Azoka Berezia Zizurkilen, datorren igandean

Ainhoa Gil 2023ko urr. 5a, 07:16

Zizurkilgo Herrigune osoa bilakatuko da azoka-gune.

Urriaren 8an, igandearekin, ospatuko da Zizurkilgo Azoka. Hogeita bosgarren urteurrenera iritsi da dagoeneko eta, urtero bezala, artisauen zein baserritarren kalitatezko produktuak izango ditu ardatz

Azken urteotako ildoari jarraituz, goizez izango dira irekita salmentarako postuak. 10:30etatik 14:30etara, herriguneko txoko ezberdinetan barrena zabalduko da azoka-gunea; Zimiterioa, Pello Mari Otaño plaza, Teodoro Hernandorena kalea eta Intxaur pilotalekuan hamarnaka postu jarriko dituzte, guztion gozagarri. Artisau, baserritar eta beste hainbat ekoizleren produktuak izango dira aukeran, urtero bezala: Bitxiak, larruzko produktuak, beira, loreak, haziak, gazta, eztia, ogia, onddoak… denetarik izango da aurten ere. Elkartasunerako tarterik ere izango da. El Salbadorreko eskola ezberdinen alde lanean arituko dira Otaño Herri eskola zein San Millan eskolako kideak eta, talo solidarioak erosi eta dastatzeko aukera ere zabalik izango da goiz osoan zehar.

Zenbaki borobilera iritsi da Zizurkilgo Azoka, eta egun berezia izango da urriaren 8koa. 12:00etan hasita haurrentzako kandela tailerra egingo dute eta, Maria Altuna artista herritarrak gidatuta, mural erraldoia margotuko da elkarlanean. Mural hori paretean jarri eta nahi duen orok argazkia ateratzeko aukera izango du. Margoketan parte hartzen duten lehendabiziko 100 pertsonek, bestalde, oparitxo bat jasoko dute. Bestalde, beira eta forja erakustaldiak izango dira goizean zehar.

12:00etan hasita, pottoka-gainean ibili ahal izango dute haurrek. San Millango belazean eskainiko dute aukera hori eta, harrera bikaina izaten duen ekimena da.

Autobus zerbitzua

Zizurkilgo herrigunera gerturatu nahi duenak, doako autobus zerbitzua izango du eskura. 10:15etatik 15:00etara, Bulandegiko bidea, Zubiaurretxo eta herrigunea elkartuko ditu etengabeko joan-etorriak eginez. Zerbitzu hori erabiltzeko deia luzatu du Zizurkilgo Udalak. Nolanahi ere, autoz gerturatu nahi dutenek, Perot enpresaren inguruan aparkatzeko aukera izango dute egun horretan.

Herri bazkaria

Eguerdian, azken urteotan galduta zegoen ohitura berreskuratuko dute aurten Zizurkilen. Izan ere, herri bazkaria egingo baita Plaza Etxeberri jatetxean. Txartelak salgai daude ohiko tokietan. Haurren menua 10 eurokoa izango da eta helduena berriz 20 eurokoa.

Herri kirolak

Arratsaldean berriz, kirola izango da protagonista nagusia. Izan ere, Euskadiko Hirugarren Mailako Aizkolarien kanporaketa jokatuko baita Intxaur pilotalekuan. Hamazazpi aizkolari arituko dira nor baino nor, 54 ontzako lau enbor nork azkarrago ebaki. Lehen hiru denbora onena lortzen dutenek eskuratuko dute txapelketan aurrera egiteko txartela.

Izen handiko aizkolariak badira tartean eta ikuskizuna bermatuta dago. 19:00etan hasiko da kirol lehia eta sarrera doakoa da.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 634 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!