Lau urteko bidea amaitzear dago. Egingo al zenuke ibilbide honen inguruko balorazio orokorra?
Onartu beharra dago ez dela agintaldi erraza izan, baina berezkoa dut baikortasuna, eta baikortasunetik egingo dut nire balorazioa. Agintaldia hasi eta abiadura pixka bat hartzen hasiak ginenean pandemia iritsi zen. Erritmoa moztu zigun erabat, eta zaila izan da aurrekora itzultzea. Herri programan sartuta genituen zenbait proiektu garatu ezina ekarri digu horrek. Nolanahi ere, gustura nago aurrera atera ahal izan ditugun ekimenengatik. Bestalde, barruko lan handia ere egin dugu eta hori ez da bistaratzen, baina oso garrantzitsua da. Herri programan jarritako zehar-lerro batzuk garatu ahal izan ditugu.
Bistara geratzen ez diren lan horien artean, zein azpimarratuko zenuke?
Herri programako zutabe gisa aipatzen genuen feminismoa eta lau urte hauetan lan handia egin dugu arlo honetan. Lanketa ikaragarria egin ondoren, gorputz handiko protokoloa idatzi eta onartu dugu. Bizirik dagoen protokoloa da Zizurkilgoa, etorkizunean ere garatuz joango dena.
Gure ama hizkuntzaren inguruan ere pauso garrantzitsua eman dugu, UEMAn sartuta. Akuilu lanak egiten dizkigu UEMAk. Egunerokotasuneko lanean egiten ditugun hanka-sartze txiki horietaz jabetzen laguntzen digu eta, UEMAren irizpideak eskura izateak ere lana errazten digu. Oso garrantzitsua izan da guretzat Zizurkil UEMAn sartu izana.
Bai protokolo feministan eta bai euskararen inguruko lanketa horretan, oso garrantzitsua da herriko hainbat eta hainbat eragile ezberdinekin landu izan ditugun hainbat irizpide, jardunbide, lan-lerro etab.
Hirigintza izaten da udalek garatzen duten arlorik ikusgarriena. Zein ekimen garatu dira urte hauetan?
Bulandegiko proiektua azpimarratuko nuke. Asko kostatako proiektua izan da. Ate asko ukitu ditugu, baina finantzaketa iturririk ez dugu lortu. Nolanahi ere, martxan doa eta oso pozgarria da hori. Ia 2 milioi euroko obra da eta 560.000 euroko lehen lana eginda dago. Faserik potoloena aurreratuta dago, beraz.
Lan gehiago ere egin dira. Intxaur pilotalekua margotu eta eraberritu da. Oso itxura ederrarekin geratu da kirol instalakuntza. Horrez gain, lan garrantzitsuak egin dira San Millan eta PM Otaño ikastetxeetan. Urte luzetako eskaerari erantzunez, aterpe zabala jarri zaio herriguneko eskolari eta, ikastetxeko teilatua erabat eraberritu da.
Bestalde, parte-hartze prozesu aberats baten baitan Plazaetxeberri eraikinaren erabilera sustatu da eta etorkizunerako oinarriak markatuta geratu dira.
Hirigintzaz gain, beste hainbat alor garrantzitsu ere izaten da udalean…
Zergen ikuspegitik, herri programan aipatu genuen ildo nagusi bat. Gure herria ez da aberatsen herria, langile klasea da nagusi hemen. Bide horretan, bereizketa egin dugu, gehien duenak gehiago ordain dezan. Hor aipatuko nuke megaproiektuak izan daitezkeenak, sustapen pribatuko etxebizitzak barne, zerga gehixeago ordaindu beharko dutela. Herritarrontzat berriz, zergak mantendu egin dira, edo KPI-a baino gutxixeago igo. Horrek ahalbideratu digu bereizketa egitea: gehiago duenak gehiago ordain dezala eta kaleko jendeak, dagokion zerga ordain dezala. Zerbitzuak jasotzen jarraitu nahi badugu, ezinbestekoa da zergak ordaintzea, baina ordain dezala gehiago gehien duenak.
Hondakinen kudeaketa da Zizurkilen dugun arantzetako bat. Agintaldi honetan pauso bat egin dugu aurrera alor horretan ere. Tasak bikoiztu dizkiegu bereizketa gaizki egiten duten herritarrei. Zoritxarrez, poltsikoa ukitzen digutenean hartzen dugu kontzientzia, eta azken urtetan birziklatze tasek gora egin dute. %61etik, %71ra iritsi gara eta, horrekin batera, kalean ikusten zen zabor kopurua %40an jaitsi egin da. Aurrerapauso polita egin dugu arlo horretan ere.
Landa eremu zabala du Zizurkilek. Zein lan egin da alderdi horretan?
Nekazaritza eta ingurumen ikuspegitik, EH Bilduren helburua beti izan da herri bideak konpontzea eta mantentze lanak egitea. Urtero-urtero konpondu da herri bide bat. Aurten, esaterako, Aiako enklabeetara goaz. Zizurkilek baditu bi gune Aia inguruan eta hango baserrietarako bideak berrituko dira. Badira 50 urte ez dela bertan ezer egin.
Bidezidor batzuk ere berreskuratu ditugu. Zizurkilgo herrigunea eta Elbarrena oinezkoentzat bateratuko dituen bide segurua sortu nahi izan dugu, bide berri bat sortuz. Hori pandemiak erakutsi zigun; norberaren herriaren ezaguera handiagoa izatea oso garrantzitsua da eta ahalegina egin dugu arlo horretan ere.
Kirola, kultura… herrigintzaren arlo garrantzitsuak dira. Zer aipatuko zenuke arlo horiei dagokienez?
