Nondik nora sortu zen Portxetako igoera antolatzeko asmoa?
Jaietako lehen egunean oilasko biltzea egin ohi dugu herriko gazteek. Portxeta baserrira iristean, gure arteko erronka botatzen dugu urtero, aldapa nork azkarrago igo. Aldapa motza, baina bizi-bizia du eta joko polita ematen du. Urteroko erronkatxo horri jai egitarauean bere tokia ematea pentsatu dugu aurten.
Noiz egingo da Portxetako igoera?
Oilasko biltzearekin duen lotura hori kontuan hartuta, lehen egunean egitea pentsatu genuen. Aurreko urteetan, oilasko biltzaileen bazkariaren ondoren, hutsunea geratzen zela antzeman genuen. Mahaiaren bueltan denbora asko pasatzen genuen eta, saltsa pixka bat jartzea pentsatu genuen. Arratsaldeko 18:00etan zabalduko dugu izen ematea eta 18:30etan hasiko da lasterketa.
Nondik nora luzatuko da korrika-saioa? Nola bideratuko duzue?
Bi maila izango dira. Hamabi eta hamabost urte arteko gazteak alde batetik, eta hamasei urtetik gorakoak bestetik. Irteera puntua Iriarte tabernaren inguru horretan jarriko dugu. Modu horretan, plazan dagoen jendeak ere ikusi ahal izango ditu korrikalariak. Banaka aterako dira parte-hartzaileak eta, bai plazan eta baita Portxetan ere, denbora neurtuko duten pertsonak jarriko dira. Bi pertsona horiek telefono bidezko harremanean egongo dira etengabe. Parte-hartzaile guztien denborak neurtuko dira.
Saririk izango al da?
Bai, gaztetxoen mailako lehen eta bigarren neska-mutilek kopa bana jasoko dute. Maila nagusian ere izango dira kopak baina horrez gain, diru-poltsa ere jasoko dute irabazleek. Izena emateko garaian hiru euro ordainduko dituzte, eta biltzen den diru hori jasoko dute lehendabizi helmugaratzen direnek. Gaztetxoen mailakoek ez dute ordaindu beharrik izango izen-ematean.
Portxetako aldapan egingo da ekitaldia, baina nolakoa da aldapa hori?
Iriarte paretik Portxetako aldapa bukatzen den puntura 200 metro inguru daude, beraz, distantzia motza da korrika egin beharko dena. Plaza zeharkatu ondoren, aldapak berak 150 metro inguru ditu eta distantzia motz horretan, 25 metro igotzen dira. Ekitaldi polita izango da. Lehen aldia da eta ez dakigu zenbat jendek hartuko duen parte. Gonbita luzatu nahiko nuke; saltsa pixka bat sortzeko ekitaldi egokia izan daiteke. Herritarrak, nahiz gerturatu nahi duten guztiak animatu nahi ditut bertan parte hartzera. Ea ondo ateratzen den eta datozen urteetan ere jarraipena emateko moduan garen.
Festa Batzordeko kide zara, noiz hasten dituzue abuztuko jaien prestaketa lanak?
Urtarrilan egiten dugu lehen bilera. Egunak finkatu, eta kontzertuak lotzea izaten da lehen egitekoa. Gainerakoa datozen hilabetetan lotzen dugu. Portxetako igoera, adibidez, azken orduko ideia izan da. Kirolari lotuta eta herritarren parte-hartzearekin, gazteen arteko herri kirolak ere izango ditugu. Abuztuaren 14an egingo dira, 12:30etan hasita, eta 30 gazte dago izena emanda. Kirol ezberdinak egingo ditugu bi taldetan banatuta eta ahalegin berezia egin dugu talde horietan neska eta mutilen kopurua orekatzen. Ikuskizun polita izango da.