"Gizarte politika bultzatuko dugu zaintza eredu berriaren bidez"

Aiurri 2023ko mai. 25a, 11:43

Marije Zelaia da jeltzaleen hautagaia.

Marije Zelaia Egiguren EAJ-PNV-ko alkategaia da, Zizurkilen. Zinegotzi aritu ostean, zerrendaburua izango da Udal hauteskunde hauetan. Gobernuaren jardunbidearekin oso kritiko ageri da. Aiurriko galderak e-postaz erantzun ditu

Zinegotzi aritu zara. Zer nolako esperientzia izan da?

Zizurkilgo Udalean hasi nintzenetik, 2020tik, errespetuz aritu naiz, arreta jarriz zizurkildarrek zer dioten, euskaldun eta abertzale agertuz, EAJko egitasmoa eskainiz. Bestalde, lehen ere izan naiz zinegotzi, Donostiako Udalean, eta hango eskarmentuak lagundu dit hemen. Hiru mila bizilaguneko herri honen abantaila hurbiltasuna da, eta, nahiz eta tamaina eta beharrizanetan aldea egon, udalgintzarako tresnak eta egiturak, oro har, berak dira han eta hemen.  

Eta amaitzear den zikloaz zein balorazio egiten duzu? 

EAJk oposizioa egin du, baina ez ezkorra eta bortitza, eta horren seinale, udal aurrekontuak onartu ditugu, aurtengoa salbu, politika herria eraikitzeko delako. Aldiz, EH Bilduren gobernuak ez du gurekin akordiorik nahi izan, informazioa ukatu eta atzeratu digu eten gabe. Mespretxuz eta jauntxokeriaz gobernatzen ikusi dugu Zizurkilen. 

Zeintzuk dira udalerriak izan beharko lituzkeen lehentasunak, agintaldi berrian? 

Batetik, Plaza Etxeberri egitasmoa. 750.000 eurotan erosi zen eraikin hori 2018an eta orain milioi batetik gorako obrak ari dira aztertzen, proiekturik eduki gabe, eta, elkarte bat eraikineko sotoan kokatuta, Udalak inolako akordiorik ez hitzarmenik gabe. Bestetik, Zizurkilgo saihesbidea egitea, Asteasuko industrialdera doazen ibilgailu guztiak Zizurkil erditik igarotzen dira eta hori konpondu beharra daukagu, Foru Aldundiarekin elkar hartuz.

Udalerriak dituen balio onak nabarmenduko al zenituzke? 

Euskara Euskal Herriaren oinarria dugu eta oinarri horretatik goaz Euskadiko aberria eraikitzen, izan ere euskarak ematen digu euskal nortasuna beste ezerk ez bezala. 

Eta zer hobetu beharko litzateke? 

Gizarte politika bultzatuko dugu zaintza eredu berriaren bidez, pertsona erdigunean, eta gazteen emantzipazioa helburu izango duten neurriak hartuko ditugu. Klima aldaketari aurre egiteko eta ingurumena babesteko energia berriztagarrietan, eguzki plakak jartzeko laguntzak bideratuko ditugu, eta bizikletak uzteko, garbitzeko eta kargatzeko gune bat egingo dugu. Zizurkildarren esku-hartzea udal arlo guztietan ahalbidetuko dugu, ez kultura eta kirol batzordeetan bakarrik. 

Alkategai berrien lehia izango da. Zure kasuan, nolako aldartea duzu azken txanpan?

Ariketa bat proposatzen diet zizurkildarrei: urteen ikuspegia zabaltzea, alderdien historia politikoa begiratzeko. Euskadi zuloan zegoenean, frankismo ostean, EAJk euskal autogobernuaren apustua gidatu zuen, Legebiltzarra eta Jaurlaritza eratuz, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak berreskuratuz, Udalak antolatuz. Beti, bake, politika eta demokrazia bidetik bakarrik, herritar gehienen babesarekin. EH Bildurena alderantzizko iragana da, erabaki handien garaietan erakundeetatik kanpo eta kontra ibili delako ezker abertzalea. Kontuan izatekoa iruditzen zait maiatzaren 28an.

 

Zizurkilgo EAJ-PNV

  1. Marije Zelaia Egiguren
  2. Jokin Garate Pujol
  3. Idoia Yeregui Telleria
  4. Idoia Ariznabarreta Ugarte
  5. Trinidad Altimasberez Borja
  6. Aitor Lopez Ugartemendia
  7. Maria Angeles Lazkano Larrañaga
  8. Elixabete Bello Martija
  9. Maria Inmaculada Garces Iglesias
  10. Iñaki Alvarez Estarta
  11. Maria Jesus Belen Larrion Kortabarria
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!