Abiatu da Maiatza Saltsan

Ainhoa Gil 2023ko mai. 4a, 10:20

Inklusioa hartuko dute ardatz aurtengo Maiatza Saltsan ekimenean. Hilabete osoan zehar, dozenaka ekitaldi izango dituzte Zizurkilen.

Maite Amenabar zinegotziak eta Ainhoa Larrea teknikariak aurkeztu zuten, atzo, Maiatza Saltsan ekimena. Amenabarrek zabaldu zuen aurkezpen ekitaldia: “Zizurkil guztiontzako herria da eta hori islatu nahi izan dugu aurtengo egitarauan. Behar fisiko eta psikiko ezberdinak dituzten herritarrak, jatorri ezberdina dutenak, genero eta sexu identitate ezberdinetakoak... guztiak kontuan izateko saiakera egin du Euskara eta Kultura batzordeak maiatzeko egitaraua osatzeko garaian”.
 
Inklusioa

Inklusioa izango da aurtengo Maiatza Saltsaneko ardatza. Ainhoa Larrea teknikariak aipatu zuenez, "Inklusioaz hitz egiten hasi ginenean, ezgaitasun kognitiboa duten pertsonak hartu genituen oinarri, eta Gautenarekin jarri ginen harremanetan. Haien bizitza errazago egiteko, eraikin publikoetan piktogramak jartzea izan da erronka. Udalak zuzenean jarri ordez, herriko ikastetxeekin lanketa bat egitea erabaki genuen. Oso bide aberatsa izan da, oso gogotsu hartu dute ekimena. PM Otaño eta Zubimusu ikastetxeek Gautenarekin landu zuten gaia eta eskola bakoitza bere bidea egiten ari da gaiaren inguruan. Maiatzean zehar piktogramen inguruko lanketa egingo dute eta maiatzaren 29ko astean aurkeztuko dute lan horren emaitza. Ondoren, piktograma horiek jarriko dira eraikin publikoetan. Gautenak azpimarratu egin du gaia familiekin lantzearen garrantzia eta, Maiatza Saltsani hasiera emateko, inklusioaren inguruko hitzaldia izango dugu, maiatzaren 4an, Plazida Otaño liburutegian”.

Inklusioa hitz zabala da, eta gure herrian dagoen aniztasuna islatu nahirik, hainbat eta hainbat ekitaldi antolatu dira Maiatza Saltsanen baitan. “Jubilatu elkarte indartsua dugu Zizurkilen eta, ostiral honetarako eta maiatzaren 19rako ibilaldiak antolatu dituzte bidegorrian zehar. Urtero egiten duten ekimena da honakoa". Genero ikuspegitik, maiatzaren 13rako Maitatzeari Popatik ikuskizun poetiko-musikala antolatu da Maiatza Saltsan-en barruan. 19:00etan hasiko da, Atxulondo kultur etxean.

Maiatzaren 17an, LGTBI+ fobiaren aurkako eguna izanik, Aingeru Mayor idazlearen Tránsitos liburuaren aurkezpena egingo da Plazida Otaño liburutegian, 18:30etan hasita. Ondoren, tertulia saioa egingo da bertan.

Maiatzaren 20an, larunbatarekin, Afrikaren eguna ospatuko da Zizurkilen: “Herrian badugu Divinas taldea, eta haiek antolatu dute eguna. 18:30etan dantza eta musika afrikarra izango ditugu eta baita nazioarteko pintxo-potea ere. Ondoren, 19:30etan hasita, Kinshasa Symphony dokumentala ikusteko aukera izango dugu Atxulondon”.

Zizurkil El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin senidetuta dagoenez, bide horretatik etorriko da maiatzeko beste ekitaldi potolo bat: “Maiatzeko azken asteburuan egingo da Senidetze eguna. 12:30etan egingo zaie harrera herrikoia eta ondoren bazkari herrikoia ospatuko da, musikarekin amaitzeko”.

Ainhoa Larreak gaineratu duenez, “Zizurkilen badugu Guretzako izeneko taldea. Jatorri anitzetako emakume taldea da eta hilean behin elkartzen dira Atxulondo Kultur etxean, esperientziak partekatzeko”.

Dozenaka ekitaldi

Loatzo musika eskolak bandaren aurkezpeneko kontzertua eskainiko du maiatzaren 5ean, ostiralez. “Banda sortu berria da eta, aurrez aurkezpena egina badute ere, lehen aldia izango dute Zizurkilen. 19:30etan hasiko da kontzertua, Joxe Arregi plazan.

Maiatzaren 13an, larunbatarekin, Andatza-Ezkeltzu Bizirik elkarteak antolatutako ibilaldia izango da. Ezkeltzuko hegaztiak, landareak eta ondare arkeologikoa ezagutzeko aukera eskainiko du ibilaldiak eta, 09:30etan abiatuko da P.M. Otaño plazatik, edo 10:00etan Ezkeltzuko magaletik.

Maiatzaren 15ean, hain errotuta dagoen San Isidro eguna izango dugu herrigunean. 12:30etan herri-kirol saioa izango da eta, 14:00etan bazkaria egingo dute.

Maiatzaren 21ean, biatloia egingo dute herrigunean. “Atxulondo eta Egarri tabernek ere euren ekarpena egingo dute aurten, kontzertu bana antolatuz. Maiatzaren 26an, Black Smoke eta Dukkah taldeak arituko dira.

Bukalai taldeak ikasturte amaierako dantza emanaldia eskainiko du maiatzaren 19an, Joxe Arregi plazan. Haur eta gazteen emanaldiaren ondoren, muxikoen saioa izango da. 18:00etan emango zaio hasiera emanaldiari.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi zizkieten herriko eragile ezberdinei, euren ekarpena eginez Maiatza Saltsan ekimeneko egitaraua osatzen laguntzeagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!