko arreta eskaintzen. Jendeak eskertu egiten du hori.
Noiz hasiko dituzue azokarako prestaketa lanak?
Azoka baino egun batzuk lehenago hasteko asmoa dugu, denboraz lasai ibiltzeko. Gozo asko eramango dugu eta guztia prestatzeko denbora pixka bat behar dugu. Aurten, gainera, iaz eraman ez genuen genero berria eramateko asmoa ere badugu, beraz, denbora gehixeago eskatuko digu lanketak. Lanpetuta ibiliko gara azoka bezperako egunetan, baina gustura egindako lana izango da, noski.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.