Egitarau luze eta oparoa prestatu duzue aurtengo jaietarako. Zein ekitaldi azpimarratuko zenuke?
Herritar guztiek aurkituko dute zertaz gozaturik. Zerbait aipatzekotan, mozorro gaua aipatuko nuke, beste hainbat ekitaldiren artean. Garai batean asto-karrerak egiten ziren eta haiek ordezkatzeko sortu zen mozorro gaua. Iaz photocall-a gehitu zitzaion, eta oso ondo funtzionatu zuen. Aldaketa bat sartu nahi izan diogu aurtengo mozorro gauari; epaimahai herrikoiak erabakiko du nor den aurtengo irabazlea. Originaltasuna, umorea, ikuskizuna… gauza ezberdinak hartuko dira kontuan irabazlea nor den erabakitzeko garaian. Koadrila eta herritar ezberdinen parte hartze zabala izatea gustatuko litzaiguke.
Aurtengo jaietan, beste ekitaldi bat ere nabarmenduko nuke. Herri bazkariaren ondoren jolasak egiten ziren lehen, eta berreskuratu nahi izan dugu. Bingo musikatua egingo dugu, eta ondoren jolas batzuk. Oso giro polita sortzen zen eta hori berreskuratzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Lehen eguneko karaokea ere oso errotuta dago. Ondoren, DJ Zigordz arituko da. Giro ikaragarria jartzen du bere musikarekin.
Horiez gain, beste hainbat ekitaldi izango dugu jaietan: bakarrizketak, sagardo eta sardina dastaketa, umeentzako jolasak, herri kirolen tailerra, jubilatuen eguna… Bakoitzak bere gustuko ekitaldia eta giroa aurkitu ahal izango du horietan.
Zein mezu zabalduko zenieke herritarrei?
Goza dezatela jaietan; hartu dezatela parte antolatutako ekitaldietan, modu horretan jaiak ederragoak izaten dira eta. Jai batzordeak lan handia egiten du ahalik eta jairik txukunenak antolatzeko. Bestalde, jende gutxi elkartzen gara lan horiek egiteko, eta eskertuko genuke herritar gehiagoren parte-hartzea. Zenbat eta talde anitzagoa eta zabalagoa aritu jaiak antolatzen, orduan eta aberatsagoak izango dira festak.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 632 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.