Piktogramak, herria inklusiboago egiteko

Ainhoa Gil 2023ko eka. 12a, 07:36

Eraikin publikoetan piktogramak jartzea zen erronka eta horretarako, herriko ikastetxeekin lanketa bat egitea erabaki zuten.

Inklusioari eskainitakoa izan da aurtengo Maiatza Saltsan eta, amaiera ederra emateko, piktogramak jarri dituzte Zizurkilgo Udal eraikinetan.

Inklusioaren gaiari eustean, gaitasun kognitibo ezberdinetako pertsonak hartu zituen kontuan Zizurkilgo Udalak. Gautena elkartearekin harremanetan jarri, eta bideari ekin zioten. Eraikin publikoetan piktogramak jartzea zen erronka eta horretarako, herriko ikastetxeekin lanketa bat egitea erabaki zuten. Pedro Mari Otaño herri eskola eta Zubimusu ikastolako irakasleek formakuntza jaso zuten, gaia ikasgeletan landu ahal izateko. Familiei zuzendutako saioa ere eskaini zuen Gautenak maiatzaren 4an.

Maiatzaren 29an aurkeztu zuten lan horrek emandako fruitua. Bi ikastetxeetako haurrak udal ordezkariekin elkartu ziren, egindako lanketa aurkezteko. Lanketa sakona egin dute gaztetxoek, gaitasun kognitibo ezberdinak dituzten herrikideak kontuan hartuz.  

Bide aberatsa

Eragile ezberdinek azaldu zutenez, bide aberatsa izan da elkarlanean egindakoa; oso gogotsu hartu zuten ikastetxeek ekimena eta buru-belarri eutsi zioten gaiari. Piktogramak lantzeaz gain, gaiarekiko sentsibilitatea eta ulermena ere areagotu dute eta, horixe zen ekimenaren helburuetako bat.

Gautena elkarteko Jimmy Brosak  hartu zuen hitza ekimenaren aurkezpen ekitaldian, prozesua nolakoa izan den azaltzeko: “Piktogramak egitea oso garrantzitsua da, zalantzarik gabe, baina nik azpimarratu nahi nuke oso garrantzitsua dela pertsonak beraiek irisgarriak izatea eta bide horretan, oso garrantzitsua izan da haurren parte-hartzea. Prozesu luzea izan da, pandemiak erdiz erdi harrapatu gintuelako, baina oso aberasgarria izan da. Piktogramak tresna dira, baina prozesua bera izan da polita. Eskoletan egin diguten harrera oso oso ona izan da eta eskerrak eman nahi dizkiet prozesu honetan guztian parte hartu duten pertsona eta eragile guztiei”.

Moduaren garrantzia

Oinherri elkarteko Maite Azpiazuk ere azpimarratu zuen prozesuaren garrantzia: “Modu askotara egin daiteke hau, baina aukera ederra iruditzen zitzaigun herri hezitzailearen filosofian sakontzeko. Gautenarekin, herriko ikastetxeekin, haurrekin elkarlanean burutzea adostu genuen. Piktogramen egitasmoa herritar guztientzat da onuragarria, ez behar kognitibo bereziak dituztenentzat soilik. Herritar ororen ulergarritasuna bermatzen dute. Gainera, prozesu hau egiteko moduak, gauza asko lantzeko balio izan du: erakundeen arteko elkarlana, haurren parte-hartzea, gaztetxoek euren herria eta udal eraikinak hobeto ezagutzea, eta inklusioaren gaiaren inguruko sentsibilizazioa areagotzea”.

Iker Urruzola jarduneko alkateak eskertza hitzak izan zituen piktogramak sortzeko ibilbidean parte hartu duten eragile guztientzat: “Keinu txikia da piktogramak jartzearena, baina esanahi handia duena. Gure herria guztiontzako herria dela adierazten du. Piktogramak lantzen aritu diren gaztetxoek errealitate hori ikustea eta inklusioa zer den ikastea zen ekimen honen helburuetako bat, eta ziur pauso bat eman dugula. Mila esker lanketa honetan parte hartu duzuen guztioi; Gautenari, euren jakintza eskaini eta zabaltzeagatik, Oinherriri, herri hezikideagoa egiten laguntzeagatik, ikastetxeei, euren denbora eta ahalegina eskaintzeagatik, udal teknikariari, hariak josi eta ekimena abiarazteagatik, eskerrik asko denei bihotzez”.

Udal eraikinetan

Maiatzaren 29an Atxulondo kultur etxera gerturatu ziren ikastetxeetako haurrak, euren lanketaren aurkezpena egin eta piktogramak jartzera. Aurkezpen ederraren ondoren, herriko udal eraikinetara joan ziren elkarrekin, landutako piktogramak jartzera. Udal langileak, teknikariak, ordezkariak, ikasleak eta irakasleak aritu ziren piktogramak jartzen. Inklusibitatean aurrerapausoa eman du Zizurkilek, eta bide horretan sakontzeko asmoa azaldu dute gainera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!