Piktogramak jarriko dituzte eraikin publikoetan

Ainhoa Gil 2023ko mai. 25a, 09:46

Inklusioari eskainia izan da aurtengo Maiatza Saltsan. Gaitasun, sentsibilitate, jatorri ezberdinetako herritarrak kontuan hartuta antolatu dira ekitaldi ezberdinak. Bide horretan, maiatzaren 29an emango zaio amaiera Gautenarekin batera abiarazitako prozesuari; ikastetxeetan landutako piktogramak jarriko dituzte udal eraikinetan.

Inklusioa lantzen hasita, gaitasun kognitibo ezberdinetako pertsonak hartu zituen kontuan Zizurkilgo Udalak eta, Gautenarekin jarri ziren harremanetan. Haien bizitza errazago egiteko, eraikin publikoetan piktogramak jartzea izan da erronka. Piktograma horiek lantzeko, herriko ikastetxeekin lanketa bat egitea erabaki zuen Udalak. Pedro Mari Otaño herri eskola eta Zubimusu ikastolako irakasleek formakuntza jaso zuten. Familiei zuzendutako saioa ere eskaini zuen Gautenak maiatzaren 4an.

Maite Amenabar zinegotziak azaldu duenez, “Lanketa ondoren, udal eraikinetan piktograma desberdinak jarriko dira. Maiatzaren 29an gure herriko haurrek proposaturiko lekuetan jarriko dira. Lehenengo pausua bakarrik izango da orain egitera goazena, etorkizunean denon artean behar berriak antzemateko gaitasuna izango dugulako eta, modu honetan, herritar guztion herria eraikitzea lortuko dugu, pertsona desberdinen beharrei erantzunez”.

Bide aberatsa

Eragile ezberdinek azaldu dutenez, bide aberatsa izan da elkarlanean egindakoa; oso gogotsu hartu dute ikastetxeek ekimena eta buru-belarri eutsi diote gaiari. Ikasleek piktogramak landu dituzte, gaitasun ezberdinak dituzten herrikideei euren bizimodua erraztu eta laguntzeko asmoz. Piktogramak lantzeaz gain, gaiarekiko sentsibilitatea eta ulermena ere areagotu dute eta, horixe zen ekimenaren helburuetako bat.

Gautena elkarteko Jimmi Brosak ere hartu du hitza, prozesua nolakoa izan den azaltzeko: “Piktogramak egitea oso garrantzitsua da, zalantzarik gabe, baina nik azpimarratu nahi nuke oso garrantzitsua dela pertsonak irisgarriak izatea. Prozesu luzea izan da, pandemiak erdiz erdi harrapatu gintuelako, baina oso aberasgarria izan da. Piktogramak tresna dira, baina prozesua bera izan da polita. Eskoletan egin diguten harrera oso oso ona izan da eta eskerrak eman nahi dizkiet prozesu honetan guztian parte hartu duten pertsona eta eragile guztiei”.

Oinherri elkarteko Maite Azpiazu ere izan da agerraldian: “Zizurkilgo Udalak azaldu zigun piktogramak jarri nahi zituela herri inklusiboagoa bat egitek asmotan. Modu askotara egin daiteke hau, baina aukera ederra iruditzen zitzaigun herri hezitzailearen filosofian sakontzeko. Gautenarekin, herriko ikastetxeekin, haurrekin elkarlanean burutzea adostu genuen. Piktogramen egitasmoa herritar guztientzat da onuragarria, ez behar kognitibo bereziak dituztenentzat soilik. Herritar ororen ulergarritasuna bermatzen dute. Gainera, prozesu hau egiteko moduak, gauza asko lantzeko balio izan du: erakundeen arteko elkarlana, haurren parte-hartzea, gaztetxoek euren herria eta udal eraikinak hobeto ezagutzea, eta inklusioaren gaiaren inguruko sentsibilizazioa areagotzea”, azpimarratu du.

Eskerrak

Iker Urruzola alkateak ere hartu du hitza agerraldian: “Keinu txikia da piktogramak jartzearena, baina esanahi handia duena. Gure herria guztiontzako herria dela adierazten du. Piktogramak lantzen aritu diren gaztetxoek errealitate hori ikustea eta inklusioa zer den ikastea zen ekimen honen helburuetako bat, eta ziur pauso bat eman dugula. Mila esker lanketa honetan parte hartu duzuen guztioi; Gautenari, euren jakintza eskaini eta zabaltzeagatik, Oinherriri, herri hezikideagoa egiten lagutzeagatik, ikastetxeei, euren denbora eta ahalegina eskaintzeagatik, udal teknikariari, hariak josi eta ekimena abiarazteagatik, eskerrik asko denei bihotzez”.

Maiatzak 29 eta ekainak 2

Maiatzaren 29an Atxulondo kultur etxera gerturatuko dira ikastetxeetako haurrak, euren lanketaren aurkezpena egin eta piktogramak jartzera.

“Bestalde, ekainaren 2an aitortza ekitaldia egingo dugu Joxe Arregi plazan. Horrekin, amaitutzat emango dugu aurten inklusioari eskainitako Maiatza Saltsan. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Bizipozako ordezkariekin batera, herrian ditugun eragile desberdinei txalo zaparrada eskainiko diegu, herrian egiten duten lanagatik eta herriko parte izateagatik. Herritar guztiak gonbidatuta daude”, gaineratu du Maitek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!