Ziotza Pilota Eskola izango da Txapela Eguneko txapelduna

Aiurri 2023ko ots. 22a, 11:36

Martxoaren 11an izango da aurtengo 28.edizioa izango duen Txapela Eguna. Iaz beranduago egin zen pandemiako neurriak zirela eta, baina aurten berriro ere ohiko datan egingo dute; martxoko bigarren larunbatean hain zuzen. 

Txapela Eguna bi helburu nagusirekin sortu zen; batetik, Txapela jantzi eta lagun giroan herritarrak batzea, eta bestetik, herri giroa sustatzen lan egiten duen talde edo norbanako bati eskertza ematea. Hori horrela, aurtengo txapelduna Ziotza Pilota Eskola izango da. 

Festa batzordearen erabakiaren arrazoiketa laburra: “Zizurkilgo herrigunean edo Zizurkil goian ez daude aisialdirako aukera asko eta horietako bat da azken urteetan Ziotza pilota eskola. Herriguneko zein Elbarrenako neska-mutilen elkargune, pilotan jolasteko giro euskaldunean. Ziotza pilota eskolan eman zituzten lehen pilotakadak gaur egun maila ederrean ari diren hainbat pilotarik baina hori lortzeko pilota eskolaren ardura hartzen duten guraso eta entrenatzaileen lana ezinbestekoa da. Hori da hain zuzen festa batzordetik azpimarratu nahi
duguna, pilota eskolak jarrai dezan hamaika herritarrek egin duten ahalegina eta uneotan egiten ari diena, herri giroari ekarpen garrantzitsua egiten diotelako. Txapelaren bidez, aurrera jarraitzeko indarra ere eman nahi diegu. Honela, aurtengo txapela eguna ezinbestean pilota hotsez jantziko da. ”

Egitaraua: 

16:00 Txapeldunen mus lehia zentroan.
16:30  Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian

18:00 Pilota Partidak. Lehenik pilota eskolako kideak. Ondoren,
afizionatuen pilota partida
Julen Alberdi eta Jon Erasun vs Ander Perurena eta Julen Aizpuru
21:00 Txapeldunen afaria Iriarte jatetxean.
-Arrain zopa
-Oilaskoa patatekin
-Etxeko tarta
-Kafea eta txupitoa
Prezioa: 30€
Txartelak salgai  Iriarten.


Afal ostean, Alex Intza 2020.urteko txapeldunak (jaia iaz ospatu zen arren) jarriko die txapela Ziotza pilota eskolako kideei eta pilota eskola izango da 2023ko jaien hasierako txupinazoa botako duena. Jexux Mari Irazu eta Unai Mendizabal bertsolariek girotuko dute afal ostea.
Txapela jantzita eguna gozatzera joateko deia egiten zaie zizurkildarrei 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!