Torturaren auzian benetan neurriak hartzeko eskatu dute Joseba Arregiren omenezko ekitaldian

Xabier Lasa 2023ko ots. 12a, 20:43

Joseba Arregi gogoratu dute gaur, torturaz erail zutela 42 urte bete direnean. Senideek, lagunek eta herritarrek lore eskaintza egin dute Joseba Arregi plazan, Egiari Zor Fundazioak antolatuta. Espainiako Estatuko gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari “adierazpen argi bat egin dezatela” eskatu diete ekitaldian, “erantzukizunak bere gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko”. Argazki-bilduma eta lore eskaintzaren eta hitzaldiaren bideoak, ikusgai:

 

Olaia Toral abeslariak eta Nerea Esteban eta Janire San Sebastian dantzariek parte hartu dute ekitaldian barrena.

Nekane Txapartegik hartu du hitza ekitaldian, Egiari Zor Fundazioa ordezkatuz. Asteasuarrak, Euskal Jaurlaritzaren aginduz, EHUko Kriminologia Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoan egin zuen torturaren inguruko ikerketa txostena hartu du aipagai: “Bost urte pasa dira, eta egia ofiziala ezartzeaz harago, txosten honek bitartekotuz hornitu beharreko bide horri hori bat marraztu zuela argi ikusi genuen. Herri honetako instituzioetako arduradunek, ordea, nahiago izan dute txostena tiraderan gordeta utzi, haien bete beharren helmuga hori balitz bezala. Guk inolako zalantzarik gabe diogu txostenean agertzen den erradiografia gordinak akuilu izan behar duela torturaren eragin osoarekin amaitzeko, eta horrek bitartekoak eta neurriak jartzea eskatzen du”.

Gehitu zuenez, etorkizunean hartu beharreko neurriak asko dira, “funtsezkoak berriro gerta ez dadin eta torturatuen komunitateari zor zaion aitortza eta erreparazioa integrala izan dadin”.

Torturatik bizirik atera diren pertsonek zeresan handia dutela adierazi zuen Txapartegik. “tamalez, gure gorputzetan jasan genuenok ondo dakigu torturak ez zuela soilik gure iraganean eragin; egunerokotasunean pairatzen ditugu ondorioak eta etorkizunera proiektatuko dira egoera hau eraldatzeko neurriak hartu ezean”.

 

Hartu beharreko neurriak

Hartu behar diren neurri horietako batzuk zerrendatu ditu Nekane Txapartegik: “Torturaren erabilera ahalbidetu duen estruktura desegin; atxiloaldi inkomunikatuaren erregimena bertan behera utzi; Estatu espainiarraren indar armatuak Euskal Herritik atera; parametro demokratikoetara egokitutako eredu polizialaren inguruko hausnarketa sakona bideratu; torturaren erabilera prozesala eten eta atzera begirako erabilpen horren ondorioak aztertu eta erreparatu; bizirik suertatu zirenen banakako eta taldeko konponketa integralerako baliabideak; torturaren fenomenoan logika patriarkalek eta heteronormatiboek eragindako zauriak sendatzeko berariazko programak barne; bortxa instituzionalaren adierazpen zital honek 14 pertsona hil zituen herri honetan, eta berariazko aitorpena eta erreparazioa eman; gehiago luzatu gabe, gure errealitateak memoriaren alorreko politika publikoaren parte izan behar du”.

 

Torturatutako emakumeei, mezua

Emakume torturatuei bereziki luzatu zien mezua Txapartegik, hitzartzearen amaieran: “gure emakume gorputzak guda zelai patriarkal bihurtu zituzten komisarietan, hitz egin dezagun politizatutako gorputz horietatik, antolatu dezagun mina eta izan gaitezen torturaren aurkako borrokan akuilu. Bortxatu gintuzten-zituzten gorputzak sujeto politiko bihurtuz aitortzaren eta egiaren bila. Memoria bizidunak gara eta gehiegi, oraindik ere, entzungor eta ikusi gabe jarraitzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!