HerriBIZIgune elkartearen agerraldia

Ainhoa Gil 2024ko mar. 26a, 15:58

Joan zen astean Tolosaldeako EAJk zenbait hedabideetan kaleratutako hitzei erantzuteko, agerraldia antolatu zuen atzo HerriBIZIgunek. Bertan ziren herriko elkarte ezberdinetako ordezkariak ere, babesa eskainiz.

Joxin Azkue, HerriBIZIguneko ordezkariak hartu zuen hitza HerriBIZIgune zer den azaldu eta urtean zehar aurrera ateratzen dituzten ekimenen berri eman zuen. Hemen, bere hitzartzea oso-osorik:

"HERRIBIZIGUNEKO KIDEOK HERRITARREI
Arratsalde on eta eskerrik asko gure deialdiari erantzun diozuen guztioi:
Herribiziguneko Topagunean elkartu gara; astelehenero etortzen gara hona, inguruko ekoizleen produktuak eskuratu eta herritarrekin tarte eder bat elkarbanatu asmoz. Gaurkoan, ordea, ez gatoz asteroko aldarte berean; minduta gatoz, herrigintzako beste eragile askok lagunduta eta komunikabideak aurrean ditugula.
Izan ere, azken egunotan EAJ Tolosaldearen izenean Atarian eta Diario Vascon irakurri ahal izan dugun idatziak jomugatzat hartu du Herribizigune. Dirudienez ez da argi geratu zer den Herribizigune eta, herritarrengan gezurrek eta okerreko informazioek eragin ditzaketen nahasteak ekidin nahian, zer eta nor garen azaltzera gatoz beste behin ere.
Aurtengo Txapel egunean ateak zabalik izan bagenituen; jakizue edozein astelehenetan ere ongi etorriak izango zaretela gure proiektuaren berri aurrez aurre jakin nahi duzuen guztiok.
EAJ Tolosaldeak egindako idatziak enpresa pribatu gisa deskribatzen gaitu baina argi utzi  nahi dugu gure funtzioa publikoa dela. Herri kooperatiba gara, irabazi asmorik gabekoa, herritarron borondatezko lanean oinarritzen dena, zeinaren udala ere parte baden.
Herrigintzako edozein elkarteri gertatzen zaion bezala, ezinezkoa dugu legez ente publiko kontsideratuak izatea, baina izaera eta funtzio publikoa ditugu eta herritar orori zuzentzen dizkiegu zerbitzuak.
Baina has gaitezen pausoz pauso sorreratik egin dugun bidea azaltzen: 2018. urtean, Zizurkil herrian bertan zeuden giza baliabideak aztertu eta pertsonen arteko saretze eta elkarrekintza sortzeko azterketa bat gauzatu zen. Hori izan zen 2019ko udazkenean Herribizigune Elkartea sortzeko palanka nagusia. Urte berean, Zizurkilgo herrigunearen erradiografia osatzeko lanketa egin zen. Herritarren beharrak eta nahiak jasotzea izan zuen helburu nagusia. Argazki hau Herribiziguneren epe-ertaineko lan-ildoak identifikatzeko ezinbesteko abiapuntua izan zen.
2023ko maiatzaren 17an bazkideekin egindako batzar eratzailean herriBIZIgune Koop. S.  sortu zen. Batzar eratzaile horretara iristeko urteak eman ditugu, ordea, proiektua mamitzen, partekatzen, ikasten… aurretik azaldutako bidea egiten. Bide horretan aholkulari lanetan Euskal Herrian dauden kooperatiben esperientzia, Koopfabrika, Udalbiltza eta Konfekoop izan ditugu.
HerriBIZIgune Koop. S. irabazi asmorik gabeko kontsumo kooperatiba da, ekonomia sozial
eraldatzailearen filosofiaren baitan kokatzen dena. Gaur egun dituen 50 bazkideen ekarpen
ekonomikoaren bitartez osatu du bere kapital soziala eta ordaintzen den kuotaren bitartez
finantzatzen dira herritar guztientzat eta doan eskaintzen ditugun jarduerak.
Herri kooperatiba izatea herri gobernantza eredu bat da. Udalarekin batera ko-gobernantza
sustatzeko gogoeta egiten ari gara, Herri kooperatibaren bitartez Zizurkil bezalako herri batek

dituen beharrei nola erantzun hausnartuz. Hasita dagoen eta etengabe sakondu behar den
hausnarketa eta konpromisoa aurrera bideratzeko, Zizurkilgo Udala kooperatibaren partaidea da.
Baina zein da ko-gobernantzaren testuingurua? Hiru multzoren arteko erdigunea da ko-gobernantza:
-Publikoa: Herri Batzarra
-Komunitarioa: Soziokrazian oinarritutako antolakuntza
-Kooperatiboa: Onura soziala sortzen duen irabazi asmorik gabeko Herri kooperatiba gara eta bazkideok antolatu eta finantzatzen dugu herriBIZIgune Koop. S.-k duen jarduera.
Eskaintza, berriz, herri osoari zabaltzen da. Hau da, nahiz eta bazkide ez izan, kooperatibak
eskaintzen dituen jardueretan zein zerbitzuetan, Zizurkildarra izan ala ez izan, herritar orok aukera berdina du parte hartzeko.
Hona hemen herriBIZIgune koop. S. sustatzen eta aurrera eramaten dituen proiektuak:


● Elikadura sarea: astero inguruko ekoizleen produktuak eskuratzeko aukera dugu.
Ekoizleek beraiek zuzenean jarritako prezioan eskaintzen dizikiogu bazkideei.
● Eskuetatik eskuetara: hilean behin jartzen dugun zitan, herritarrok dugun jakintzan
oinarrituta, elkarri zerbait irakasten diogu.
● Zineforuma: hirugarren ostiraletan elkartzen gara zineaz gozatzeko eta elkarrekin
hausnartzeko.
● Euskal Herria ezagutzeko txango kulturalak: komunitatea indartzeko elkarrekin egin dugu
zenbait irteera. Horien artean, Lurramara joan ginen laborantza herrikoi eta iraunkorraren
azokara.
● Errigora: proiektua bera sustatzeaz gain, Errigoraren banaketa egin ohi dugu bertan.
Proiektuak, Nafar hegoaldeko produktuak banatuz, bertako euskalgintzari bultzada ematen
dio.
● Arropa trukaketa komunitarioa: Erabiltzen ez dugun arropari bigarren bizitza eman nahi
diogu eta horretarako txoko bat atondu dugu.


Hori guztiaz gain, urtean zehar formazio saioak, hitzaldi eta erakusketak ere egiten ditugu.
Herrigintzan ari gara eta guztion artean herri bizi eta bizigarri bat lortzea dugu helburu.
Beraz, komunitate bizi eta sendo bat eraiki dezagun. Herritar guztiak zarete ongi etorriak!!"

 

Gaurko udal plenura agertzeko asmoa azaldu zuten HerriBIZIguneko kideek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!