"Zizurkilgo Duatloia lasterketa herrikoia izatea nahiko genuke"

Irune Alfonso 2023ko api. 15a, 08:00
EƱaut Galarraga Duatloiaren antolatzailea izateaz gain, Danena Eskolan ere lanean aritu izan da.

Zizurkilgo Duatloiaren bigarren edizioa apirilaren 22an burutuko da. Lasterketa Joxe Arregi plazatik abiatuko da eta bertan egingo da korrika eta bizikleta probaren arteko trantsizioa. Zizurkilgo Duatloiaren antolatzaileetakoa da Eñaut Galarraga.

Zenbat ikasi duzue aurreko urteetatik?

Lasterketarako eremua hobeto kudeatzen ikasi dugu. Iaz, plazan pilatu ziren boxix-ak jasotzen ari zirenak, sari banaketako lagunak eta parte hartzaileak, bai eta parrillada prestatzen ari zirenak ere. Jendea plazan pilatu zen eta ezin izan genuen plaza ongi aprobetxatu, horregatik, aurten aldatu egin dugu planteamendua. Boxix-ak Danenaren laguntzaren bitartez zelaian jarriko ditugu, barrikotea eta parrillada plazan egingo da, eta, horrela, plazako eremua gehiago aprobetxatuko dugu.

Lasterketari dagokionez, ez dugu inolako aldaketarik egin, jendeak bere iritzia eman digu eta oso gustora eta oso ibilbide ona egin genuela aipatu izan digute, hortaz, alde horretatik, ez dugu aldaketarik egin.

Zizurkilgo Duatloia, Euskadiko txapelketaren barnean, Sprint izaerakoa izango da. Azaldu zer den hori ez dakienarentzat.

Duatloiaren barruan bi distantzia mota bereizten dira nagusiki: distantzia luzekoa eta Sprint-a. Sprint izaerakoan, distantzia laburragoak izaten dira; korrika 5 kilometro egiten dira, jarraian bizikleta hartu eta 20 kilometro, eta, azkenik, 2.5 kilometro korrika. Distantzia luzekoan, aldiz, kilometro gehiago dira.

Lasterketako zein zati da gogorrena?

Lehenengo edizioan, parte-hartzaileak gogortasunarekin oso gustora geratu ziren. Lasterketaren alde positibo bat korrika hasi eta, segituan, aldapa gora dagoela da. Korrikalariek hori asko eskertzen dute, hobeto ibiltzen direnek nabarmentzeko aukera izaten baitute. Normalean, horrelako lasterketetan, ibilbide lauak izaten dira eta, hemen, lehenengo momentuan, Fraisoroko aldapa igo behar dutenez, gogortasun puntu hori asko nabarituko da.

Horrez gain, bizikletarekin Aduna eta Zizurkil bi alditan igo beharko dituzte eta, zati honetan, txirrindularitzan ongi moldatzen direnek nabarmentzeko aukera izango dute. Bi zatiak hartuta, lasterketa orekatua izango da eta gogortasuna bi modalitateek izango dute.

Parte-hartzaileek beren denborak hausteko helburuarekin hartzen al dute parte?

Haien artean, liga modukoa dute eta lehiatzera etorriko dira asko. Duatloi askotan parte hartzen dute, horregatik, lehiakortasun hori lasterketetan nabari da. Beste batzuk, aldiz, ibilbideak erakarrita parte hartuko dute, ibilbide polita da eta, aurten, lasterketa herrikoia izanik, alderdi hori indartu egingo da.

Lasterketa herrikoia izatea aurtengo berezitasuna izango da orduan.

Lasterketa herrikoia izatea da aurtengo helburua eta jendeak lehiatu gabe ere ongi pasatzeko aukera dagoela sustatu nahi dugu. Lehiatzea ongi dago, baina, disfrutatzeko eta duatloia probatzeko aukera izatea garrantzitsua iruditzen zaigu. Jende askok ez du ezagutzen modalitatea eta guk hori indartu nahi dugu.

Zenbateko parte hartzea espero duzue?

Oso pozik eta harriturik gaude aldi berean. Iaz 100 pertsona inguruk hartu zuten parte, eta aurten, hilabeteren faltan, dagoeneko, 130 pertsonak eman dute izena. Aipatzekoa da, oraindik, herriko jende gutxik eman duela izena, baina, azken hilabete honetan, herritarrak mugitzea eta animatzea espero dugu. Badira batzuk, Duatloia izenarekin agian beldurtu egiten direnak; oraingoz, 20 herritar eta 110 federatuk eman dute izena. Herritar gehiagok parte hartuko duen esperantza dugu, deialdiak zabaltzen jarraituko dugu eta edonork apuntatu dezakeen mezua zabaltzen jarraitu. Guztira, 200 pertsona inguru espero ditugu.

Emakumeen parte-hartzea nolakoa da?

Gorakada garrantzitsua izan du aurten. Antolatzaileok ez genekien emakumeen parte- hartzea nolakoa izaten den horrelako lasterketetan eta, egia esan, iaz, espero genuena baino emakume gehiagok hartu zuten parte. 100 lagunetik 20 ziren emakumeak, oraindik, gutxi da, bai, baina guk espero genuena baina gehiago izan zen. Aurten, dagoeneko, 35-40 emakume daude apuntatuta eta, oraindik, hilabete geratzen da. Alde horretatik, oso pozik gaude, garrantzitsua baita emakumeak ikustaraztea, hurrengo urteetan, oraindik eta gehiagok parte hartu dezaten.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!