Zizurkilgo mugarriak azaleratu dituzte

Ainhoa Gil 2023ko urt. 16a, 07:32

Yoseba Alonso, Javi Castro, Julian Arrastoa eta Joxin Azkue, lanaren egileak, Iker Urruzola alkatearekin, txostena Udalari emateko ekitaldian.

Zizurkilgo ondarea berreskuratu eta zabaltzeko lanetan ari da Hernandorena taldea aspaldiko urtetan, eta herriko mugarriak aztertzeko erronkari eustea erabaki zuten.

2020an sinatu zen Hernandorena taldearen eta Zizurkilgo Udalaren arteko lankidetza hitzarmena. Hiru urteko bideari ekin zioten momentu hartan.  

Julian Arrastoa Agote eta Joxin Azkue Gabilondo Hernandorena taldeko kideek, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko Yoseba Alonso Arratibel eta Javi Castro Montoyaren lankidetza izan dute bide honetan. Hiru urteko bidean, astero-astero elkartu dira euren lana egiteko. Hala azaldu du Joxin Azkuek: “Asteazkenero-asteazkenero bildu gara. Mendira joaten ginen goizetan, mugarrien bilaketa lanak egitera eta dokumentatzera. Sastrakaz, otez eta lokatzez betetako txoko asko miatzea egokitu zaigu, baina oso giro onean ibili gara. Eguerdian elkarrekin bazkaldu ondoren, bulegoko eta artxiboko lanak egiteko aprobetxatzen genuen arratsaldea. Bildutakoa behar bezala dokumentatu eta gordetzea oso garrantzitsua da lan hauetan. Momentuan txukun egiten ez baduzu, ezinezkoa da gero guztiaz oroitzea, horregatik da garrantzitsua datu guztiak ondo eta berehala gordetzea. Asteazkenetako jardunaz gain, bakoitzak bere etxeko lanak ematen zituen, astean zehar aurreratzen joateko”. 

Zizurkilek zortzi herri mugakide ditu: Amasa-Villabona (3,2 km-ko mugalerroa), Anoeta, Asteasu (7,1 km), Aia (3,6 km), Usurbil (2,6 km), Zubieta / Donostia (584 m), Andoain (2,0 km) eta Aduna (8,0 km). Herri hauen eta Zizurkilgo Udalerriaren tartean sortzen den mugalerroan 135 bat mugarri eta mugagune aurkitu eta jaso dituzte euren lanean. Haietako batzuk, oso bereziak: Berezien artean aipatu behar dira Usurbilgo mugan dauden bi mugarri. Orreagako bakulua dute zizelkatuta. Orreagako kolegiatak jabetza handiak zituen inguru hauetan. Andatza mendia, Usurbil aldera, kolegiatarena zen. Orreaga eta Zizurkilgo herribilduaren artean liskarra sortu zen eta, mugak ondo zehazte aldera, akordio batera iritsi ziren 1389ko azaroaren 6an. Orreagako kolegiataren bakulua ageri da, oraindik ere, inguru hartan agertutako zenbait mugarritan. 1389ko akordio hura da, bestalde, Orreaga eta Zizurkilgo artxibategietan aurkitutako pergaminoetan jasotzen dena. 

Taldea

Talde-lana; mugarrien inguruko lan hau definitu beharko balu, halaxe definituko luke Azkuek. “Lau kide aritu gara, guztiak ere elkarrengandik oso ezberdinak. Oso ondo asmatu dugu bakoitzaren ezaugarriak lan honetan txertatzen. Talde polita osatu dugu eta oso gustura aritu gara. Hiru urteko bidea izan da eta, lan txikia izango zela uste bagenuen ere, hari ezberdinei tiraka hasita, handi bihurtu da. Taldean arituta, asko ikasi dugu elkarrengandik eta hori oso aberasgarria da beti”, azpimarratu du. 

Mugarrien inguruko lana amaituta, Hernandorena taldeko kideak ez dira eskuak gurutzatuta geratuko. Dagoeneko finkatuta dute hurrengo lana: “Herritar batek proposatu zigun herriko iturrien inguruko lana egitea. Erronkari eutsi egingo diogu, eta lana zabaltzen aldera, urarekin zerikusia duten beste zenbait elementu ere aztertzeko asmoa dugu: garbitokiak, askak... Polita litzateke herriko zenbait iturri berreskuratu ahal izatea. Ikusiko dugu lan honek zer ematen duen”. Jende berria behar dute Hernandorena taldeko kideek: “Oinarrian bi kide gabiltza orain lanean, eta kide berrien laguntza ondo etorriko litzateke. Gure herriko ondarea berreskuratzea oso interesgarria da, aberasgarria”. 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!