Giro bikaina Zizurkilgo XXV. Gau Krosean

Aiurri 2022ko abe. 17a, 11:12

Ibontxo Gonzalezen omenezko Gau krosa jokatu zen atzo Zizurkilen. 22:00etan ekin zioten lanari korrikalari gaztetxoek eta 22:30etan hasi zen helduen txanda. Ibontxo Gonzalezi omenaldi goxoa eskaini zioten lagunek eta ondoren ekin zioten korrika saioari. Bide bazterrak jendez bete ziren gau kros bikainean.

Aitor Regillaga eta Maialen Gurrutxaga izan ziren garaile helduen mailan.

22:06 minutu behar izan zituen Aitor Regillak helmugara bitarteko 7 kilometroak egiteko. Lau segundu beranduago helmugaratu zen Amets Aranberri eta, hirugarren postuan Aitor Etxeberria. Aiztondoko lehen ordezkaria Aritz Garin Arrastoa izan zen, laugarren postuan.

Emakumeen artean, Maialen Gurrutxaga andoaindarra izan zen garaile, 27:34 minutuko denbora eginez. Ainhoa Usandizaga eta Nerea Amilibia helmugaratu ziren bigarren eta hirugarren, 28:09 eta 29:08 denborarekin. Laugarren postuan heldu zen helmugara Lourdes Colomo zizurkildarra, 29:48 denborarekin.

Umore onean eta giro ederrarekin egin zuten korri atzoko krosean. Jende asko bildu zen lasterketa ikustera eta, amaieran, txokolate beroa dastatzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!