Ezkeltzu inguruan poligono eolikoa eraikitzeko proiektua

Ainhoa Gil 2023ko api. 2a, 08:40

Abereak Peuskateko gainean, Ezkeltzu atzean dutela. Inguru hauetan eraiki nahi dute parke eolikoa. Aiurri

Zizurkilgo Ezkeltzu mendiaren inguruan poligono eolikoa eraikitzeko asmoa azaldu du Green Capital enpresak. Berrehun metroko altuerako errotak jasotzen ditu egitasmoak. Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dago proiektua, uneotan.

Urtebete pasea da Green Capital enpresak bere ekimenaren berri eman zuela. Zizurkilgo Ezkeltzu mendiaren inguruan parke eolikoa eraikitzeko asmoa agertu du enpresak; lau sorgailu aurreikusten ditu proiektuak, guztira 18 megawatioko potentzia gordina batuz. Peuskate mendiaren inguruan, Arripilletako gainean aurreikusten du enpresak lehen sorgailua, Ezkeltzun beste bi, eta Usurbilgo mugatik gertu azkena.

Gisa honetako proiektuek bide administratibo jakin bat jarraitu behar izaten dute eta, 2022ko otsailean eman zuten bide horretako lehen pausoa. Eusko Jaurlaritzari bere asmoak ofizialki jakinarazi zizkion nazioarteko enpresak eta, Ezkeltzun Parke Eolikorako aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera jendaurrean jarri zen. Sektoreko gainerako enpresei ekimenean parte hartzeko aukera eman zien pauso horrek. Epea amaituta, apirilean jakin zen ez zela beste enpresarik aurkeztu Ezkeltzuko parke eolikoa egiteko. Beraz, Green Capital enpresak aurrera egin zuen bere egitasmoarekin.

200 metroko altuera

Momentu horretatik aurrera, sei hilabeteko epea zabaldu zitzaion enpresari, proiektua landu eta aurkeztu ahal izateko. 2022ko uztailean argitaratu zen Ezkeltzu parke eolikoaren proiektuaren hasierako dokumentua. Bertan jasotzen dira proiektuaren inguruko xehetasunak. Berrehun metroko altuera izango duten lau errota jasotzen ditu ekimenak. Konparaketak egiten hasita, 24 metroko altuera du Zizurkilgo herriguneko San Millan elizak, 76 metrokoa Donostiako Atotxako dorreak; Ezkeltzun jarri nahi dituzten aerosorgailuak, beraz, tamaina erraldoikoak dira. Sorgailu horien besoek, haizearen eraginez bueltaka ibiliko direnek, 77 metro baino gehiago neurtzen dute. Ondorioz, eskualdeko puntu askotatik ikusiko lirateke Ezkeltzuko dorre eoliko erraldoiak eta baita Gipuzkoako kostaldeko hainbat herritatik ere.

Lur mugimenduak

Poligono eolikoa Ezkeltzun ezartzeko egin beharko liratekeen lan ezberdinen berri ematen du proiektuaren hasierako dokumentuak. Esaterako, errota edo sorgailu bakoitza eraikitzeko garaian, 3.500 metro karratuko azalera duen gune laua behar dutela jasotzen du proiektuaren hasierako dokumentuak. Lau sorgailu badira Zizurkilen jarriko dituztenak, beste horrenbeste zelaigune sortu beharko dituzte, 3.000 metro karratukoa bakoitza. Lur mugimendu handiak ekarriko lituzke beraz, proiektuak.

Pista eta errepideak

Errotak jartzearekin batera, hauek lotuko dituen pista zabala ere irekiko dute mendian barrena eta poligono eolikoaren kontrola eramateko eraikin bat ere jasotzen du dokumentuak, 240 metro karratuko azalera izango duena.

Poligono eolikoa eraikitzeko, errepidez eraman behar dituzte materialak eta horren inguruko xehetasunak ere ageri dira dokumentuan. Zizurkilgo San Migel ermitatik barrena abiatzen den errepidea aurreikusten dute materiala igotzeko erabiliko duten bide gisa. Bide horrek orain duen zabalera handiagotu egin beharko lukete materiala Ezkeltzuraino igo ahal izateko. Kontuan hartu behar da errota handi horien besoek 77,4 metro inguruko luzera dutela eta oso-osorik igo behar direla. Oso bide zabalak eskatzen ditu horrek eta Zizurkilgo Herrigunetik Ezkeltzura bada 5 kilometro inguruko bidea.

Elektrizitatea

Ezkeltzuko poligono eolikoak sortuko luken elektrizitatea, Adunako subestazio elektrikora eramango dutela aipatzen du proiektuak. Zizurkilgo Iraola eta Saizar baserrietan behera, Aduna aldera luzatuko dira horretarako kableak. Zanga bat egingo dute bide osoan, kableak lur azpian sartu ahal izateko. Ekimenaren berri jakin zenean, kezka sortu zen hainbat herritarren artean eta, lehen bilerak ere hasi ziren, Andatza-Ezkeltzu Bizirik elkartea martxan jartzeko. Zenbait ekimen antolatu ditu elkarteak eta webgune bat ere badu elkarteak, proiektuaren inguruko berri zabaltzeko asmoz. Etorkizunera begira, eta epe laburrean, ekimen gehiago antolatzen jarraitzeko asmoa du elkarteak, Ezkeltzu balioan jarri eta hura babesteko beharra gizarteratu asmoz.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!