Zizurkilgo Udalak onartu du 2024ko aurrekontua

Ainhoa Gil 2024ko ots. 23a, 20:29

3.739.444€ko aurrekontua izango du Zizurkilgo Udalak aurtengorako, iazkoa baino %10 txikiagoa. Otsailaren 13ko ez-ohiko bilkuran onartu zen EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta PSE-ren aurkako botoarekin.

Aurrekontuaren murrizketa bi faktorek azaltzen dute, gastu mugaren berrezarpenak eta pandemia aurreko arau fiskalen itzulerak batetik, eta bestetik, aurtengorako ez dela dirulaguntza berezirik aurreikusten. “Aurrekontu zuhurrak dira, ez da mailegurik eskatuko eta horrek kontuen estutzea ekarri du”, onartu du Maite Amenabar alkateak.  “Ez da ezer berria, azken legealditan EH Bilduren eredua hori izan da oro har, eta horri esker buelta eman zaio beste batzuek utzitako zorrari” gehitu du.

Era berean Udalaren osasun finantzieroa azpimarratu du “gerakina badu Udalak eta horrek emango digu aukera aurten bertan aurrekontuetan partida txikiagoa duten egitasmo batzuk indartzeko, beharren arabera, lasaitasuna transmititu nahi diet herritarrei”.

Oinarriak

Aurrekontu estuagoak izanda, oinarriak finkatu ditu Udal gobernuak. “Argi izan dugu herriko elkarteei edo Udal partzuergoei ez geniela ekarpena murriztu nahi, Udalak horiek babesten jarraitzea garrantzitsu ikusten dugu”. Ondorioz, inbertsioei dagokionez, ez da diru multzo zabala aurtengoan, 252.000 euro pasakoa. “Bulandegi bidean Pasus inguru hori behin betiko amaitzeko partida bat jaso da. Eta urte amaieran edo hurrengoaren hasieran ekingo zaio P.M Otaño ikastetxean hasi eta behera doan zatiari”. Amenabarrek azaldu du Udal gobernuak inoiz baino argiago utzi dituela lehentasunak legealdi hasiera honetan. “Legealdi plana aurkeztean argi utzi genuen Bulandegi zutabe bat zela eta era berean 2024 urte hau proiektuak egiteko urtea izango zela”

Proiektu andana                                                                                                           

Proiektuak egiteko diru partida hainbat jaso dira aurrekontuetan. Atxulondoko eraikinaren efizientzia energetikoa lantzeko, Plazaetxeberri eraikinaren lehen konponketa egiteko edo aipatutako Bulandegiko bidekoetarako jaso dira partidak. “Proiektu zehatzak izatea ezinbestekoa dugu dirulaguntzak eskatzeko” azaldu du alkateak. Horrez gain, beste atal batean dirua jaso da baserrietan banaketak egiteko arau aldaketak gauzatzeko txostena egiteko.  “Legealdi plana jarraitzen ari gara, hori da gure konpromisoa herritarrekin”.

Oposizioaren kritikak                 

Zizurkilgo Udal gobernuak oposiziotik prentsan jaso dituen kritiken aurren bere bide orria berretsi du. “Akezko eta Ihartza auzoez ez gaude ahaztuta, ditugun baliabideen arabera lehentasunak finkatuta daude eta ahal den neurrian erantzungo diegu”, azaldu du Amenabarrek.

Zaintzaren inguruko gogoetari lotuta berriz, “legealdi plana aurkezterakoan esan bezala Aiztondoko mankomunitate mailan ari gara lantzen gai hori eta hondakinen inguruan berriz datu bilketan ari gara gogoeta horri behar duen sendotasunez ekiteko, hori ere azaldu genuen”, esan du alkateak.

Amaitzeko, kirolguneari dagokionez, “gure konpromisoa da 2025eko ekainerako proiektu bat aurkeztea Foru Aldundian, eta beteko dugu. Ikusiko dugu Aldundiak bere zatia beteko ote duen”. Maite Amenabar alkateak oposizioko kideei argitu nahi izan die prentsara jo aurretik bere bulegora jo dezaketela argibide eske.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!