"Urtean behin tximinia garbitzea nahitaezkoa da"

Irune Alfonso 2024ko ots. 19a, 08:35
Reguero, Amasa-Villabonako Castelas Verites denda barnean.

Alex Reguero zizurkildarrak 30 urte darama tximiniak muntatzen, eta honekin batera, garbitzeko eta kedarra kentzeko zerbitzua ematen.

Duela aste batzuk sutea izan zen Zizurkilgo baserri bateko tximinian. Tximinia behar bezala garbitu gabe egotea izan zen gertatutakoaren arrazoia. Ohikoa al da arrazoi horrengatik sutea eragitea?

Zoritxarrez bai. Normalean, arrazoia ez da gaizki garbitzea, zuzenean ez garbitzea baizik. Garbitzeko unean, oso garrantzitsua da instalazioa nola dagoen ikustea.  Ez dakit arrazoia zein den, baino, tximinia-enpresa batzuek, zoritxarrez, ez dute lana ondo egiten. 

Igeltseroek, iturginek, asmo onez egiten dute euren lana, baina ez dute ondo gauzatzen. Badira Iparraldean oso ondo lan egiten duten tximinia-enpresak, baina hemen ez. Adibide bat jarriko dizut: hodia 40x40 zm-koa bada eta kasetaren irteera 150 zm-koa bada, metro erdi bat gehiago sartzen dute behetik zigilatuz, horrela kea goruntz joateko. Horrek dakar hodia handiagoa izatea, eta garbitzeko eskuilak pasatzean, hodian dagoen kedarra kasetera erortzea gero hortik atera behar izateko. Inguruan erortzen dena, ordea, metatuta geratzen da eta ez dago modurik ateratzeko. Instalazioa gaizki egiteagatik gertatzen da hori. Metro erdi horregatik, batzuetan 20-30 zentimetro hutsagatik bakarrik, kedarra metatuta geratzen da, eta sua egiten jarraitzen den heinean, kedarrak tenperatura hartu eta sua hartzen du. Sortzen den sua handia izaten da, ke asko sortzen da, txinpartak, sugarrak, denetarik. Horrelako istripu bat gertatzen denean, bizilagunek suhiltzaileei deitzen diete; hauek, sua itzali eta suaren jatorria aztertzen dute. Jatorria ezagutzean bideo ikuskapena egiten dute eta horrela konturatzen dira tximiniaren instalazioa gaizki dagoela. Suhiltzaileek ateratzen duten ondorioa hurrengoa da: ezin da tximinia hori gehiago erabili. 

Eta egurrei dagokienez; egur gomendagarririk, edo erre beharko ez litzateken egurrik bada?

Egur lehorrak edo ez erretxinatsuak erretzea da gomendagarria: pagoa, haritza, akazia, zurbeltza, sagar-arbola, horiek oso onak dira.

Beste alde batetik, norbaitek erori zaion pinu bat badu eta erretzeko aprobetxatu nahiko balu, ondo lehortu beharko luke. Eta azpimarratu egurrak nahastu egin beharko lituzkela, ezin du hilabetetan zehar pinua soilik erre. 

Zenbateko maiztasunarekin garbitu behar da tximinia?

Urtean behin garbitzea nahitaezkoa da, alabaina, erabileraren arabera, gehiago edo gutxiago garbitu beharko litzateke.  Baserri batzuetan adibidez, urte osoan pizten dute sua, baita abuztuan ere, horregatik da derrigorrezkoa urtean behin garbitzea. Kasu batzuetan bi aldiz garbitzea ere ez legoke gaizki; instalazio bereziagatik, etxeko kokalekua edo orientazioagatik gehiago zikintzen baitira tximiniak.

Ipar Euskal Herrian ikuskapena egiten dute urtero, eta aseguru-etxeek faktura bat edo ziurtagiria eskatzen dizute ke-hodia garbia dagoela egiaztatzeko. Ikuskapenaren dokumentua aurkezten ez baduzu ez dizute asegurua berritzen. 

Horrelako istripuak askotan gertatzen al dira?

Bai, uste duguna baino gehiagotan gertatzen dira. Hala eta guztiz ere, beti esaten dugu gauza bat: egon daitezkeenak baino istripu gutxiago gertatzen dira.

Gertatu zait tximinia bat garbitzera joan eta jabeak aitortzea 20 urte baino gehiago zeramala tximinia garbitu gabe, edo beste batean, 8 urte garbitu gabe. Hainbeste denbora garbitu gabe egoteko nahiko txukuna zegoen tximinia, baina batzuetan, 3 kedar zaku atera izan ditut. Basakeria da hori.

Edonork garbitu dezake tximinia bat?

Tximinia bati kedarra kentzea edo garbitzea edonork egin dezakeen lana da, baina nik pertsona kualifikatu bat aholkatzen dut beti.

Rite izeneko agiria behar da. Instalazio termikoen instalatzailea eta mantentze-lanak egiteko ikastaroa gainditu behar da agiri hori eskuratzeko. Zortzi hilabete irauten duen ikastaroa da eta 2800 euro balio du. Ikastaro hau egitean, arazoren bat izanez gero haien aholkuak jasoko dituzu. Gainera, altuerako lanen titulua ere eduki behar da, teilatura igo behar dugulako. Horregatik, bizitza-lerroak botatzen ditugu, arnesa jartzen dugu, sokak...

Ez dago misteriorik. Teilatura igo, kamararekin begiratu, instalazioa zuzena den ala ez ikusi, ondo dagoen ala ez egiaztatu ondoren, tximinia ondo garbitu eta berriz ere kamara pasa zure lana ondo egin duzula ziurtatzeko.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 642 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!