Jaio da Zizurkilgo Herri Kooperatiba

Ainhoa Gil 2023ko api. 18a, 07:00

Martxoaren 29ko herri batzarrean jaio zen HerriBIZIgune kooperatiba.

Zizurkilgo HerriBIZIgunek aurrerapauso handia eman du; elkarte izatetik, herri kooperatiba izatera igaro da.

Duela bi urte sortu zen HerriBIZIgune elkartea. Herriarekiko piztutako zenbait kezka eta helbururi irtenbidea emateko jarri zuten martxan zenbait herritarren artean. Mikel Egibar da HerriBIZIgune-ren sustatzaileetakoa eta hark eman ditu abiapuntuaren inguruko azalpenak: “Gure kezkak hiru atal nagusi batzen zituen. Batetik, komunitatea edo herritarrok sortzen dugun komunitate horren egoera; bestetik, egungo bizimodua, norberarena eta komunitatearena; eta hirugarrena, komunikazioa. Izan ere, gure bizimodua eta gure komunitatearen egoera ere harekiko dugun pertzepzioaren araberakoa da, eta ikuspuntu kritiko horretatik landu daiteke komunikazioa”. 

Hiru atal horien arabera garatu zituzten HerriBIZIguneren baitako proiektu ezberdinak. “Konturatu ginen ideologia baten barruan ari ginela eta ideologia hori gauzatzen da ekonomia sozial eraldatzailearen planteamentuan. Ekonomia aipatzen dugunean, ez da monetarioa bakarrik, baita komunitatean ditugun baliabideen ingurukoa ere. Ibilbide horretan, Kofabrikakoekin egindako lana aipatu behar dugu. Haiek eraman gintuzten kooperatibismoaren bide horretan. XXI. mendeko herrigintzaren gako izango dira herri kooperatibak eta hori da Zizurkilen garatzen ari garena”. 

Ekimen ezberdinak

Modu sakonean landu dute alde teorikoa HerriBIZIgune elkarteko kideek, baina alderdi praktikoan ere lan handia egin dute bi urteotako ibilian: “Elikadura sareak arrakasta handia izan du. Oso proiektu sakona da, bai bere planteamenduan eta baita lortu duen hedapenean ere. Kilometro zeroko filosofia planteatzen dugu, eta baita ekonomia zirkularra ere. Bi elementu horiek modu praktiko bateak garatu eta landu ditugu. Ekonomia zirkularraren barruan ez du guztiak balio; guk deshazkundearen ildotik planteatzen dugu; egun ezagutzen dugun ekonomia-eskala hori desegitea, geroz eta bitarteko gutxiago izanez eta salerosketa zuzenago bat sustatuz. Bestetik, herritik jasotzen dena herriari bueltatzea planteatzen dugu”. Bi ezaugarri hauek landu dituzten elikadura sarearekin. Asteroko eskaintza egiten du elikadura sareak eta, salmenta puntua ere sortu berri dute. Hauxe da HerriBIZIguneren ekimen garrantzitsuenetarikoa. 

Herritarren parte-hartzea

Herriaren jakinduria elkarbanatzeko beste ekimen eder bat ere badute martxan, Eskutik eskura izenarekin. Herritarrek duten jakintza herrikideei eskaintzen zaie, tailer ezberdinak antolatuz. Formazio saio txikiak dira, herritarrek antolatuak. Plaza Etxeberri eraikinaren inguruko parte-hartze prozesua ere HerriBIZIgune elkarteak bideratu du. “Kogobernantza eredu berria planteatzen dugu eta bide horretan, parte-hartze prozesua garatu genuen. Udalarekin batera, gure herrigintzaren atal horretatik, prozesu parte-hartzailea planteatu genuen. Guk dinamizatu genuen bi urtetan eta barneratua dugu dinamika modu hori”.

Komunitarioa, kooperatiboa eta publikoa

Hiru elementu horien arteko lotura landu dute bide honetan. “Horrela iritsi gara kooperatiba sortzeko urrats honetara. Herri kooperatiba esaten dugunean, gure iraganetik berreskuratu nahi dugun herri batzarraren ideia. Herritarrek deia jasotzen dute eta guztien artean hartzen dira gai ezberdinen inguruko erabakiak. Herritarrok partekatzen dugu espazio bateratua, guztiok elkarrekin eraiki beharrekoa. Egitura bat ere behar du horrek eta egitura horrek bermatzen du jendearen eta erakundeen parte hartzea. Hor kokatzen da kooperatibaren sorrera”, azaldu du Mikel Egibarrek. 

Egitura berria eta berritzailea

HerriBIZIgune kooperatibaren egitura sortzea ez da guztiz erraza izan, izan ere, herri kooperatibaren figura ez baitago inon jasoa. Aitzindaria izango da, beraz, Zizurkilgoa. Elikadurarekin lotutako kooperatibak badaude, baina Zizurkilgoak harago joan nahi du. “Nahiko esperimentala da gurea. Lanketa juridikoa egin dugu, Kofabrikako kideekin batera, nolako egitura sor dezakegun erabakitzeko eta, Udalak ere egin du bere lanketa, bai bere teknikariekin eta baita Udalbitzarekin ere. Bi lanketa horien emaitzak gurutzatuta egungo formulara iritsi gara; estatutu sozial batzuetara”, jakinarazi du Egibarrek.

Bazkideak

Zizurkilgo herri kooperatibaren estatutuek jasotzen dutenez, kontsumo kooperatiba bat da, irabazi asmorik gabekoa. Elkarteak dituen ardatz berak jasotzen ditu; komunitatea, komunikazioa eta bizimodua. Egiturari dagokionez, “hiru bazkide mota ditugu; erabiltzailea, lan-bazkidea eta laguntzaile-bazkidea. Azken honetan kokatzen da Udalaren parte-hartzea. Bazkide partikularrak bazkide-erabiltzaileak izango dira”. Dagoeneko 20-30 bazkide ditu kooperatibak eta horrela sortu dute martxan jartzeko beharrezkoa zuten kapital soziala. 3.000 euroko kapital soziala duen kooperatiba izango da HerriBizigune. Kontseilu errektorea ere osatua dago, bost pertsonez osatuta. Horietako bat Udaleko kide bat izango da. Udalak ere bere plenuan aztertu zuen gaia eta aurrera egin dute herri kooperatiba sortzeko urrats honetan. 

Ateak zabalik

Zizurkilgo herri kooperatiban parte hartu ahal izateko ateak zabalik daude noski. Horretarako, herribizigune.eus webgunean aurki daitekeen emailera idatzi besterik ez da egin behar eskaera eginez. Webgunean bertan dago kooperatibaren inguruko informazio osoa; estatutuak, herri batzarreko akta, etab. 

Etorkizunera begira, Plaza Etxeberriko topagunea gorpuztu eta dinamika martxan jartzea da helburuetako bat. Bertan egongo da elikadura gunea eta horren inguruko lanketa egiten ari dira. “Elikaduraren inguruko beste kooperatiba batzuekin ari gara hartu-emanetan, ahalik eta formarik egokiena emateko. Etorkizunari begira, beste hainbat ekimenetan murgiltzeko asmoa ere badute. Esaterako,  “aurrerantzean, energia komunitarioaren lanketa ere egin nahi genuke. Egun indarrean dagoen gaia da, eta lehen bait lehen heldu beharrekoa”. 

 

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!