Akelarre giroan ibili dira Elbarrenan

Aiurri 2023ko eka. 24a, 00:01

Arratsaldeko 19:30etan hasi da festa Zizurkilgo Elbarrenan. Sorginak, galtzagorriak, eta hainbat herritar elkartu, eta kalejiran atera dira trikiti eta pandero hotsez lagunduta. Uliazpin egin dute lehen geldialdia, bertan piztuta zegoen suaren inguruan dantza eginez.

Herria zeharkatuta, Azken Portura joan dira elkarrekin, bertako bizilagunek prestatutako su-pilari su eman, eta dantza egitera. Giro ederrean joan da iluntzea.

Plazara itzulita, indarrak bildu dituzte jan-edan goxoei esker eta 22:00etan hasi da bertan ikuskizuna. Galtzagorrien inguruko ipuina antzeztu dute herriko gaztetxoek eta ondoren, Bukalai dantza taldeko kideek dantza egin dute suaren inguruan. Fandango, arin arin eta kalejirarekin amaitutzat eman dute aurtengo San Juan bezperako jaia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!