Herri Bizi Gune Elkarteak Elikadura Sarearen III. Urteurrena ospatuko du asteburuan

Aiurri 2022ko aza. 30a, 12:21

Ostiralean hasiko da urteurrena eta larunbat atsaldera arte iraungo du. Elkartea Zizurkilgo komunitatearekiko zuten kezkari irtenbidea bilatzeko xedez sortu zuten.

Elkartetik, hilabete batzuk beranduago, herriko produktuak kontsumitu eta sustatzeko elikadura sarea sortu zen. Horiek horrela, elkartearen hirugarren urteurrena ospatuko dute. Egitaraua:

Ostiralean, arratsaldeko 18:00tan hasita, "Desazkundearen beharra" erakusketaren irekiera egonen da, Plazaetxeberriko topagunean. Jarraian, 19:00tan "ekologista naiz baina..." hitzaldia egonen da, Gorka Egiaren eskutik.

Larunbatean, goizeko 10:00tan, "herritarron jakintza, eskuetatik eskuetara" paper tintaketa tailerran parte hartzeko aukera egongo da. Arratsaldeko, 18:00tan, Topagunearen inaugurazioa izanen da.

Duela hiruzpalau urte, Zizurkilgo herriguneko herritar batzuk gure herriko komunitatearekiko genuen kezkari ekarpen praktikoa eman nahian, HerriBIZIgune elkartea sortu genuen.

Elkarte horretatik, hilabete batzuk beranduago, bertako (hurbileko) produktuak kontsumitzeko sustatuko zuen elikadura sarea sortu genuen. Hasiera oso xumea izan zen, baina, poliki-poliki, esperientziaren eskarmentuaren bidea jarraituz, webgune bat sortu genuen. Ondoren, udalaren laguntzarekin, Plazaetxeberriko txabola erabiltzen hasi ginen. Gaur egun, elikadura sareak 40ren bat bazkide ditu, eta, astero-astero, inguruko ekoizleek eskaintzen eta ekartzen dituzten produktuak banatzen jarraitzen dugu.

Jada, hiru urte joan zaizkigu elikadura sarea sortu genuenetik eta jauzi berri bat emateko garaia iritsi dela iruditzen zaigu: herriBIZIgune sarea txabola utzi eta Plazaetxeberri eraikinean inauguratuko dugun Topagunean sartzera goaz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!