M28 Aiztondo

“Esperientzia eta indarra batzen dituen taldea osatu dugu”

Ainhoa Gil 2023ko mai. 25a, 11:44

Herria hobeto ezagutzeko bidea eman dio Udalak Maite Amenabarri.

Maite Amenabar Alkorta EH Bilduko alkategaia da, Zizurkilen. Maite Amenabarrek zortzi urte egin ditu zinegotzi lanetan eta gogotsu heldu dio alkategai izateko erronkari

Ze sentsaziorekin bizi izan duzu hauteskunde kanpaina?

Ilusioz beterik eta urduritasun puntu txiki batekin ari naiz bizitzen egun hauek.

Udaleko jarduna ez da berria zuretzat. Pausoa handia al da alkatetzarako hautagai izatea?

Zortzi urte daramat Udalean eta erakundearen funtzionamendua oso ondo ezagutzen dut. Ikaragarri ikasi dut bide honetan eta jende asko ezagutzeko aukera izan dut. Herrian bizi naiz eta ondo ezagutzen dut herria ere. Inguruko jendearen babesa sentitu dut eta baita etxekoena ere. Herritarrok osatutako zerrenda da gurea: gazteen indarra, eta aritutakoen esperientzia batzen dugu; hori ere azpimarratu nahiko nuke.

Zeintzuk dira erronka nagusienak?

Batzuk aurreko legealditik dakartzagu eta ekimen berri batzuk ere baditugu. Batetik, Plazaetxeberri eraikina erabat ordainduta dago eta orain moldatu egin behar da, Herri bizigune elkarteak bideratutako prozesu parte-hartzailea kontuan hartuz. 100.000 euroko diru-laguntza jasoko dugu bertan Saseta defentsa sistemaren inguruko interpretazio gunea jartzeko. 2025eko amaierara arteko epea izango dugu ekimen hau garatzeko.

Euskara eta feminismoa dira bestalde, gure lan egiteko moduaren ardatza; herri euskalduna eta berdinzaleagoa nahi dugulako.

Kirolgunea ere martxan jarri nahi genuke. Kirol batzordeak hausnarketa egin du, herriko kirol elkarte guztiek euren instalakuntza izateko beharra ondorioztatuz. Orain, irtenbidea eman behar zaio horri.

Hirigintzako arauen berrikuspenari heltzea ere ezinbestekoa izango da. Egungo errealitatera egokitzen diren arauak behar ditugu; etxebizitza premiei erantzungo diena, besteak beste. Herrigunean, etxebizitzen banaketa egiteko arauen berrikuspena egiten ari gara.

Zaintzari buruzko gogoeta ere egin beharra daukagu. Gizartea zahartzen ari da eta hausnartu egin behar dugu egoera horri nola erantzun. Zizurkilen, pisu partekatua dago eta eredu horri ere buelta bat eman behar zaio.

Horrez gain, gure herrian parke eoliko bat eraikitzeko ekimena du enpresa pribatu batek. Gai honetan, garrantzia handia ematen diogu gardentasunari. Ez dugu informazio garbirik; Eusko Jaurlaritzaren esku daude txostenak, baina Udalak ez du ezer jaso, nahiz eta maiz eskatu dugun. Informazioa jaso ahala, herritarrei zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu. Berriztagarrien alde gaude gu; eta baliteke Euskal Herrian eolikoak ere behar izatea, baina ez edozein moduz eta edozein preziotan.  

Mezuren bat herritarrei zabaltzeko?

Bide bat egin dugu urte hauetan. Badakigu ez dugula beti asmatu, baina beti herriagatik aritu gara, zintzotasunez. Orain herritarrei egokitzen zaie erabakitzea.

 

Zizurkilgo EH Bildu

  1. Maite Amenabar Alkorta.
  2. Edurne Mendizabal Lasa.
  3. Joxe Mari Luengo Zapirain.
  4. Arkaitz Zaldua Jauregi.
  5. Xabier Pellejero Saralegi.
  6. Xabat Oiarzabal Azketa.
  7. Leire Muñagorri Ugartemendia.
  8. Garazi Azkue Otegi.
  9. Eva Usandizaga Mujika.
  10. Ixaxkun Sarasola Jaka.
  11. Iker Urruzola Aizpurua.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!