Maiatza saltsan ekimenak erronka ezberdinak jartzen dizkigu eta, pandemiarekin batera mugarrien gaia aipatuko nuke. Mugarrien inguruko lanketa horrek gure herria hobeto ezagutarazten lagundu zigun. Eskerrak eman behar zaizkio Hernandorena Kultur taldeari, eta ez naiz sekula nekatuko haien lana goraipatzeaz.
Kirol batzordeak ere aurrerapauso handia eman du. Kirol instalakuntzetan gabezia du Zizurkilek. Ezin ditugu bailaran azpiegiturak bikoiztu, baina norberari berea zor zaio: Halterofiliak duen palmaresa ikusita eta txirrindularitzak ere Zizurkilen izan duen presentziari kasu eginez, bi kirol hauek euren espazioa behar dutela azpimarratu nahi nuke. Kirol espazio berria sortzeko bidean goaz; bereziki halterofilia eta txirrindularitza kontuan izango dituena, baina kirol gehiago egiteko ere egokituko dena.
Giza eskubideen ingurutik, Aranzadirekin lantzen ari gara 1960ko hamarkadatik gaur egunera arte jazarpena jasan dutenen inguruko lanketa.
Agintaldi zaila izan dela aipatu duzu…, arantzarik geratu al zaizu?
Arantza txiki batzuk geratu zaizkit, bai, baina bat nabarmentzekotan, etxebizitza berriak egiteko ezina aipatuko nuke. Nahi eta ezina bizitu dut arlo horretan. Buruan formatu bat nuen, eta erakundean sartutakoan, oso zaila da buruan duzun hori paperera ekartzea. Lan handia egin dugu, baina ez dugu lortu azken joskurak egitea. Etxebizitzen arloa oso garrantzitsua da eta ezin da presakako lanik egin; egitekotan, ondo egin behar da.
Udalean sartu baino lehen, eskatzea egokitzen zitzaidan eta orain erabakitzea. Erabakiak hartzeko garaian, asko neurtu beharra dago. Neurtze horretan, beste hainbat arantza ere sortu zait.
Herrigintzatik zatoz. Herriarekiko zenuen ikuspegia asko aldatu al da udalean sartutakoan?
Ikuspegia ez zait aldatu, herrigintzan aritzeko beste era bat da udal barrukoa. Erabakitzeko momentuan dena oso ondo neurtu behar da eta udal barruko herrigintza erritmoek baldintzatzen dute, baita arautegiak ere.
Herritarrak sakonago ezagutzeko aukera eman dit, bestalde. Eta herritarrek merezi dute. Bere alde onekin eta txarrekin, herritarren lehen heldulekua udala da eta ez dugu guztiekin asmatu, baina gure ahalegin guztia merezi dute, beti.
Duela pare bat hilabete jakinarazi zenuen ez zinela berriz ere aurkeztuko. Zer nolako erreakzioak jaso dituzu? Nola bizi izan dituzu aste hauek?
Nik uste baino jende gehiago hurbildu zait. Sorpresaz hartu dute askok nire iragarpena eta horrek harrotasun puntu txiki bat ematen dit. Animoak eman dizkidate, baina erabakia hartuta zegoen. Bi hilabeteren buruan hartutako erabakia izan da. Mentalki zahartu egin naizela sentitu dut. Udaleko erritmoa oso neure hartu dut; erabakiak hartzeak, ezinak…, faktura pasa dit.
Udalera indartsu sartu nintzen eta pandemiak ikaragarrizko zaplaztekoa eman zidan. Ezingo nuke beste zaplazteko bat jasan eta munduak egun duen norabidea ikusita, beste zaplaztekoren bat jasotzeko arriskua ikusten dut. Horregatik, alde batera egitea erabaki dut. Bi hilabeteren buruan hartutako erabakia izan da. Nire bidea amaitu dela sentitu dut, iritsi naizela itsasora. Aurrerantzean mila saltsatan sartuta jarraituko dut, baina ez ditut arazoak etxera eramango. Gure bidea egin dugu eta beste batzuk bide horri heldu nahi badiote, hortxe egongo da. Ni alboan izango naiz, laguntzeko prest.
Zizurkilgo EH Bilduk dagoeneko iragarri du Maite Amenabar izango dela alkategai. Nola ikusten duzu?
Esperientzia handia du Maitek udalean, 8 urtez izan da zinegotzi eta oso etorkizun ederra ikusten diot: erritmoak ezagutzen ditu, taldean lan egiten badaki, herria eta herritarrak ezagutzen ditu... Munduaren norabideak zaplazteko handirik ez ematea eta lanean lasai uztea espero dut. Langile fina da Maite eta ondo eramango du norabidea, horretan ez dut zalantzarik.
Eta nola bideratuko da Iker Urruzolaren etorkizuna?
Lantokira itzuliko naiz, pozarren. Hernaniko enpresa batean dut lanpostua eta hara itzuliko naiz. Gainerantzean, saltseroa naiz izaeraz. Askotan esaten dut geldirik banago nekatu egiten naizela. Zizurkilgo Erraldoi eta Buruhandien konpartsak geldiune handia izan du pandemiaren eraginez eta astindu bat eman behar zaio. Erreleboa ere behar du...
Nazio ikuspegitik, Gure Esku ekimenean ere gustura ekingo nioke berriz eta herriko eragile ezberdinei laguntza ematen saiatuko naiz; festa batzordean gustura parte hartuko nuke eta, egiten duten lana ezagututa, Hernandorena Kultur Elkarteari nire laguntza eskaini nahiko nioke. Edozertarako naukate hortxe; testuak irakurri, transkribatu, herritarrekin hitz egin, herriko historiaren berri jakiteko… Herriaren mesedetan borondatezko lana egiten saiatuko naiz aurrerantzean ere.