Gaur abiatuko da Kirol Astea

Aiurri 2022ko abe. 13a, 12:12

Gaur jarriko da martxan Zizurkilgo Kirol Astea. Natalia Ibañez Sanseko nutrizionistak hitzaldia eskainiko du Atxulondo kultur etxean, arratsaldeko 18:00etan, herriko elkarteetako ordezkariei zuzenduta. Hortik aurrera eta igandera arte, ekitaldi mordoa izango da aukeran.

Iban Lizarraga kirol zinegotziak, Ainhoa Larrea teknikariak eta Iker Urruzola alkateak egin dute Kirol Astearen aurkezpena. Urte asko da abenduan kirolari eskainitako ekitaldiak antolatzen direla Zizurkilen eta halaxe izango da aurten ere. Berezitasun bat izango du aurtengoak gainera, izan ere, Gau krosa XXV. ediziora iritsiko baita.

Gaurko hitzaldiak emango dio hasiera Kirol asteari eta, igandera arte, izango da zertaz gozatu. Aurtengoan, gainera, emakumea izango da hainbat ekitaldietako erdigune:

Ostegunean, abenduaren 15ean, mahai-ingurua izango da Atxulondo kultur etxean, 19:00etan, “Euskal selekzioa posible al da?” gai gisa hartuta. Danok Danena halterofilia taldeko Batis Kortajarena, Danena txirrindularitza taldeko Ander Altuna, Maider Mendizabal pilotaria, apnean aritzen den Gari Iruretagoiena eta Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalari ohiak elkartuko dira gaiaren inguruan duten ikuspuntuaz solasean aritzeko.

Ostiralean, abenduaren 16an, pilota-jaialdia jokatuko da Zizurkilgo Intxaur frontoian.

18:00etan, Ziotza pilota eskolako umeen partidak jokatuko dira.

19:00etan, partidak jokatuko dira paleta eta larruzko pilotarekin:

Leire Galdos/Itsaso Erasun

Amaia Irazustabarrena/Miriam Delgado

20:00etan, erremontea

Etxabe II – San Migel

Zubeldia – Aizpurua II

 

Larunbatean, abenduaren 17an, HAMABI ORDUZ KIROLEAN ZIZURKILEN izango da.

Goizeko 11:00etan, haurrentzako kirol eta jokoak izango dira Intxaur frontoian, ZEK elkartearen eskutik.

17:00-18:30/18:30-20:00, gazteentzat eta emakumeentzat parkour tailerra izango da Joxe Arregi plazan. Kirol ezberdina probatzeko aukera izango dute Zizurkilgo emakumeek. Beldurrak uxatu, eta gerturatzeko deia egin dute antolatzaileek.

Eta, egunari amaiera emateko, gaueko 22:00etan, Haurren Gau Krosa jokatuko da, eta 22:30ean, Zizurkilgo XXV. Gau Krosa-Ibontxo Gonzalez Memoriala.

 

Igandean, abenduaren 18an, Danena taldeko kirolez gozatzeko eguna izango da.

9:00etan, Danena txirrindularitza taldeak antolaturiko bizikleta ibilalbia izango da, LH3-DBH4 arteko gaztetxoei zuzendua.

12:00etan, emakume pultsularien Egarri Saria, Joxe Arregi plazako aterpean. Emakumez soilik osatutako lehen txapelketa izango da honakoa, eta ikuskizun aparta espero da.

Eta, arratsaldeko 17:00etan, jubenilen futbol-partida. Danena eta Ordizia, jokoan igoera-fasea dutela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!