Julen Gabirondok jantzi du Euskadiko Sega Txapelketako txapela, seigarrenez

Ainhoa Gil 2023ko uzt. 22a, 22:13

Julen Gabirondo bereganatu du Euskadiko Sega Txapelketa. Seigarren txapela etxeratu du urnietarrak, Bixente Mitxelenak lortutako garaipen kopurua gaindituz. Jokin Etxeberria sailkatu da bigarren postuan, Mikel Lizartza hirugarren eta Oier Urkola laugarren.

Jende asko gerturatu da Zizurkilgo Nekola baserriko belazera. 300 ikusletik gora bildu da txapelketa gertutik jarraitu eta segalariei animoak ematera. Eguraldia ere lagun izan da gaurkoan eta arratsalde ederra pasa dute gerturatu direnek.

Julen Gabirondo eta Jokin Etxeberria ziren faborito nagusiak eta aurreikuspenak bete egin dira. Oso berdinduta ekin diote lanari eta hala joan da lehia. Urnietarrak, hala ere, erritmo gogorrari eutsi dio eta aurrea hartu dio amasarrari. Sail gehiago ebaki du, baina pisaketa lanak amaitu arte ezin zen jakin nork eskuratuko zuen txapela.

Azkenik, hauek izan dira emaitzak:

  1. Julen Gabirondo (Urnieta) 1.937,5 kilo.

  2. Jokin Etxeberria (Amasa/Bedaio) 1.720 kilo.

  3. Mikel Lizartza (Tolosa) 1.560 kilo.

  4. Oier Urkola (Anoeta) 1.400,5 kilo.

Txartel gorri bat jaso du Gabirondok, bi Etxeberriak eta beste bi Oier Urkolak. 20 kg. ko penalizazioa jaso dute txartel gorri bakoitzagatik.

Sari banaketara gerturatu dira Maite Amenabar, Zizurkilgo alkatea, Alatzne Etxaburua kirolari zizurkildarra eta baita Bixente Mitxelena bera ere.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!