Zizurkilgo mugarrien gaineko lanketa aurkeztu dute

Ainhoa Gil 2022ko abe. 20a, 19:29

Yoseba Alonso, Javi Castro, Julian Arrastoa, Iker Urruzola eta Joxin Azkue

Hiru urtetako lanketaren fruitua aurkeztu zuen atzo Hernandorena Kultur Taldeak. Aranzadi Zientzia elkartearekin lankidetzan eta Zizurkilgo Udalaren babesarekin, Zizurkilgo mugarrien inguruko ikerlan sakona egin dute. Udalaren eta herriaren eskutan utzi zuten atzo gauzatutako ekitaldian.

2020an sinatu zen Hernandorena eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmena. Mugarri zaharrak aurkitu, garbitu eta dokumentatu ditu kultur taldeko kideek hiru urte hauetako bidean. Julian Arrastoa Agote eta Joxin Azkue Gabilondo taldekideek, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko Yoseba Alonso Arratibel eta Javi Castro Montoyarekin aritu dira lanean. Artxibategiko lan handia eskatu die horrek, baita mendi buelta asko ere.

Hernandorena taldeko kide da Joxin Azkue: “Bide honetan, gure herriko muga guztiak pasa ditugu, mugarriak bilatu eta garbituz. Mugarri bakoitzaren fitxak osatu ditugu, etorkizunerako gordea gera dadin. Hiru urte hauetan, astero-astero bildu gara eta lan horren emaitza guztion eskura utzi nahi dugu orain”.

Ikerlanaren emaitza oso-osoa txosten batean bildu dute Hernandorena taldeko kideek. Hernandorena taldearen helburu nagusietako bat dibulgazioa izanik, herriaren esku jarri dute euren lana. 2022ko abenduaren 19an gauzatu zenmugarrien inguruko txostena Udalaren esku uztea. Gaiaren inguruko interesa duen edonork izango du eskura aurrerantzean, bai udalean, baita www.hernandorena.eus webgunean ere. Plazida Otaño Liburutegian ere utzi dute ale bat,  eta baita udal artxibategian ere. Zizurkilgo ondarearen zati garrantzitsua geratu da jasoa.

Eskerrak emanez amaitu zuen saioa Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak: “Ez naiz inoiz nekatuko Hernandorena Kultur taldeari eskerrak emateaz. Borondatezko lanean aritzen dira gure herriko ondarea aztertzen eta gero, guztion eskura jartzen dute euren lanaren fruitua. Udalarentzat plazer bat eta luxua da hori. Lankidetzarako prest egongo gara etorkizunean ere. Horrez gain, eskerrak eman nahi nizkieke udal langileei ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!