Txapela egunaren edizio berria, larunbat honetan

Ainhoa Gil 2024ko mar. 8a, 12:23
Artxiboko irudia.

XXIX. Txapela eguna ospatuko dute aurten Zizurkilen. Lagun koadrila baten ekimenez sortutako festak indarrean jarraitzen du. HerriBIZIgune elkartea izango da aurtengo txapelduna, sortu zenetik Zizurkilen egin duen lanaren aitorpen gisa.

HerriBIZIgune elkartea izango da aurtengo omendua, bere sorreratik egindako lana aitortu eta eskertzeko. Plazaetxeberriko azpialdean du egoitza HerriBIZIgune elkarteak eta hainbat ekimen antolatzen dute urtean zehar. Hori guztia eskertzeko, txapela jasoko dute martxoaren 9an. Herriguneko jaietan berriz, eurek izango dute jaien hasierako txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea. 

HerriBIZIgune

Festa batzordeak azaldu duenez, hauek dira HerriBIZIguneri txapela eskaintzeko arrazoiak: “Zizurkilgo herrigunean azken urteotan aktiboen egon den taldea da HerrBIZIgune. Jatorri ezberdineko pertsonek osatu zuten sarea, herri giroa sustatzea oinarrrietako bat zutela. 2019tik hona elikadura sarea martxan jarri dute, ikastaroak eskaini, gogoetarako gune bat da eta kultur eskaintza ere badu gaur egun. Festa batzordeak txapela jarrita egindako bide hori txalotu nahi du eta aurrera jarraitzeko indarra eman, era berean.”

Egitaraua

Arratsaldeko 16:00etan ekingo zaio Txapela eguneko ekitaldi sortari. Txapela jantzita, mus txapelketa egingo da zentroan. Urteroko ohiturari jarraituz, dantzari gaztetxoak izango dira protagonista nagusiak. 18:00etan hasita, Bukalai dantza taldeko kideek emanaldia eskainiko dute Intxaur pilotalekuan. 

HerriBIZIgune elkarteak Plazaetxeberriko azpialdean du egoitza, eta nahi izanez gero bisitaldia egiteko aukera izango da Txapela Egunean. 19:00etan zabalduko dituzten ateak. 

Berrikuntza bat ere ekarriko du aurtengo Txapel eguneko egitarauak. Izan ere, I. Txapel saskiratze lehiaketa egitekoa baitute herriko plazan, 20:30etan hasita. Distantzia jakin batetik txapela bota eta saski batean sartzea izango da helburua. Abilezia eta punteria ona eskatuko ditu lehiaketa berriak. Festa giroa sortu eta umore onean parte hartzeko aukera bikaina eskainiko die herritarrei eta gerturatzen diren guztiei. Eguraldi txarra egingo balu, Zimiterioan egingo lukete lehiaketa.  

Afaria eta txapela

Euskaldunok mahaiaren bueltan egiten ditugu ospakizun gehienak eta hala izaten da Zizurkilgo Txapela egunean ere. Iluntzeko 21:00etan hasita, Txapeldunen afaria egingo dute Iriarte jatetxean. 

Afalostean jasoko du txapela HerriBIZIgune elkarteak. Iazko txapeldunek, Ziotza pilota eskolako kideek jarriko diete txapela elkarteko herrikideei. Gainera, Amaia Agirre eta Unai Mendizabal bertsolariek girotu eta alaituko dute afal-ostea. 

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 643 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!