"Oso latza izan da" liburuaren aurkezpena

Xabier Lasa 2023ko ira. 24a, 07:00

Joseba Arregi atxilotu zutenetik Zizurkilgo hilerrian bere gorpu zeharo kolpatuari argazkiak atera zizkioten arteko kronika literarioa idatzi du Xabier Mendiguren idazleak. Liburua Zizurkilen ere aurkezteko dute, laster.

101 orrialde dituen “Oso latza izan da” kronika literarioa aurkeztu zuen Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964) idazleak Donostian, irailaren 7an.

Mendigurenek Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editorea izan zuen ondoan.  Mendizabalek, “Oso latza izan da” esaldia euskaldunen memoria kolektiboan iltzatuta geratu dela adieraziz ekin zion hitzartzeari. Hain zuzen, Arregi, bederatzi egun iraun zuen galdeketetan torturak jasan ostean, Carabanchel espetxeko ospitalera eraman zuten, eta han, Iñaki Agirre, Xoxe Lois Fernandez eta Lois Alonso presoekin hizketa laburra eduki zuen. Hiruek eskuizkribua kaleratu zuten ondorengo egunetan, Arregik esandakoak jasoaz. Bada, kontakizun horretako pasarte bat gogoratu zuen Mendizabalek: “(...) gure lehenengo irudipena izan zen fisikoki zanpatuta zegoela. ETAko kidea ote zen galdetu genionean, zezelka, gorputz osoa dardarka, eta arnasa hartzeko indarrik ez zeukala eman zizkigun bere identifikaziorako beharrezko datuak; eskua ematen saiatu ginen, agur gisa, eta ia ez zen ohartu ere egin gure keinuaz, eta hortik antzeman genion erreflexuak galduak zituela. “Egarri naiz, egarri naiz!”, horixe zen behin eta berriro esaten zuena. Kostata bada ere. Ikus genionean betazalak guztiz more zeuzkala eta eskuineko begian isuri handia zeukala, baita eskuak guztiz puztuta ere, galdetu genion ze tortura-mota sufritu zuen, eta erantzun zuen, geldi-geldi: “Oso latza izan da”...”.

Hilerriko isilpeko ekintza

1981eko otsaileko gertakizunek memoria historiko kolektiboan utzitako arrastoei tiraka, Mendizabalek gogoratu zuen 28 urteren ostean, 2009an baizik ez zela jakin zein zirkunstantzietan egin zitzaizkion argazkiak Joxe Arregiren gorpuari. Berria egunkarian, Amaia Gurrutxaga kazetariak eta Juan Kruz Unzurrunzagak eman ziguten jakitera, nola planifikatu zuten, isilpean, lurperatu ondorengo gau hartan, hilobitik gorpua atera eta argazkiak egitea. Hain zuzen, atxilotze alditik hasi, eta hortik aurrera, hilerriko ekintza bitarte igarotako egunak deskribatzen ditu Mendigurenek liburuan, batik bat.

Juan Kruz Unzurrunzaga abokatua, Vicente Ameztoi artista eta Joxe Arregi hautatu ditu kontakizuna ontzeko Mendigurenek: “Zizurkilgo hilerrian egiten dute topo hiruek”.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 633 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!